Prentsaren bidez jakin dugu Bizkaiko Foru Aldundiak ez duela Urberuaga, Ondarroa eta Lekeitio artean errepide berririk egingo, krisi ekonomikoa pasatu arte behintzat.

Batetik, notiziak penatu egin gaitu, hurrengo urteetan ere orain daukagun errepide eskasetik ibili beharko baikara atzera eta aurrera. Baina, bestetik, lasaitu ere egin gaitu, horrek errepide berri horri buruz eztabaidatzeko eta gogoeta egiteko denbora emango digulako.

Gure eskualdeko errepide nagusiak zahartuta daudela eta berritu egin behar direla eskualdeko herritar gehienok onartzen dugun begi-bistako zerbait da. Kontua da, ea zelan berritu behar diren errepide horiek.

Aldundian agintzen dutenek mapa hartu eta lerro bat markatu dute puntu batetik bestera. Puntu horien artean dauden “oztopo” orografiko guztiak tunelen eta zubien bitartez gainditzeko asmoa daukate errepide berria egiteko. Euren proiektuan ez dira kontuan hartu obra horrek sortzen dituen hondakin eta zarata piloa, txikitzen dituen akuiferoak, basoak, nekazal lurrak, errekak… Diputaziokoentzat baliabide naturalak oztopo bat baitira.

Guk ere errepide hori berritzea nahi dugu, baina gaur egungo trazatua erabilita eta konponduta, ahal den neurrian. Horrek obraren inpaktu ekologiko, sozial eta ekonomikoa asko gutxituko luke. Gainera, berritze hori inguruotako herritar eta baserritarren iritzia kontuan hartuta planifikatu beharko litzateke. Eta beti ere eskualdeko ikuspegia galdu barik, egiten ditugun joan-etorri gehienak eskualde barrukoak izaten dira eta.

Guk gure iritzia argi daukagu, eta herritarren artean zabaltzen ahaleginduko gara. Basoak, zelaiak, errekak eta akuiferoak apurtu beharrik ez dago. Gaur egungo errepidea konpondu, zabaldu eta hobetu behar da, errebueltak eta aldapak kenduta, baina bere trazatua ahalik eta gehien aprobetxatuta. Bizikletan ibili ahal izateko lekua ere egin behar da alboetan.

Eztabaida hasteko ordua da. Eztabaida horretan geure eskualdeko antolamendua zelakoa izan behar den erabaki behar dugu. Eta, garrantzitsuena, Diputazioak gure eskualdean hartzen diren erabakiak errespetatu beharko lituzke.

Gabonetan jaten dugunaren erdia janda, erosten dugunaren erdia erosita eta edaten dugunaren erdia edanda ere, ondo pasatuko genuke. Eta gure osasunak, boltsikoak eta lurrak eskertuko lukete.

Garrantzitsuena lagunekin egotea eta lagunekin egoteko denbora edukitzea da, gabonetan eta urte osoan.

Beraz, kontsumitu gutxiago, eta bizi hobeto!

Karraspio hondartza gainean egin nahi dituzten etxe eta parkinen aurrean, “Karraspio ez apurtu” eskatu dugu guk gaur Mendexan, eskualdeko hainbat alkate eta zinegotzirekin batera. Espekulazio eta negozio pribatuen aurrean, geure inguru naturala defendatuko dugu!

EGUZKI TALDE EKOLOGISTAK ONDARROAKO PORTUKO ISURKETEKIN AMAITZEKO NEURRI ZEHATZAK ESKATU DIZKIE PORTU ZUZENDARITZARI ETA SUSTAPEN MINISTERIOARI

Urte asko daramatzagu Ondarroako portuko uretan egoten den zikina salatzen. Duela urte batzuk, ehundaka sinadura batu genituen herrian, portua garbi mantentzeko eskatzen zutenak.

Ahalegin horiek guztiak eginda ere, gaur da eguna Ondarroako portuan ura zikinduta agertzen dena, eguna joan eta eguna etorri.

Behin baino gehiagotan egon gara itsas komandantziako ordezkariarekin, eta portua garbi mantentzeko eman diren pausuak azaldu izan dizkigu. Aurrerapausoak eman dira bai legalki eta baita jardueren aldetik ere, eta komandantziako ordezkariaren borondatea ere ona da.

Baina, hala ere, portuko urek zikinduta jarraitzen dute. Gure ustez hau bi arrazoirengatik gertatzen da: bata, ez delako bitarteko ekonomiko eta pertsonal nahikorik ipintzen isurketak zaintzeko. Bestetik, legeetan aurreikusten diren neurriak ez direlako nahikoak.

Horregatik, erakunde horiei neurri konkretu hauek ezartzeko eskatzen diogu:

- Itsasontzi batek gasoila hartu behar duenean, portuan lanean dauden zaindariak bertan egotea, zaintzen.
- Itsasontziek gasoila hartzeko erabiltzen dituzten mangerek topeak edukitzea, itsasontziko gasoil tankea betetzean denean gasoilak gainez egin ez dezan eta uretara eror ez dadin.
- Portuan kokatuta dagoen desguazeari tanke itxi bat egitea, gaur egun han sortzen diren zikinak zuzenean uretara joaten dira eta.
- Portuan agertzen diren isurietan laginak hartu eta aztertzea, isuritakoa zer den eta nondik etor daitekeen jakiteko.

Neurri hauen baliogarritasuna neurtu ahala, beste neurri batzuk hartzen joan beharko gara, historikoa bihurtu den arazo hau konpontzeko. Hori lortuz gero, herritarren osasunak eskertuko luke, eta portuaren irudia ere hobetuko litzateke.

Neurriok hartzeko bitarteko ekonomiko eta pertsonal guztiak ipiniko dituztela espero dugu. Guk horretarako lanean jarraituko dugu

Ondarroako Eguzki talde ekologista
2011ko abenduan

Azaroko lehen asteburua Artibai ibaiari begira pasatu dugu ondarrutarrok. Bi egun jarraian atertu barik egin du euria, eta ibaia oso hazita jaitsi da. Askotan errepikatzen den fenomenoa da hau, oso normala gurea bezalako leku euritsuetan. Eta normalena halako egoertara egokituta egotea izango litzateke, behin eta berriro errepikatzen direlako.

Euskal Herriko ipar isurialdea oso menditsua da, eta herri gehienak ibaien ondoan daude eraikiak, hauek direlako leku zabalenak. Baina ibai ondoko lautada horiek sarritan ibaiak hazteko eta gainez egiteko espazioak izaten dira, eta herria hor eraikita, arazoak egoten dira ibaia hazten denean.

Ondarroa ere ibaiari irabazitako lurren gainean dago eraikia. Horregatik, Artibai hazita jaisten denean, libre geratzen zaizkion azken espazioetan egiten du gainez. Alleriko paduran, adibidez.

Etorkizunean ere erreka askotan haziko dela kontuan edukita, Alleri bezalako espazio zabalak zaindu eta gordetzea oso garrantzitsua da, ibaiak bertan egingo duelako gainez. Ostera, paduran etxeak eraikita, ibaiari espazio gehiago jango genioke, eta uxolen arazoa handitu egingo genuke.

Oraindik ere politikari eta erakunde batzuk Allerin etxeak egin behar direla esaten entzuteak larritu egiten gaitu. Ez dira konturatzen zelako balio estrategiko eta ekologikoa daukan padurak? Euren interes pertsonal eta politikoak herriaren interesen aurretik ipintzen dituzte?

Zaindu dezagun padura, etorkizunean ere uxolei aurre egiteko. Etxebizitzaren arazoari herrian bertan eman behar diogu irteera, hutsik dauden ehunka etxeak beteta, eta padura bakean lagata!

Duela urte eta erdi Ondarroako araztegi berriak akatsak zituela eta itsasora ur zikina botatzen zuela salatu genuen. Egoera hori ez da aldatu, eta aurtengo udan kostaldeko haitzetara hurbildu direnek nabaritu dute ur zikina eta usain txarra.

Ur Partzuergoarekin kontaktuan jarri gara, eta araztegiarekin arazoak dituztela onartu digute berriro ere (ikusi atxikitako dokumentua).

Gertatzen dena hauxe da: araztegiak etxe eta enpresetako ur zikinak jaso eta bi tratamendutatik pasatzen ditu. Lehenengo tratamenduan ur horretan dauden objetuak kentzen dituzte mekanikoki. Bigarren tratamenduan uretako zikin organikoak garbitzen dituzte, biologikoki, bakterioen bidez. Behin ura garbituta, itsasora botatzen dute.

Baina ura jasotzeko herri barruko hodi asko zulatuta daude, eta filtrazioak dituzte. Horregatik, marea biziak daudenean, errekako ur gazia sartzen da bertatik. Araztegira ur gazia heltzen bada, honi tratamendu mekanikoa egiten diote, baina tratamendu biologikorik ezin izaten diote egin, ura garbitzen duten bakterioak hil egiten baitira ur gaziarekin.

Orduan, ur gazi zikin hori tanke huts batera botatzen dute. Eta tanke hori betetzen denean, ur zikina itsasora botatzen dute. Hori da usain txarren arrazoia ere, tankeetan batutako ur zikina. Urte eta erdian, araztegira heldu den ur zikinen %14 itsasora bota dute zuzenean.

Ur Partzuergoa inposatu egin zitzaigun ondarrutarroi, araztegia kudeatzeko beharrezkoa zela esanda. Aitzakia horrekin, uraren faktura garestitu ziguten. Egoera zein den ikusita, Ur Partzuergoari eskatzen diogu negozio pribatua egin ordez, araztegiaren akats horiek ahalik eta azkarren konpontzeko, horretarako behar diren bitarteko teknologiko eta ekonomiko guztiak ipinita.

Eguzkik Mutrikuko itsas energia instalazioen gaurko inaugurazioari buruzko iritzia eman nahi du, gertakari honek sentsazio kontrajarriak sortzen baitizkigu.

- Hasteko, positiboa iruditzen zaigu olatuen indarra energia berriztagarri lez erabiltzea. Pauso txiki bat da -instalazioak 660.000 kWh sortzen baititu urtean, denbora horretan 600 pertsonak kontsumitzen dutena, hain zuzen ere – baina bide zuzena iruditzen zaigu.

 - Halako instalazioak dikeak eginda dauden lekuetan ipini beharko lirateke (Santurtzin, Bermeon, Orion, Hondarribian…), baldintza teknikoek ahalbidetzen duten heinean, beti ere. Izan ere, ez dugu uste instalazio mota hauek asko heda daitezkeenik euskal kostaldeko 200 kilometro eskasetan, nahiz eta proiektu honen bultzatzaileek bestelakorik esan.

- Hori bai, ezin ditugu halako instalazioak erabili ingurumenarentzako kaltegarriak diren obrak justifikatzeko. Hainbeste eztabaida sortu duen Mutrikuko dikea justifikatzeko, adibidez. Energi azpiegitura honek ez du justifikatzen Mutrikun egin den obra guztia.

- BIMEP proiektua dela eta, berriro ere moratoria bat eskatu nahi dugu, oraindik ez baita aztertu halako azpiegiturek itsas ingurumenean duten eragina. Baliteke eraikuntzan erabiltzen den produkturen bat kaltegarria izatea, adibidez. Gainera, uste dugu azpiegitura hauen erabilera ez datorrela bat itsasoan 12 miliak babestearen aldeko proposamenarekin. BIMEPen kasuan, bere kokapena guztiz gaitzesten dugu.

- Agian, egunen baten, gure instituzioek gure energia produkzio moduei buruzko eztabaida hasi eta bultzatzeko duintasun nahikoa edukiko dute, eta gutxieneko akordioetara heltzen ahaleginduko dira, inposaketak albo batera lagata. Momentuz inposaketak besterik ez ditugu ikusten: Boroako zentral termikoa, Muskizeko Coke instalazioa, mendiak errotaz betetzen…

Behar-beharrezkoak dira eztabaidak eta erabaki onak, geure lurrak eskatzen digu.

Ondarroako gestorak zementuan inbertitu du azken 4 urteotan. Diru publikoa enpresa pribatuen onurarako erabili du. Bitartean, Ondarroak gabezia gero eta handiagoak dauzka kulturan, osasunean, kirolean…

Seguir

Get every new post delivered to your Inbox.