Ondarroan bizikletagaz? Zoratuta zaude ala?

Itxura denez, egun hauetako batean erabakiko du Ondarroako Gestorak zein enpresak egingo duen herri barruko urbanizazio lanen azken fasea. Eta, zelan ez, autoen neurrira egindako birmoldaketa izango da hau ere, oraingo honetan ere ez baitira kontuan izango bizikleta erabiltzaileon beharrak.

Bizikleta erabiltzen duen edozein ondarrutarrek badaki herrian lehendik zeuden oztopoak gehitu egin direla azken urteetan Udalak burutu duen herri barruko urbanizazioarekin, Erribera kalean eta San Ignacion norabide bakarreko bidea ipini zutenetik ezinezkoa baita bizikletan Artabidetik Kamiñazpira herri barrutik joatea.

Gure herriak jasangarriagoak egin nahi baditugu, ezinbestekoa da herri barruko zirkulazioan oinezkoei eta bizikletei lehentasuna ematea, eta autoei oztopoak ugaritzea, jendeak mugitzeko eredu garbienak aukera ditzan. Inguruko herri askotan horrela egiten da.

Itxura denez, Ondarroako urbanismoa zelakoa izango den erabakitzen dutenek ez dute bizikletarik hartzen, eta, beraz, ez dakite zeintzuk diren bizikleta erabiltzaileok dauzkagun burukominak. Halere, arazoa estrukturalagoa da. Herritarren baimenik gabe eta herritarren hitza entzun gabe dabilen Udal Gestora batek normala da herritarren beharrizanei ez erantzutea. Adibidez, guk eta beste herritar askok iritziak plazaratzeko erabiltzen genuen Udal Ingurumen lan-talde irekia ez da batu EAJ (bere alderdi adiskideen laguntzarekin) Udalean dagoenetik. Beste adibide bat: garraiobide jasangarrien aldeko muralak margotu ditugunean, Udaleko langileek (goikoek aginduta) egun gutxira pintura grisarekin ezabatu dituzte, eta udan ipini ditugun panelak egun batetik bestera kendu dizkigute, inoiz baino arinago. Argi dago komunikazio sareak moztu eta ahots disidenteak isilarazten dabiltzala.

sin-titulo11

Egoera honetan, EAJk ez daki (eta ez du jakin nahi) zeintzuk diren herritar askok ekologia arloan (eta beste arlo askotan) dauzkagun kezkak eta beharrizanak. Eta horrelaxe egiten ditu egiten dituen txapuzak! Beraien kontu korronteetarako oso onuragarriak diren txapuzak, dena esan behar bada!

Hasieran aipatutako arazora bueltatuz, herri barrua peatonalizatu eta oinezkoentzat eta bizikletentzat berreskuratu beharra da-go! Herri barrua herritarrentzat, eta ez herritarren autoentzat!

Anuncios