Garoñako zentrala, herrien itzala

Ingurumena Bihar Gasteizko manifestazioan parte hartzeko deia egin die Eguzkik herritarrei.

Asier alkorta

garonaezeskerrikasko1

Bihar, azaroak 1, Garoñako zentral nuklearraren aurka Gasteizen egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin du Eguzkik. Manifestaldia 19:00etan hasiko da, Andra Mari Zuriaren plazan; jendearen parte-hartzea beharrezkotzat jo du talde ekologistak.

Garoñako zentral nuklearraren itxiera exijitzeko asmoz, lagun asko batzea espero dute talde ekologistek. «Zentral nuklear baten bizi iraupena 25 urtekoa da, eta Garoñakoak 39 beteko ditu 2009ko ekainean; data horretan amaitzen da baita ere gobernuak zentrala zarratzeko Nuclenorri emandako epea».

Ekologistentzat eztabaida unea agortu da, eta ondorioz, Espainiako Gobernuak zentralaren etorkizuna zehaztuko duen erabaki bat noiz hartuko zain daude.

Zentralik zaharrena, berton

«Garoña zikina, arriskutsua eta kutsagarria da, eta milaka urtean bere hondakinak lur azalean geratzen dira. Pertsonentzat ere oso kaltegarria da», azaldu du Eguzkik. Bide beretik, uda honetan Garoñan izandako geldialdiak azaleratu ditu talde ekologistak. «Zentral nuklearretan gertatzen diren istripuen aurrean gure kezka azaldu nahi dugu».

Estatu mailan existitzen diren zentralen artean, Garoñakoa zaharrena da. Bide horretatik, berak eragiten duen arriskua ez dela potentziala gaineratu du Eguzkik. «Arriskua erreala da. Chernovileko zentralak zuen teknologia berbera dauka Garoñak, eta erreaktore nagusiak, hainbeste arrakala ditu. Cheernovileko istripua gertatu zenean, 90 kilometroko esparrua hustu zen, eta oraindik orain hutsik jarraitzen du.

Gaur egun, Garoñan horrelako zer edo zer gertatuko balitz, Lea-Artibai eskualdea zentraletik distantzia horretara dago, eta, beraz, ondorioak nabariak izango ziren berton».

Ezbehar baten aurrean sor daitezkeen ondorio latzak azpimarratzeaz gain, Eguzkik Garoñak ustez Ebro ibaira isuritako isotopo erradioaktiboak ere aipatu ditu. «Gas nobleen isuriari dagokionez, Garoñak %60an pasatzen ditu legeak ezarritako neurriak».

«Guztion indarra behar da»

Eguzkikoen aburuz, erradioaktibitateak ez dauka mugarik, eta ondorioz, «halabeharrez, zentralaren itxiera behin eta berriz eskatu behar da».

Arrazoi horiek medio, ozen bezain gogor, Eguzkik herritar guztiei Gasteizko manifestazioan parte hartzeko deia egin die. «Guztion indarra beharrezkoa da zentrala zarratzeko». Gutxi batzuen lanagaz ez ezik, denen artean Garoña ixtea posible dela esan du talde ekologistak.

Erradioaktibitate handia, ezbehar bat gertatzeko arriskua eta ingurugiroa deuseztatzeko gaitasuna. Osagarri horiekin aurkezten du Eguzkik Garoña. «Zentral nuklearrak inguruko herriei mehatxu egiten die; Garoñako zentrala, herrien itzala bilakatzen da, eta ondorioz, harik eta arinen itxi behar da», diote.

http://ondarroa.hitza.info/paperekoa/2008-10-31/p00008002/Garo%C3%B1ako_zentrala_herrien_itzala.htm

Anuncios