Euskal  zein espainiar instituzioek, euskal arrantza sektorea baztertua daukate, abandonatua. Eta instituzio horiek zerbait erabakitzen dutenean, arrantzale, ekologista, zientzilari eta beste hainbat herritarrek eskatzen dutenaren kontrako erabakiak izaten dira.
Erabaki txar horiek izan dira antxoa bezalako espezieak galzorian ipini dituztenak. Eta espezie horien ondoren, orain beste espezie batzuk desgertaraztera goaz: hegaluzea, berdela, legatza…
Arrantzu hauek duela urte batzuk egon ziren egoera kaskarrean ez badaude ere, egun hauetan beste arazo bati egin behar izan diote aurre: Euskal Herriko Hegoaldeko portuetan aurreko asteetan legatz “pescadilla” kiloa 0’12 eurotan saldu da, edota 0’20 eurotan tamaina ederreko berdel kiloa, nahiz eta gero berdel hau 4 eurotan saldu den arraindegietan. Prezio zentzugabe hauek ekar dezaketen ondorio bat gure kalak gero eta gehiago uztiatzea da, ahalik eta produktu gehien arrantzatu eta saldu ahal izateko.

Egoera honi buelta emateko, honako irtenbideak exijitzen ditugu, besteak beste: gure portuetan oraindik indarrean dagoen “behetikako salmentaren” abolizioa, eskariaren arabera prezio batzuk edo besteak ezartzen baitira, irabaziak produktorearen esku utziko dituen merkaturatze eredu baten oinarriak ipintzea oztopatuz, eta ontzien errentagarritasuna kolokan jarriz.

Era berean, arrantzatik salmentaraino eskua sartzea ekidin behar da ahal den neurrian, arrantzaleak burututako esfortzuari errentagarritasunik handiena ateratzeko. Zentzu horretan, arrantzaleak bere enpresaren kudeaketan eta irabazietan duen parte hartzea ere handitzeko pausoak eman behar dira, aberastasun banaketa desorekatua den bitartean uztiaketa masiboak iraun egingo baitu.

Horretaz gain arrantza sektorea berritu eta dibertsifikatu egin behar da, eta balio erantsi gehiago duten produktuak lortzeko lan egin.

Helburua ez baita gehiago arrantzatzea, hobeto arrantzatzea baino. Horretarako, orain arteko arrantza ereduekin jarraitu beharko dugu, baina lan sistemak gehiago mekanizatuz. Ontzi guztietan arrantza eredu espezializatu eta aukeratzaileak orokortuz, metodo guztiak arrazionalki erabiliz (izan ere, zerkoa bezalako arrantza mota tradizionala ere oso arpilatzailea izan baitaiteke egungo teknologiarekin), metodo hauek ateraketa egingo den lekura egokituz, debeku guneak ezarriz (haztegietan arrantzatzea debekatuz, adibidez), itsasontzien porturatzea zorrotz kontrolatuz, kutsadura desagerraraziz… pauso hauekin bakarrik has daitezke kalak berreskuratzen.

Horren ordez, gaur egungo kudeaketa txarrarekin jarraitzen badugu, itsas ekosistemen eta arrantzaren beraren etorkizunak kolokan egoten jarraituko du. Eta ez hori bakarrik. Arrantzak gaur egungo krisi ekonomikoak gure herrietan utziko dituen ondorio sozio-ekonomikoak leuntzeko daukan potentzialitatea ere ez da aprobetxatuko.

Gure itsasoa defenda dezagun!

Anuncios