Herri honetan urteak daramatzagu arrantza-sektoreko arduradunei (teknikari, politikari zein kofradietako ordezkariei) entzuten nolako kalteak eragiten dituzten arrasteko arrantzak, arrantza-ontzi frantsesen gehiegikeriak, edota profesionalak ez diren arrantzaleak?. Arrantza modu ezberdinak nahastean, batzuek eta besteek egiten dituzten kalteak parekatzen omen dira, horrela baxurako arrantza kaltetuz.

Baxurako arrantza artisau erako arrantza bezala definitu izan da, eta horrek begirunea ez ezik, euren jardueraren defentsa eragin du iritzi publikoan. Baina, gaur egun arrantza-ontzi horiek dituzten baliabide teknikoak, eta erabiltzen dituzten sareak zein arrantza-moduak kontuan izanda, baxurako arrantza-ontzi guztiak artisau erako arrantza egiten dutela onar al daiteke?. Gure iritziz ez. Baxurako arrantzan badira artisau erako arrantza egiten jarraitzen dutenak, baina, definizio hori merezi ez duen arte motekin arrantzan ari diren faktoriarik ere bada gure itsasoan. Noiz arte onartu behar dugu egia bere osotasunean ez azaltzea?

Arrantza sektorearen egoera kaxkarra da jarduera honen gehiegikeriak estaltzeko sektorearen arduradunek erabiltzen duten beste arrazoia. Baina, zein da egoera honen arduradun nagusia? Gehiegizko arrantzak ez al du zerikusirik izan salerosiak izan diren arrainen biomasaren gutxipenean? Sektore horren erregulazio faltak ez al du zerikusirik arrantzale gazteen erreleborik ez egotean? Nork du arrainak portuan duela 25 urteko prezioa izatearen ardura, arrandegian gaurkotutako prezioa duenean? Galdera hauen erantzunak balio behar luke, sikiera, gure agintarien eta sektore horren arduradunen diskurtso demagogikoa isiltzeko. Natur taldeen ordezkariak garenon aldetik natur baliabideen defentsa da gure jarduna, eta horrek eramaten gaitu behin eta berriz sektore horrekiko ikuspegia aldatu beharra dagoela aldarrikatzera. Azken urteotan bioaniztasunaren kontserbazioaren ikuspegitik itsasoari begira bizi garenontzat jasen ezina da arrantza-jardueraren eragina. Sektore horrekiko dagoen isiltasunaren eta erregulazio ezaren eraginez datuak lortzea ia ezinezkoa bazaigu ere, azken urteotako antxoaren gorabeherak edo Motxo itsasontziaren gertaera adibide garbiak dira arrantza-jarduerak kontrol zorrotzagoa eta erregulazioa berriak behar dituela eskatzeko.

Arrantza-jarduera arautzen duen legedia zabala da, eta zenbait gaietan oso zehatza. Baina, ez da betearazten. Ikuskatzaileak falta direlako? Arrantzaleek informaziorik ez dutelako? Dei egiten diogu administrazioari egoera negargarri honekin bukatu eta araudia betetzeko beharrezko baliabideak jartzeko. Bestetik, argi daukagu azken urteotan salerosi diren eta ez diren espezieen biomasaren gutxipenaren eragileetako bat gehiegizko arrantza izan dela. Honen aurrean, neurri berriak eta potoloak hartu behar direla uste dugu.

Gure iritziz momentuz Ondarroako Agirian aurkeztutako bidea da alternatiba egokiena: hamabi miliatan artisau erako arrantza bakarrik onartzea, baxurakoa erregulatuz eta arraste erakoa erabat debekatuz. Hamabi miliako eremu horretan arrantza-jarduera mugatzeak bertako bizidunenganako zein ekosistemenganako presioa gutxituko luke. Horrela, biomasak ez ezik, betidanik arrantzaleek ustiatu dituzten kalak errekuperatuko lirateke, eta agian, kontserbazioaren eta arrantzaren arteko oreka baimenduko duen egoerara irits gintezke? Europa osoan bezala, gure Kantauri Itsasoan ere babestutako eremuak behar ditugu, eta zenbat eta lehenago lortu, orduan eta etorkizun hobea izango du arrantzak.

Ez da itsasoko bioaniztasuna arriskuan dagoen bakarra, sektore horren etorkizuna ere kinka larrian dago eta iritsi da ardurak eskatzeko garaia.Itsasoko natur baliabideen defentsan, administrazioari arrantza-jardueraren kontrol zorrotzagoa eta erregulazio eraginkorragoa gauzatzea eskatzen diogu, arrantza guztionak diren baliabideak ustiatzen dituen jarduera izateaz gain, diru publikoarekin lagundu eta eraberritutako sektorea baita.

Sinatzaileak:

Ondarroa 12 mila ekimena

Arkamurka Natur Elkartea (Zarautz)

Zumaiako Natur Taldea

Debako Natur Taldea

Mutrikuko Natur Taldea

Ekozain Natur Taldea (Markina)

Eguzki

http://www.ondarroa12.org/

Anuncios