Eskubideak ez dira zotz egiten!

Ondarroako Udalak lortu du, azkenean ere, Kamiñaldeko 34 etxebizitza tasatuak zozketatzea. Horretarako, etxe hauen prezioa jaitsi behar izan du, aurretik eskatzen zuen diru kopuruarekin ez baitzuen eroslerik lortzen. Horren aurrean, Eguzkik zera adierazten du:

1 – Udalak 4 urte hauetan ez die herritarren beharrei erantzun. Urtarrilean Kofradian egin zen zozketan 246 pertsonek parte hartu zuten, eta horrek erakusten du jendeak etxe beharra daukala. Dena dela, etxe hori lortzeko zailtasun ekonomiko handiak ere badauzka, orain arte etxe tasatuek izan duten prezio altuarekin 246 pertsona horiek ez baitira zozketara aurkeztu. Udalaren politika ez dator bat herritarren beharrekin.

Eta gainera, Udalak bankuen menpe utzi ditu herritarrak: bankuen interesen arabera lortuko baitute herritar horiek kreditu bat, eta kreditu hori lortzen ez badute ez dute etxerik izango. Kreditua lortuta ere, urte luzeetarako bankuei lotuta geratuko dira, hilabetero komisio handiak ordainduz.

2 – Udalak azaldu beharko du zergatik ipini zien hain prezio altua etxe tasatuei, eta zergatik jaitsi duen kopuru hori orain. Izan ere, Udalaren jokaldi honek hipoteka handiekin laga ditu etxea aurreko prezio altuarekin erosi zuten pilo bat ondarrutar.

Akaso etxe tasatu horiek egitean konstruktorek eskatutako dirutza guztia erosleek ordaintzea nahi zuen, nahiz eta jakin Ondarroan etxea behar dutenak maila ekonomiko baxuenekoak direla? Ala, akaso, Udalak bere poltsikorako dirua eskuratu nahi zuen etxe horien erosleen kontura?

Dena dela, argi dago Udalak ahalik eta diru publiko gutxien gastatu nahi izan duela etxe horien finantziazioan, eta nahiago izan duela beste obra batzutan inbertitu (zubietan, lorategietan, leku berdina behin eta berriro asfaltatzen…). Horrela, herritarrok bi aldiz ordaintzen diegu eraikuntzan ari diren enpresei: geure etxea ordaintzerakoan eta geure zergekin behar ez ditugun obrak finantziatzerakoan.

3 – Zentzugabea iruditzen zaigu Kamiñaldeko etxe tasatuak ezin salduta ibili eta gero, Udalak Alleriko etxeen plana defendatzen jarraitzea, han egin nahi dituen etxe gehienak tasatuak izango baitira, eta Kamiñaldekoek eduki dituzten prezio altuak edukiko baitituzte.

4 – Gogor salatu behar da, Ondarroak etxebizitzekin daukan arazo handiaren aurrean, herrian orube batzuk eraikitzaile pribatuen eskuetan egotea, eta eraikitzaile hauen interesengatik orube horiek hutsik egotea. Antzosoloko etxeen kasua dugu hau. Salatu behar da, baita ere, herrian dauden etxebizitza huts guztiekin, udalak ez duela ezer egiten etxe horien erabilpena bultzatzeko.

Argi dago zeintzuk diren herri batetan etxebizitza arazoak konpontzeko bideak: alokairu publikoa bultzatzea, jendea hipoteken esklabutzatik askatzeko eta alokairuen ordainketak gizarte politikan inbertitzeko; etxe hutsen gaineko politika zorrotzak, hauek alokairuan ipintzea lortzeko; herriko orube garrantzitsuenak udalaren esku egotea… horretarako, baina, Udala ezin da egon konstruktoren interesen menpe. Eta, zoritxarrez, horixe da Ondarroan gertatzen zaiguna.

Anuncios