AHTarekin zerikusia daukan edozer kriminalizatzen jarraitzen dute. Ez zaie interesatzen herritarrek informazioa eduki dezaten, jendeak protesta egin dezan halako proiektu txikitzaile baten kontra. Eurek beti arrazoia daukate, indarraren arrazoia. Ez daukate beste argudiorik gu konbentzitzeko. Beti esan izan dugu, ondo informatutako pertsonak AHTaren Kontra posizionatzen direla. Eta horixe da jasan ezin dutena, jendea informatzea. Horrexegatik, urte hauetan guztietan, ia komunikabide gehienak kontrolatu dituzte, oposizioa isilarazteko, eta guztiok dirutik milloiak gastatu dituzte euren aldeko propaganada egiteko.

Martxak eta manifestazioak erreprimitu dituzte, pelotazoka, eta erasotuak erasotzaile bihurtu dituzte salaketa judizialen bitartez. Hamaika atxilotu, iraindu….

Erresistentzia baketsu guztia kriminalizatu egin da. Kateekin lotzea, autobus batetara igotzea, kartelak ipintzea, pintadak egitea geure lurra defendatuz… denak ekintza kriminal lez hartu dituzte.

Urtarrilaren 28an Audientzia Nazionalean AHTaren kontrako hiru ekintzaile epaitu dituzte ustez (ez baitago frogarik) Bilboko tranbian pintada bat egiteagatik. 3 urteko kartzela zigorra eskatu dute eurentzako, 9 urteko ezgaitze osoa, eta milaka euro indemnizazio bakoitzari.

EGUZKIK bere babes eta maitasun guztia adierazten die atxilotu eta epaitu horiei, eta baita beste guztiei ere.

Ostera, politiko korruptoentzat, bankarientzat eta trena eraiki behar duten enpresentzat geure mespretxu guztia. Eta argi esaten diegu, ordezkatu nahi duten herriaren zati eder bat EZ DUTELA KONBENTZITUKO! EZ GAITUZTELA KONBENTZITUKO!

 

Anuncios