Garoña itxi. Japoniako istripu nuklearrak etxe alboan daukagun lapiko nuklearraren arriskuez ohartu gaitu berriro. Garoñako zentral nuklearra ixtea behar-beharrezkoa da, teknologia zaharkitua daukalako, eta akats eta aje asko izan dituelako aspaldian. Ezbeharrik txikienak ondorio larriak izan ditzake. Eta gure eskualdea zentraletik 90 kilometrora dago. Ezbehar bat gertatuz gero, denok ospa egin beharko genuke hemendik.

Nuklearrik ez! Egun hauetan nuklearren aldekoek ideia bat zabaldu dute, ‘Japoniako arazoa ez da izan zentral nuklearra bera, kanpoko faktoreek eragin dioten kaltea baino’. Guk buelta ematen diogu adierazpen horri, ‘kanpoko faktoreak aurreikusten zailak izan daitezkeenez, itxi ditzagun zentral nuklear arriskutsuak’.

Historiara begiratuta, argi dago etorkizunean ere kontrolatu ezin ditugun faktoreei eta gertakariei aurre egin beharko diegula (giza akatsak, hondamen naturalak, erasoak…). Hori horrela, onena arrisku hori aurreikusi eta inguruan ditugun zentral nuklearrak ixtea da. Orain arte sortutako hondakin nuklearrak zaintzearekin ere nahikoa lan izango dugu.

Energia berriztagarrien alde. Haize errota bat gelditzen denean, ez da larrialdi egoerarik sortzen. Eguzki plaka bat izorratzen denean, ez da inor hiltzen. Energia berriztagarriek ez dute kutsatzen eta ez dute gure bizitza arriskuan ipintzen. Beraz, beharrezkoa da energia berriztagarriekin bakarrik biziko garen garaira trantsizioa hastea. Horretarako geure energia kontsumoa ere mugatu beharko dugu, geure bizi erritmoa ere apaldu beharko dugu. Osasunak bi aldiz eskertuko digu: arrisku erradioaktiborik edukiko ez dugulako eta lasaiago biziko garelako. Izan ere, energia iturriak ondo bizitzeko behar ditugu, eta ez geure bizia arriskuan ipintzeko.

Anuncios