Lea Artibaiko Eguzki talde ekologistakooi Mendexako Vista Alegre gunean etxeak egitea zentzugabea iruditzen zaigu, arrazoi askogatik.

Hasteko, 28 etxebizitza eta 125 autorentzako parkinga eginez gero, inguru horrek eragin ekologiko eta paisajistiko kaltegarria jasango du. Eta auto gehiago erakarriko ditu lehendik ere saturatuta dagoen leku batera. Hori udalak aparkalekua egiten badu, ze orain arte argi dagoen bakarra da etxeak egingo direla. Aparkalekua egitea “aukera” bat da bakarrik.

Gainera, Mendexan ez dago etxebizitza gehiagoren beharrik, ezta Lekeition ere, hemen ehunka etxe baitaude hutsik, eta gehiago eraikitzeko proiektuak. Etxe huts horiek ondo kudeatu eta banatu behar dira. Gainera, kokapena ikusita, Vista Alegrekoak etxebizitza elitistak izango dira, bigarren etxe lez ibiliko direnak.

Horretaz gain, obra egin ondoren, etxe hauek Lekeitioko beste errepideekin lotzeko obrak egin beharko lirateke, eta kalte ekologikoa handiagoa litzateke oraindik ere. Eta ezin dugu ahaztu Lea ibaia ere hortxe bertan dagoela, eta Interes Komunitarioko Leku izendatua dagoela.

Obra hau egin nahi dutenek diote eraikinen ondoan parke bat atonduko dutela, eta hau Mendexaren birika berdea izango dela, Mendexak bestela ere baso eta zelairik izango ez balu bezala! Argi dago etxebizitza hauek egitearen atzean dagoen interes bakarra kostaldeko leku pribilejiatu batean espekulatu eta negozioa egitea dela.

Mendexaren etxebizitza politika oso kaltegarria da ingurumenarentzat eta herriaren biziarentzat: txaletak egin dituzte herrigunean eta etxeak egin nahi dituzte kostaldean. Baina bultzatu behar diren hiriak bestelakoak dira: herriguneak ahalik eta gehien aprobetxatu behar dira, dentsitate handiko etxeak eta auzoak eginda, inguru naturalak ahalik eta gutxien urbanizatzeko eta zerbitzuak herritar guztien esku egoteko. Eta kostaldea bakean laga behar da!

Ez da harritzekoa Vista Alegreko jabeek (obraren bultzatzaileek) negozioa egin nahi izatea. Gogorra dena da Mendexako udal gestorako politikariek negozio horretan parte hartzea, horretarako herriko arau subsidiarioak aldatuta.

Zoritxarrez, ez da gure eskualdeko kostaldean egin nahi den lehenengo negozio urbanistikoa! Azken aldian zementoak leku gehiegi hartu du gure haitz eta hondartzetan!

Vista Alegren egin behar dena dagoen gune berdea berreskuratzea da, eta ez gehiago degradatu eraikin berriak eta aparkalekua eraikita.

Eta Mendexako herritarrek zer nahi duten jakiteko, egin dezatela gestorakoek herri kontsulta lotesle bat maiatzeko hauteskundeetan. Orduan jakingo da bene-benetan proiektu hori herritarren intereserako den ala ez!

Lea-Artibaiko Eguzki.

Anuncios