Duela urte eta erdi Ondarroako araztegi berriak akatsak zituela eta itsasora ur zikina botatzen zuela salatu genuen. Egoera hori ez da aldatu, eta aurtengo udan kostaldeko haitzetara hurbildu direnek nabaritu dute ur zikina eta usain txarra.

Ur Partzuergoarekin kontaktuan jarri gara, eta araztegiarekin arazoak dituztela onartu digute berriro ere (ikusi atxikitako dokumentua).

Gertatzen dena hauxe da: araztegiak etxe eta enpresetako ur zikinak jaso eta bi tratamendutatik pasatzen ditu. Lehenengo tratamenduan ur horretan dauden objetuak kentzen dituzte mekanikoki. Bigarren tratamenduan uretako zikin organikoak garbitzen dituzte, biologikoki, bakterioen bidez. Behin ura garbituta, itsasora botatzen dute.

Baina ura jasotzeko herri barruko hodi asko zulatuta daude, eta filtrazioak dituzte. Horregatik, marea biziak daudenean, errekako ur gazia sartzen da bertatik. Araztegira ur gazia heltzen bada, honi tratamendu mekanikoa egiten diote, baina tratamendu biologikorik ezin izaten diote egin, ura garbitzen duten bakterioak hil egiten baitira ur gaziarekin.

Orduan, ur gazi zikin hori tanke huts batera botatzen dute. Eta tanke hori betetzen denean, ur zikina itsasora botatzen dute. Hori da usain txarren arrazoia ere, tankeetan batutako ur zikina. Urte eta erdian, araztegira heldu den ur zikinen %14 itsasora bota dute zuzenean.

Ur Partzuergoa inposatu egin zitzaigun ondarrutarroi, araztegia kudeatzeko beharrezkoa zela esanda. Aitzakia horrekin, uraren faktura garestitu ziguten. Egoera zein den ikusita, Ur Partzuergoari eskatzen diogu negozio pribatua egin ordez, araztegiaren akats horiek ahalik eta azkarren konpontzeko, horretarako behar diren bitarteko teknologiko eta ekonomiko guztiak ipinita.

Anuncios