Astelehenean beste isurketa bat egon zen Ondarroako portuan. Uretara botatako gasoila hondartzara heldu zen, eta bandera gorria ipini behar izan zuten, jendeak bainurik ez hartzeko. Ondarrutarren osasunaren kontrako beste eraso gogor bat izan da hau, baita geure ibaiaren kontrakoa. Oraingoan ere inork ez du ordainduko?

Gainera, ez da aurtengo udan egon den lehen isurketa. Duela pare bat aste ere bandera horia ipini zuten hondartzan, beste isurketa bat ailegatu zelako hondarrera. Aurreko astean arrainak hilda agertu ziren ibaian. Eta herritar batek argazki bat bidali zigun, barku bat uretara bits zuria botatzen erakusten zuena…

Portuko egoera benetan larria da. Txalupek lasai-lasai produktu toxikoak botatzen dituzte uretara, eta ez dute sekula isunik ordaintzen. Portuko agintariek beste aldera begiratzen dute beti. Eta argi dago ez dutela ikusten, ez dutelako ikusi nahi, eta ez ezin dutelako ikusi.

Duela hiru-lau urte, kartel batzuk ipini genituen portuan, isurketen kontra. Hurrengo egunean, portuko zuzendariak salatu egin gintuen, kamarekin grabatu gintuelako kartelak ipini bitartean. Portuko kamerek kartelak ipintzen ari diren herritar batzuk grabatzeko ahalmena badute, zergatik ez dituzte sekula grabatzen isurketak egiten dituzten txalupak? Ala portuko zuzendaritzak grabatutakoa ezabatu egiten du? Egoera benetan da larria: portua zaindu behar duten arduradun politikoek isurketak gertatzeko aukera eskaintzen dute.

Duela aste batzuk herritarrei eskatu genien portuko isurketei argazkiak atera eta guri bidaltzeko. Jada jaso dugu argazki bat, eta salaketa ere sartu dugu. Bide horretartik jarraitu behar dugu ondarrutarrok: argazkiak atera eta salaketak sartu, isurketak egiten dituztenak identifikatu arte. Eta portuko arduradunen lotsagabekeria eta ardura falta salatzen ere jarraitu behar dugu. Ez dagoelako eskubiderik portuan gertatzen direnak gertatzeko.

Isurketaren bat ikusten baduzue, atera argazkia eta bidali hona: eguzkileartibai@gmail.com

Anuncios