Ondarroako udalak isurketen inguruan sartu dugun mozioa onartu du plenoan. Mozio horretan uda honetan gertatu diren isurketen inguruan informazioa eskatzen dugu, besteak beste. Bilduko 9 zinegotziek bozkatu dute alde; PNVko 2ak, abstenitu egin dira.

Hauxe da mozioaren testua:

MOZIOA: EGUZKI TALDE EKOLOGISTAK ONDARROAKO IBAIAN EGOTEN DIREN ISURKETEI AURRE EGITEKO ESKATZEN DIO ONDARROAKO UDALARI

Ondarroako ibaiaren kalitatea asko hobetu da azkenengo urteetan, batez ere etxeetako ur zikina ur araztegira bideratu direlako. Hala ere, urtea joan eta urtea etorri, errekara egindako isurketak behin eta berriro errepikatzen dira. Horren erakusle da datu hau: 2012ko udan Arrigorri hondartzan bainua debekatu behar izan da behin baino gehiagotan, portutik eta ibaitik kutsadura ailegatu delako bertara.

Uste dugu arazo honek gure ingurumena eta herritarren osasuna kaltetzen dituela, eta konpondu beharreko gaia dela. Horregatik, Ondarroako udalari pauso hauek emateko eskatzen diogu.

Portuan egoten diren isurketen kasuan eskari hauek egiteko Portu Agintaritzari:

–        Informazioa eskatzea udan txalupa bati isurketa bat egiteagatik ipinitako isunaren inguruan. Ea tramitazio hori nola dagoen.

–        Txalupek gasoila hartzen dutenean portuko zaindari bat bertan presente egoteko eskatzea

–        Txalopen desguazearen egoera legalaz galdetzea: zelako baimenak dituen enpresak; desguazeko arlanpak legea batetzen al duen; zergatik egiten diren desguaze batzuk uraren gainean eta tingloi ondoko erregai biltegien aurrean.

Saturrarango errekatik ateratzen den ur zikinaren inguruan, galdera hauek egiteko Mutrikuko Udalari:

–        Ea zein egoeratan dagoen Mijoako araztegia.

–        Ea informaziorik edo tramitaziorik baduten udan egondako isurketen inguruan, eta ea isurketa horiek egin dituztenen berri baduten.

Astilleruko kirol portuko arlanpan egiten diren isurketen inguruan, eskari hauek egiteko Antiguako Ama Itsas Elkarteari:

–        Arlanpan pinturarik ez botatzeko uretara, eta txalopen pinturarik ez kentzeko presiozko ur txorrotadekin

–        Bestelako gai toxiko eta kutsatzailerik ere ez botatzeko ibaira

Berriatuko udalari ere informazio hau eskatzea nahi dugu:

–        Zein egoeratan dagoen Berriatuko ur zikinen sarea, eta bereziki ea nora isurtzen dituzten ur zikinak Gardotza poligonoan.

Udalari eskatzen diogu beste arazo hau ikertzeko eta konpontzeko bitartekoak ipintzeko:

–        zenbait etxeetan ur zikinen irteera teilatuko euri uren hodietara konektatuta daukate.

Era berean, udalari eskatzen diogu ur zikinean sarera konektatu gabe dauden lekuak ahalik eta arinen konektatzeko.

Jasotako informazio guztia Eguzki talde ekologistari bidaltzea eskertuko genuke

Anuncios