Ondarroako EAJ-PNVk herriko plan orokorra zahartuta dagoela idatzi zuen prentsan, eta guk erantzun egin genion, esanez ea zergatik ez zuen berak berritu agintzen egon zenean, ordurako nahiko zaharra zelako plana. EAJ-PNVk bueltan idatzi egin digu, baina ez du erantzun guk egindako galdera: zergatik ez zuen Ondarroako Udaleko plan generala barritu bera agintzen zegoenean? Zergatik ez zuen onartu Alleri babestutako gune bat zela? Horrek paduran etxeak egitea oztopatuko ziolako?

Bere idatzian PNVk ez dio erantzuten gure galderari, eta eraso pertsonalen bidez dena nahasten ahalegintzen da. Zergatik jarri da hain urduri? Izkutatzeko zerbait dauka?

Gogoratu dezagun, motz-motzean, Allerin zer pasatu den:

1990. hamarkadan Ondarroako Udalak Alleriko lur guztiak hiri-lur izendatu zituen, plan orokor berri bat eginda. Hau da, bertan etxeak egiteko aukera zabaldu zuen. Udalean HB zegoen agintzen, eta EAJ-PNVk gidatzen zuen Diputazioak onartu egin zion aldaketa hori.

Handik urte batzuetara EAJ-PNVk hartu zuen Ondarroako Udaleko agintea, eta Allerin 500 etxe egingo zituela esan zuen. Horretarako, 90. hamarkadako Ondarroako Plan Orokor zaharrean oinarritzen ziren, Alleri babesten ez zuen planean.

Ondarroako Eguzki Talde Ekologistak sortu zenetik eskatu du Alleriko padurak babesteko. Ia 30 urte daramatzagu paduren alde lan egiten, eremu horrek daukan garrantzia azpimarratzen hitzaldien, eskuorrien, komikien… bidez. Bitartean, Ingurumen Sailak edota Europar Batasunak ere Alleri babestutako gune izendatu dute. Baina aldaketa horiek ez dira agertzen herriko plan orokorrean.

Paduran 500 etxe egin behar zituztela jakin genuenean, mobilizatzea pentsatu genuen. Ezin genuen onartu paduraren kontrako halako erasorik. Alleri babesteko plataforma bat sortu genuen, eta bertan batu ginen eskualdeko talde ekologistak eta herriko gazte asanbladakoak. Kanpaina oso handiak egin genituen padurak zeuzkan balioak azpimarratzeko: uxolen kontra laguntzen zigula, nekazaritzarako oso lur abertsak zirela, biodibertsitatea handia zegoela bertan… Argi azaldu genuen 500 etxek padura kaltetu egingo zutela, eta herrian hutsik zeuden etxeak bete behar zirela aldarrikatu genuen.

Handik denbora batera, Ondarroako Ezker Abertzaleak idatzi bat atera zuen. Onartzen zuen 90. hamarkadan eurek izendatu zutela Alleri hiri-lur, orduan etxebizitza eskari asko zegoelako eta gazteak herritik joaten ari zirelako. Baina onartu zuen garaiak aldatu zirela, eta denborarekin Allerik zelako balioa daukan konturatzen joan direla herritarrak. Horregatik, bertan etxerik ez egitearen alde azaldu zen. Ez zen izan proiektuaren kontra jarri zen alderdi bakarra. Aralarrek ere salaketa sartu zuen 500 etxebizitzen kontra.

Eguzkik eta plataformak bere mobilizazioekin jarraitu zuen. Udalean alegazioak sartu genituen. Argi azaltzen genuen babestutako eremu bat ezin zela etxeak egiteko erabili, eta herriko plan orokorra aldatu behar zela, padurari babes hori emateko. EAJ-PNVren udalak ez zigun kasurik egin, eta aurrera jarraitu zuen etxeen proiektuarekin. Eta horregatik pauso bat gehiago eman genuen: Alleriko etxeen proiektua epaitegietara eraman genuen. Eta irabazi egin genuen. EAJ-PNVk ez zigun kasurik egin, baina epaileek arrazoia eman ziguten.

Bitartean diru asko galdu da. Guk ekologistok milaka euro gastatu ditugu abokatuak eta kontzientziazio kanpainak egiteko. Denbora eta esfortzu asko egin behar izan dugu diru hori lortzeko: txosnak ipini, kamisetak saldu… Udalak diru publiko asko ere galdu du, ilegala zen proiektu hori idazten, propaganda egiten… EAJ-PNVk gure alegazioei hasieratik kasu egin izan balie, ez zen alperriko gasturik egongo.

Alleri zaindu egin behar dela uste dugu Eguzki talde ekologistako kideok. Bertan dauden nekazaritzarako lurrak babestu egin behar dira, bertako ekosistemak hobetu… PNV edo beste edozein alderdi politiko bide hori egin eta padura zaintzeko prest badago, guk lagunduko diogu. Baina PNVk edo beste edozein alderdik padura zementoz bete eta etxeak egiteko asmoa badauka, guk aurre egingo diogu.

Eta berriro diogu, Ondarroako Udalak herriko plan orokorra berritu behar du, Alleri babestutako gunea dela izendatzeko.

Geure espazio naturalen alde, Alleri zaindu!

P1020907

P1050067

Anuncios