Antzinatik, arrantza, elikagaien, lanpostuen eta irabazi ekonomikoen iturri garrantzitsua izan da jarduera horri lotuta daudenentzat, zeharka edota zuzenean. Baina, denborak eta ezagutza berriek erakutsi dute arraia baliagai berriztagarria izan arren, ez dela agortezina. Komunitatearen elikadura-, ekonomia- eta gizarte-ongizatea mantentzeko ezinbestekoa da, beraz, arrantzaren kudeaketa arduratsua egitea.

Egun, itsas ingurunearen egoera kezkagarria da, besteak beste kutsaduraren arrantzaren gain ustiaketaren eta klima aldaketaren ondorioz. Ozeanoen etorkizuna arrisku larrian jartzen ari diren faktoreen artean, arrantza-leku askoren kolapsoa eragiten ari den arrantza-aktibitatea azpimarratu behar da, espezie asko mehatxatuta egotea eragin baitu.

Itsas ekosistemen degradazioa egitatea da. Hainbat arrain populazio gehiegi arrantzatu da: Europar Batasuneko uretako populazioen % 88-a Gehienezko Etekin Jasangarriaren mailatik gora ari dira ustiatzen, Ipar Atlantikoko populazioen % 48-a gain ustiatuta dago, eta populazio horien % 30-a seguritate-muga biologikoaren azpitik  dago.

Bizkaiko Golkoa eta euskal kostaldea ez daude egoera honetatik salbu. Azken hamarkadan, antxoa, zapoa, legatza, … eta antzeko espezieak egoera kritikoan daude, populazioak berreskuratzeko arazoekin. Bisigua, Papardoa eta beste hainbat espezie, berriz, desagertu egin dira. 

Hamarkadetan zehar, Euskal Herriko ekonomian garrantzia handikoak izan diren arrantza eta honen ondoriozko industria, suntsitzen ari dira. Tresna ezberdinak erabiltzen dituzten dozenaka itsasontzi, horiek eragindako industria, eta noski, arrantzaleak lanbide honetatik urruntzen ari dira; ez dago belaunaldi aldaketarik.

Europar Batasuna (EB) eta nazioarteko hainbat kolektibo egoera honen jakitun dira, eta etorkizunean izan daitezkeen arazoengatik kezkatuta, Europako Parlamentuak Arrantza Politika Komun berria onartu du, zeinak baliabideen kudeaketa ingurumen irizpide sostengarri eta sozialetan oinarritzea duen helburu. Politika berri honetan Gehienezko Errendimendu Jasangarria, arrain-bazterketen debekua eta arrantzarako modu selektiboak erabiltzea, eztabaidaezinak dira. Natur ingurunea errespetatzen duten artisau moduko ustiapen-moduei lehentasuna emango zaie. Nahiz eta ez izan egoerak eskatzen duen bezain zorrotza,  Arrantza Politika Komun berri hau izango da datorren hamarkadan Europar Batasuneko kaletan “itsasoratuko” dena.

Mendeetan zehar euskal arrantzale gehienentzat arrantza-kalak izan diren Bizkaiko Golkoa eta euskal kostaldeko kontinente-plataforma bioaniztasun handiko guneak dira, arrantzarako ezinbestekoak izan diren hainbat espezieen erreklutamendu guneak, habitatak eta arrautzak erruteko lekuak.  Honengatik guztiarengatik babestu behar dira. Cap Bretongo fosa, esaterako, Ipar eta Hegoan dituen itsaslabarrekin, bizitza-iturri oso garrantzitsua da, hainbat kalen jatorria: Ixkote, Erreka, Gaztelu, Garro, Plaiasun, Xantamo, Apo….

Honen guztiaren aurrean, Gipuzkoako eta Bizkaiko portuetan Otzarakin, Tretzakin, Palangreekin, Pintxoan, Sare txikiekin, Kazean, eskuko tresnekin eta orokorrean itsas bazterreko tresnak ustiapen-moduak erabiltzen ditugun itsasontzietako arrantzaleok eskatzen dugu: 

1.      Frantziar estatuak eta Kantabriak mugatzen dituzten barruko uren kostaldeko eremua erregulatu eta antolatzea. Kutsadura, azpiegiturak, dragatzeak, eta hazkuntza-lekuak  kontrolatzea, eta barruko uretan tresna ezberdinekin dabiltzan itsasontziek araudia betetzen dutela kontrolatzea. 

2.      Barruko uretan inguruketa-sareak debekatzea, eta karnata biziaren arrantza arautzea.

3.      Aisialdiko Itsas Arrantzaren Araudia berrikusi eta eguneratzea, eta arrantza-mota honek eragiten duen intrusismoa eta konpetentzia desagerrarazteko kontrol zorrotza.

4.      Artisau erako metodoen bidez harrapatutako espezieen salerosketarako erraztasunak jartzea errentagarritasuna handitzeko, eta espezi hauek etiketa bidez identifikatzea erosleak ondo ezberdintzeko moduan. 

5.      Madrileko Gobernuarekin harremanetan jartzea 12 milia bitartean dauden barruko uretarako eskuduntzak eskuratzeko, arraste-arratza hondokoa zein pelagikoa bezalako arrantza-modu predatzaileak debekatu eta inguruketa-sareak arautzea.

6.      Artisau-flotaren definizioa, tresna sostengarriak (tresna txikiak) erabiltzen duten itsasontzien zerrendan dauden itsasontziek egiten dituzten harrapaketen baitan egitea, nahiz eta itsasontzi hauek 12 metro baino luzeagoak izan. Eta hauek ingurumenaren eta gizartearen sostengarritasunaren alde egiten duten apustuaren ordainetan, arrantza-baliabideekiko lehentasuna izatea. 

7.       Arraste-erako arrantzak eremu horretako bioaniztasunaren galeran izan duen erantzukizunaren ebaluazio zientifikoa egitea. Halaber, proposatu diren alternatiben azterketa zientifikoa egitea kala tradizionalak leheneratzeko aukerarik eskaintzen duten ikusteko. Horrela baino ez baita bermatuko etorkizun sostengarria kontinente-plataforman.

Aipatutako hauek, Euskal Herriko arrantza-sektorearen biziraupena eta belaunaldi aldaketa, zein itsas bioaniztasunaren eta itsasoko ondare naturalaren kontserbazioa posible izateko ezinbesteko baldintzak direla uste dugu. 

Administrazio eta instituzio ezberdinei, Kofradiak, Udalak, Foru Aldundiak eta Jaurlaritza kasu, eskatzen diegu jar dezatela abian proiektu hau, ahalik eta epe motzenean errealitate bihur dadin. Halaber, euskal gizarteari eta sektore interesatuei dei egiten diegu proposamen honetan parte har dezaten, ekimena babestu, eta ekimen hau indartzeko har litezkeen bestelako neurriak babestuz. 

ONDARROA 12 MILIA         http://www.ondarroa12.org/

P1050853

Anuncios