Udalbarrien bidez jakin dugu Ondarroako Udala Atxazpiko zabortegia berreskuratzen hasiko dela.

Alde batetik poztu egin gara, askotan eskatu izan dugulako zabortegi hori berreskuratzeko. Lan horretan laguntzeko prest gaude, ahal dugun neurrian.

Bestetik, kezkatu ere egin gara, udalak eman dituen datuak larritzekoak direlako: Atxazpin metal pisutsuak daude, eta gainera zaborra itsasora jausten ari da. Zuzenean eragiten du inguru horretako ekosisteman, hau da, gure arrantzaleek arrantzatzen dituzten arrainetan.

Atxazpin gertatzen ari denak zer pentsatua eman behar digu. Zabortegira botatzen ditugun hondakin eta zamarrak ez dira desagertzen. Bertan geratzen dira, eta gainera arazo ekologiko eta ekonomikoak sortzen dituzte. Hurrengo belaunaldiei opari eskasa lagatzen diegu: zabortegi horiek kudeatu eta sortutako arazoak konpontzea.

Ezin dugu ahaztu gaur egun ere zabortegiak sortzen ari garela. Geure hondakinen %26 birziklatzen dugu bakarrik, eta beste guztia erre eta Bizkaiko zabortegietan botatzen dugu. Beste herri batzuei (Zalla, Larrabetzu…) eta hurrengo belaunaldiei lagatzen diegu guk nahi ez dugun zaborra.

Irtenbidea gure hondakinak ahalik eta hobetoen kudeatzea da. Hondakin kopurua gutxitu, gauzak berrerabili eta materialak birziklatu. Zero zabor filosofia, hain zuzen ere. Hori eginda, zabortegi kopurua gutxitu egingo da, eta gure seme-alabei arazo gutxiago lagako diegu.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Anuncios