P1070262

Bizkaiko udal asko organikoarentzako edukiontzia (5. edukiontzi marroia) ipintzen ari dira, herritarrek organikoa birzikla ahal izateko. Edukiontzi horretan, sukaldatu gabeko organiko begetalak jasotzen dira bakarrik, Aldundiaren konpost plantak hondakin horiek bakarrik onartzen dituelako.

Ez dugu zalantzan ipintzen udalen borondate ona, eta zoriontzekoa da euren organikoa edukiontzi horretan lagatzen duten herritarren borondate eta esfortzua. Baina datuak ikusita, argi dago edukiontzi honek ez duela organiko askorik jasotzen. Zergatik?

Borondatezkoa sistema delako, nahi duenak erabiltzen duelako. Eta horregatik, kontzientzia gehien duten herritarrek erabiltzen dute bakarrik. Hona datu batzuk:

Abanto-Zierbenan duela hile batzuk hasi ziren organikoarentzako edukiontziaren esperientziarekin. Abanto-Zierbenak 9.772 biztanle ditu, hau da, 3000 familia inguru. Familia horietatik 310ek eman dute izena bakarrik. Herritarren % 10ak, gutxi gora behera. Urtarrilean 2.680 kilo organiko jaso zituzten. Biztanleko 0,27 kilo hilean.

Baten batek esan dezake oraindik goiz dela, eta denborarekin joango dela jendea izena ematen. Ez du ematen hori denik joera. Bilboko Deustu auzoan urte batzuk daramatzate 5. edukiontziarekin. 22.500 biztanle inguru ditu auzoak. 7.500 familia inguru. Horietatik 1.010 daude bakarrik izena emanda. Populazioaren % 15, gutxi gora behera. Baina guztiek erabiltzen al dute edukiontzi hori?

Egin dugun behaketa txikiak, bestelako datuak eskaini ditu (ikusi bideoa). Auzoan dauden 3 edukiontziri jarraipena egin diegu aste batean (astean behin jasotzen dute bertako organikoa), eta ikusi dugu astea amaitzerakoan boltsa gehien zeuzkan edukiontziak 15 poltsa zituela, asko jota. Egin dezagun kalkulu eskuzabal bat: familia bakoitzak astean poltsa bat atera duela suposatuta, auzoan 50 kontenedore daudela jakinda eta kontenedore bakoitzak astean 15 poltsa jasotzen dituela suposatuta, zerbitzu hau Deustun 750 familiak erabiltzen dutela kalkula dezakegu. Datua, ziurrenik, baxuagoa izango da (familia batzuk boltsa bat baino gehiago aterako dutelako astean, eta edukiontzi askotan ez direlako inoiz 15 boltsa jasotzera iristen). Beraz, hasieran apuntatutakoak baino familia gutxiagok erabiltzen du edukiontzia.

Udalak emandako datuek ere antzeko zerbait erakusten dute. 2013an 80.500 kilo jaso zituzten. 0,33 kilo hileko eta pertsonako. Hemen udalaren datu ofizialak: Resumen 3º año prueba piloto 5º contenedor Deusto Marzo de 2014 [Modo de compatibilidad]

Datu eta joera hauek zuzenak diren ikusteko, onena beste herri batzuekin konparatzea da. Sopelako datuak lortu ditugu, eta han ere antzeko zerbait gertatzen da. Borondatezko organikoaren edukiontzian izena eman zuten familiek 8780 kilo organiko bota zuten 2013ko maiatzean, 0,72 kilo pertsonako hilean. Baina handik aurrera gero eta kilo gutxiago jaso dute. Abenduan, adibidez, 0,29 kilo pertsonako hilean. Atez ateko sistema erabiltzen duen Oñatin, adibidez, hilero 7 kilo pertsonako jasotzen dituztela jakinda, argi dago Bizkaiko datuak ez direla onak. Hau ez da hondakinak birziklatzeko alternatiba bat. Hau jendearen aurrean ondo geratzeko antzerki bat besterik ez da.

Izan ere, Bizkaiko Aldundiaren helburua ez da birziklatzea, errauskailuaren negozioa martxan edukitzea baino. Horregatik ez du bultzatzen birziklatzearen aldeko benetako politikarik.

Martxa honetan, Bizkaiak ez ditu beteko Europak 2020rako ezarri dituen helburuak. Urte horretan hondakinen erdiak gutxienez birziklatu egin beharko dira.

Bizkaiko udalek oso gutxi jasotzen dute banatuta, % 19 hain zuzen ere. Egoera horri buelta eman beharra dago. Eta argi dago borondatezko organikoarentzako edukiontziarekin ez dela lortuko.

Kontzientzia ekologikoa duten udalei dei egiten diegu pauso ausartak emateko: autonkonpostari eta auzokonpostari bultzada handi bat eman, zarama edo errefusarentzako edukiontziak kaletik kendu eta kutsatzeko aukerak murriztu…

Birziklatzea herritarren eskubide eta betebeharra izan behar da, denon eskubidea delako errauskailu edo zabortegi baten alboan ez bizitzea.

Bizkaiko Eguzki

Izengabea2

Izengabea

Anuncios