Lau urtean Ondarroako Udalak bide ona hartu du gure inguru naturala zaintzeko, baina gauza asko daude egiteko oraindik herri ekologiko bat lortzeko.

BATZORDEA MARTXAN. Duela lau urte udaleko ingurumen batzordea berriro martxan ipini zen. Erabaki ona izan zen, bertan batzen garelako ingurumenarekin arduratuta gauden herritarrak, arazoei irtenbideak topatzeko. Hurrengo lau urteetan ere batzordeak martxan jarraitzea eskatzen dugu.

GARRAIO EKOLOGIKOAK. Udalak bizikleta aparkalekuak ipini ditu herriko txoko askotan, eta Alde Zaharreko zati bat oinezkoentzat egokitu du. Halandabe, herri barruan bizikletan ibiltzeko arazo handiak daude oraindik. Horregatik, udalari eta Eusko Jaurlaritzari (Hezkuntza Sailari) eskatu diegu erreka alboko bidea libre lagatzeko zaharren egoitzatik liburutegira, bidegorria egiteko.

HONDAKINAK ETA ZAMARRAK. Oso gutxi birziklatzen dugu ondarrutarrok. %30 baino gutxiago. Beste zamar guztiak erreta eta zabortegietan amaitzen du. Lau urtean udalak pauso batzuk eman ditu egoera horri buelta emateko (batzarrak, konposta, nahi dutenei hondakin organikoak etxe aurrean jasotzea). Halandabe, hurrengo urteetan pauso handiagoak eman beharko dira, beti be herritarren berba kontuan hartuta. Birziklatzea herritar denon eskubidea eta betebeharra da. Kutsatzea ezin da izan eskubide bat.

ATXAZPIKO ZABORTEGIA. Legegintzaldiko berririk pozgarriena izan da guretzat. Urte askoan eskatzen egon gara, eta behingoz udala Atxazpiko zabortegia berreskuratzen hasi da. Urteetan ardura barik bota ditugun zamarrak Atxazpitik itsasora jausten ari dira, eta udalak neurriak hartuko ditu horri aurre egiteko. Ikusten denez, zaborra ez badugu birziklatzen, ez da desagertzen, zabortegietan amaitzen du eta arazoak ematen hasten da.

LARRUSKAINGO BASOA. Urteetan pinua egon den lekuan hamabost hektareako baso autoktonoa landatzen hasi da udala elkarlanean eta auzolanean. Biodibertsita-tea zaintzeko bidea hori da. Gainera, herrian edaten dugun ura bertatik hartzen dugunez, denoi egingo digu mesede basoak. Udalari eskatzen diogu bide horretan jarraitzeko, lurrak erosi, babestu eta bertoko basoa landatzen joateko.

ENERGIA AURREZTEA. Udalak pausoak eman ditu kaleko argietan energia aurrezteko. Farolak beranduago piztu eta arinago amatatzen ditu. Erabaki egokia da, baina energia aurrezteko pauso gehiago eman behar dira. Adibidez, monumentuen argiak azkarrago amatatzea eta gutxiago kontsumitzen duten LED argiak ipintzea. Auzo batzuetan LED argiak ipini ditu, baina guk herri osoan ipintzea eskatzen dugu. Energia berriztagarriak ere bultzatu behar dira.

ISURKETAK. Udalak isurketak kontrolatzeko protokoloa ipini du martxan, eta espero dugu horrekin isurketa gutxiago egotea. Dena dela, udalari eskatzen diogu portuan eta Saturraranen egoten diren isurketak salatzeko, eta Jaurlaritzari eta Mutrikuko Udalari ardura gehiago eskatzeko. Gainera, herrian ere ur zikin batzuk errekara joaten dira oraindik. Udalak saneamendua amaitu behar du, ur zikin guztiak araztegira bidaltzeko.

ETXEBIZITZA. Herrian 500 etxe daude hutsik eta udalak erabakiak hartu behar ditu herrian alokairu soziala bultzatzeko.