Proiektu honen bidez, promotore pribatu batek Karraspio inguruan aparkalekua eta etxebizitzak eraikitzeko asmoa agertu zuen, eta, Mendexako Udalak eta Aldundiak babes osoa eman zioten hasiera-hasieratik.

Promotoreak 24 etxebizitza eraiki nahi ditu Karraspio gainean, eta horren truke 180 autorentzako aparkalekua egiteko lurra eskaini du. Baina, norentzat izango dira etxebizitzak? Noren mesederako? Zein eratako etxebizitzak izango dira? Herritarren poltsikoetarako? Gainera, eta larriena, babestutako gune horretan zeuden zuhaitzak ere moztu egin dira 2003-2013 urteen artean lurra soiltzeko helburu bakarrarekin (delitu ekologikoa).

Bestetik, argi dago 180 aparkaleku egiteak ez dituela aparkatzeko arazoak konpontzen. Lekeitioko irteeran badaude aparkalekuak trafikoaren arazoari irtenbidea emateko, eta orain Karraspio hondartzan beste aparkaleku bat egiteak, inguruneari sekulako kaltea egiteaz gain, trafiko gehiago ekarriko luke hondartzara eta arazoa handiagotu. Horren aurrean guk kalterik txikiena egingo duten alternatibak aztertzea proposatzen dugu: garraio publikoan hobekuntzak egin, autobus lantzaderak jarri…

Proiektu honen guztiaren helburua zein den ikusteko ez da betaurreko berezirik behar: promotore pribatu baten negozioa. Harrigarriena da Udalak eta Diputazioak promotore pribatu horrek aurkeztutako proiektua azken muturreraino defenditu dutela.

Proiektua gelditzeko bide luzea egin dugu 2011tik hona. Batetik, ikusita gure alegazio eta kexak ez zirela kontuan hartzen, epaitegietara jo behar izan dugu eta administrazioaren aurrean kontentziosoa jarri. Bestetik, era askotako ekintzak antolatu ditugu gure aldarrikapena kaleratzeko: hitzaldiak, ibilaldia, antzerkia, barazkien salmenta, panel informatiboak, elkarretaratzeak, auzo-lana, sinadura bilketa…

SOS KARRASPIO izeneko mahaian biltzen izan diren talde eta herritarren lana ezinbestekoa izan da egitasmoa gelditzeko (auzokoak, Gu behintzat oinez herri plataforma, Ekozain talde ekologista, Lekitxo bizirik, Mendexako Bildu, Lekeitioko Bildu, Lekeitioko Aralar…), baita gerora, sinadura emanez edo ekintzetan parte hartuz, atxikimendua adierazi duzuen eskualdeko mendi talde (Lumentza, Aurrera, Artibai), talde ekologista (EGUZKI, Ekologistak martxan), eta makinatxo bat lagunen ekarpena ere.

ZORIONAK DANORI.

Auzi hau irabazi dugu, baina aurrerantzean ere adi jarraitu beharko dugu gure ingurunearen defentsan

Epai honek erakusten digu zaila dirudien arren, herritarrok elkar hartuta, guztion lanarekin, gauza handiak lor ditzakegula

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Anuncios