editata2

img-20170110-wa0008

Hasteko eta behin, gure elkartasuna erakutsi nahi diegu oraindik etxetik kanpo dauden San Inazioko bizilagunei. Espero dugu ahalik eta arinen bueltatzea etxera, eta mendiko harriek eragindako apurketak konpontzeko laguntzak jasotzea. Halako egoeretan herritar guztion elkartasuna beharrezkoa da.

Orain arte ezer esan ez badugu, etxetik kanpora zeuden herritarrei errespeturik ez faltatzeko izan da. Baina urtebete pasatu da, eta San Inazioko mendiarekin gertatu denari buruz iritzia eman nahi dugu.

Prentsaren bidez jakin dugu udalak ikerketa bat agindu duela San Inazion zer gertatu den jakiteko. Ikerketa horren arabera, mendiak jausteko arriskua zuela esaten zuen txosten bat baino gehiago egon zen 2002. urtetik aurrera. Etxeak egin aurretik eta egiten ari zirela, hain zuzen.

Hori jakinda, hauxe eskatzen dugu: txosten horiei kasu egin ez zioten politikari eta teknikarien ardurak argitzeko.

Ondarroan aurretik ere gertatu izan dira horrelakoak. Gogoratu Alleriko etxebizitzen proiektu ilegala, moilako etxeetako arrakalak, portuko harriak… milioika euro publiko alperrik galdu dira proiektu horietan, eta inoiz ez da arduradun politiko edo teknikorik epaitu. Edozer eta edozelan egitea ezin da libre egon.

Momentuz, txarto egindako obra honen ondorioak ordaintzen ari diren bakarrak errurik gabeko San Inazioko bizilagunak dira. Kulparik eduki barik, amets-gaizto hau bizitzea tokatu zaie.

San Inazioko mendia jausten hasi eta gero egin den obra Ondarroak azkenengo hamarkadetan eduki duen desastre ekologiko eta sozialik handiena izan da.

Desastre ekologikoa, milaka eta milaka tona harri kendu direlako, eta horretarako makinak goiz eta gaba egon direlako lanean, energia kopuru izugarriak gastatzen.

Desastre soziala, dirutza publikoa gastatu behar izan dugulako mendia jateko. Eta oraindik ez dakigu herria zenbat urterako geratuko den hipotekatuta.

Gertatu den guztia ikusita guk aspalditik esaten genuena errepikatzen dugu: Ondarroa ezin da gehiago hazi. Lur gehienak urbanizatuta dauzkagu eta, etxeak egitekotan, gero eta lur arriskutsuagoetan egin behar ditugu. Eta ikusi dugu hori egiteak zelako ondorioak dituen. Ondarroan merke, azkar eta ondo eraikitzea amaitu da. Agian gure pentsatzeko modua aldatu behar dugu: gure herria beste modu batera garatzen ikasi behar dugu, herri barruko espazioa hobeto aprobetxatuta, jausten dauden eraikinak konpondu eta berrerabilita, hutsik dauden etxeak egokitu eta jendearen eskura ipinita.

Espero dugu mendiko obrak ahalik eta arinen amaitzea, etorkizunean beheko etxeentzako arriskurik ez egoteko. Espero dugu etxetik kanpora dauden herritarrak euren etxeetara buelta egitea, eta euren bizitza normalarekin jarraitu ahal izatea. Espero dugu baita ere desastre honen arduradun politiko eta teknikoak aurkitzea. Eta espero dugu herritarrok gertatu denari buruz gogoeta sakon bat egitea, etorkizunean halakorik ez pasatzeko.

Anuncios