Bazirudien azken urteetan gabon argien erabilera arrazionalizatzen ari zela Ondarroan, egun gutxiagotan pizten zirelako. Baina aurten inoiz baino lehenago piztu dira, azaroaren amaieran.

Badakigu gaur egungo LED argiek askoz ere gutxiago kontsumitzen dutela, baina gure kezka argi horien balio sinbolikoari buruzkoa da. Argi horien bidez jendea normala baino gehiago kontsumitzera bultzatu nahi da, eta badakigu horrek ze ondorio edukitzen dituen urtero: behar ez diren gauzak erostea, hondakin kopuru piloa sortzea…

Merkatal zentru handiek eta enpresa handiek kanpaina gogorrak egiten dituzte gabonetan jendeak gehiago erosteko. Eta ulertzen dugu herriko dendak eta herriko udalak olatu horretan ito nahi ez izatea, eta herria argiz betetzea jendeak gabon egun horietan herrian kontsumi dezan. Baina azkenean denok dinamika kontsumistetan sartuta amaitzen dugu. Gure ustez gauzak beste modu batera egin daitezke, urte osoan zehar.

Herriko denda txikietan kontsumitzearen alde gaude, eta horretarako urtean zehar egiten diren kanpainak oso ondo ikusten ditugu. Udalak eta dendari elkarteek lan handia egiten dute herritarrengan kontzientzia sortzen. Gure babes osoa dute. Baina gabonetan bultzatzen den kontsumo eredu irrazionala ez zaigu gustatzen.

Horregatik, Ondarroako udalari eta herriko dendariei eskatzen diegu hurrengo urteetan gabon argiak ipintzekotan, beranduago ipintzeko, eta ez hilabete lehenago. Adibidez, argiak abenduaren 15etik urtarrilaren 7ra piztuta nahikoa dela uste dugu. Helburua gabonak iragartzea bada, data horiekin nahikoa da. Horren ordez, urte osoan herriko komertzioetan kontsumitzeko kanpaina gehiago egin daitezke.

Espero dugu gure iritziak balio izatea gai honi buruz eztabaida zabaltzeko eta denon artean irtenbide egoki bat topatzeko.

WhatsApp-Image-2018-12-03-at-10.40.24

Argazkia: Udalbarriak

Anuncios