mijoa-isurketa-otsaila-500x667
Isurketa berri bat gertatu da Mijoa errekan. Azkena hau, guk dakigula, otsailaren 4 gertatu zen, urak lodi itxura hartu zuen eta kolore gris eta arre artekoa. Gainera kiratsa zerion, ur zikinen usaia. Gertakariaren unean 112ra deitu genuen, ohi bezala.
Isurketaren inguruan gerora jakin dugu, industrialdean kokatu dagoen araztegiak edo
depuradorak arazoren bat izan duela eta haren ondorioz gertatu dela isurketa.
Isurketa errepikakorrak.
Zori txarrez ez zaizkigu arrotzak egiten Mijoan isurketa kutsakorrak topatzea. Izan ere
hamaika aldiz gertatu da gauza bera eta egun bertan bizitza topatzea ere zaila geratzen da.
Horregatik uste dugu oraingoan isurketak ez dela hildako arrainik topatu. Ez diogu guk geuk bakarrik, Ura Agentziaren txostenetan bertan irakur daitekeenez, “kalitate ezin txarragoa” du eta “ingurumena muturreraino degradatuta” dago.
Mijoako ia isurketa guztien jatorria, izen bereko poligonoan dago eta poligono horrek
araztegia badu ere, batzuetan ur-beltzen kutsadura karga handiegia delako, besteetan
araztegian arazo bat egon delako edo beste arrazoi batengatik, isurketak errepikatu egiten dira, beti galtzaileak ingurumena eta bioaniztasuna direlarik. Ez dugu ahaztu behar Mijoa Bisoi Europarra Babesteko Plan Bereziaren barruan sartuta dagoela.
80. hamarkadan “kutsatzen duenak ordaindu egin behar du” esaldia ezaguna egin zen baina Mijoako kasuan hori ere zalantzan jartzeko moduko esamoldea da. Badirudi, isuna ipini zuten azken kasuan, hau 100 eurora ez zela iritsi. Halako zigorrak ez dirudi oso bide eraginkorra direnik.
Arriolak esan bai, egin? Ezer ez.
Edonola ere, arazoaren muina, Mijoa eta orohar Mutrikuko ur-beltzak garbituko dituen
araztegirik ez daoela da eta horren arduraduna Eusko Jaurlaritza baino ez da.               Duela orain urtebete Jaurlaritzak Mijoa saneatzeko finantzaketa bere gain hartuko zuela berretsi zuen Ingurumen Kontseilari Iñaki Arriolak, % 100ean hartu ere. Baina 2019 ez zuen ezer egin eta 2020ko aurrekontuetan partidarik agertzen ez denez, aurten ere kale!

mijoa-isurketa-3-2020-otsaila-500x667    Lotsagarria benetan.
Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearra, 2020 otsailean.