Buscar

Lea Artibaiko Eguzki

Categoría

Merkataritza zuzena

EROSKI EZ!

Lea Artibaiko Eguzkik bat egiten du datorren asteartean Berriatuan egingo den Eroskiren zentro komertzial erraldoi  baten aurkako elkartaratzearekin. Hona hemen komunikatua:

ZER: Elkartaratzea, EROSKIren zentro komertzial berri baten aurka
NON: Berriatuako Udaletxe aurrean
NOIZ: 2009ko martxoaren 24an, martitzena, arratsaldeko 20.15
————-


EROSKIrik BARIK HOBETO!

2009ko martxoaren 24an, martitzena, Berriatuko Udalbatzak bilera egingo du 20.30etan eta bertan, besteak beste, Ondarroako Errenteria auzoko poligono industrial berria onartu edo ez erabakiko da.

Poligono berri horretan EROSKIk zentro komertzial handi bat ipini nahi du. Eta Ondarroako Udal Kudeaketa Batzordeak poligonoari eta EROSKIri baietza emateko asmoa jada hartua dauka.

Horrexegatik, martxoaren 24an, martitzena, arratsaldeko 20.15etan Berriatuko Udaletxe aurrean elkartaratzea egingo dugu, Eroskirik barik hobeto gaudela aldarrikatu eta Berriatuako zinegotziak zentro komertzial erraldoi horren kontrako jarrera hartzera animatzeko.

Azken urte hauetan Lea Artibai eskualdeko herrietan mugimendu sozial indartsu bat eratu da zentro komertzial handien kontra eta herri bizitasunaren eta eredu ekonomiko eta sozial alternatiboen alde. Sindikatu, arrantzale, ekologista, nekazari, dendari, alderdi, gazte erakunde eta beste hainbat herritarrek hamaika arrazoi eman dituzte Eroskiren zentro komertzial handi baten kontra. Eta martitzenean ere arrazoi horiek errepikatuko ditugu Berrituan:

Zentro komertzial handiek herrietako dendari txikiak lanik gabe uzten dituztela, eta herriek hilda amaitzen dutela.
Errenteriako Eroskik eskainiko duen zerbitzua jada badaukagula gure herrietan ere.
Zentro hauek lanpostu prekarioagoak sortzen dituztela eta aberastasuna kontzentratu eta eskualdetik ateratzen dutela.
Komertzio gune handiek arrantzaleen eta nekazarien produktuei prezio injustuak ezartzen dizkietela, gure nekazaritza eta arrantzaren etorkizuna kolokan jarriz.
Errenteriako poligonoan Eroskik hartzen duen espazioa ezingo dela erabili Ondarroan hain beharrezkoa den industria berria sortzeko.
Zentro komertzial hauek kotxea erabiltzera derrigortzen dutela eroslea, errepideak gehiago saturatuz, kutsadura gehiago sortuz eta, azkenean, ustez dirutan aurrezten dena erregaietan eta denbora librean gastatzen dela.
Zentro komertzial erraldoiek herrietan dendarien, erosleen eta kaleko beste pertsonen artean sortzen diren sare sozialak deuseztatzen dituztela, kontsumismo masibo eta indibidualista bat bultzatuz.

Horretaz gain, salatu nahi dugu administrazioek (eta batez ere Ondarroako Udalak) proiektu hau sekretismorik handierakin daramatela aurrera, eta ez diotela kasurik ere egin azken urte hauetan EROSKIren zentro komertzial erraldoiaren aurka sortu den mugimendu sozialari.

Entzun dezatela gure aldarrikapena:
GURE HERRIAK BIZI-BIZIRIK NAHI DITUGU!
EROSKIRIK BARIK HOBETO GAUDE!
ZENTRO KOMERTZIALIK EZ!

Ondarroako herritar talde bat

www.blogak.com/eroskiez

Anuncios

Ondarroako Merkatu Plazaren alde

Hauxe izan da Eguzkik Ondarroako Alde Zaharra birmoldatzeko planari aurkeztutako alegazioa:

Ondarroako Udal Batzorde Kudeatzaileko Buruari

……………………………………………………jaun/anderea,
……………EHNA/DNIa duena, bizilekua ……………………….kalean,
……… zenbakian duena, Ondarroan (Bizkaian).

AZALTZEN DUT :

Herriko gune historikorako PERIaren aplikazioagatik Udalak burutu nahi duen egungo merkatuaren (Berdura Plazaren) eta ondoko eraikinaren eraisketaren aurrean:

Kontuan hartu behar dela eraisketa honek eraikin hauetan eta plaza berduran kokatuta dauden negozioetan izango lukeen eragin kaltegarri eta konponezina, hauetako asko desagertu egingo bailirateke eta, azoka herriko beste gune apartatuago batera eramango balitz, jende gutxiago joango bailitzateke azoka horretara.

Halako erabaki batek elieke batere mesederik egingo baseritarrei, hauek euren produktuak merkatu hauetan salduz bizirauten baitute, eta etorkizunean bide hau jarraitu nahiko luketenei ere ateak itxiko zaizkie.

ESKATZEN DUT :

Egungo Berdura Plaza ez dadila behera bota, ez eta lekuz aldatu, behar izanez gero hobekuntza eta berrikuntza obrak eginez.

Eta egin daitezela behin eta berriro kontzientziazio kanpainak baserritarren produktuak promozionatzeko, bertoko okela, barazki eta arraina bultzatuz, ahal dela bitartekaririk gabe.

Ondarroan, 2008ko urriaren 20an.

Sinatua: ……………………………

dsc02456

dsc02462

Info gehiago:

http://ondarroa.hitza.info/albisteak/1796/Parte-hartze_zuzena_bermatuko_duen_plana_eskatu_dute_alde_zaharrerako.htm

http://ondarroa.hitza.info/albisteak/1746/Herrigune_Historikoa_Birgaitzeko_Planak_1.300_alegazio_jaso_ditu.htm

http://ondarroa.hitza.info/albisteak/1656/Kaleandiko_bizilagunek_alegazioak_aurkeztuko_dizkie_oinezko_pasabideari.htm

Blog de WordPress.com.

Subir ↑