Buscar

Lea Artibaiko Eguzki

Categoría

Portuak

Portuko zikinak salatu

Duela hilabete batzuk karta bana idatzi genien Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzari eta Itsas Komandantziari. Bertan, portuko isurketekin eta zikinekin amaitzeko eman beharreko pausoak emateko eskatzen genien: txalopek gasoila hartzerakoan portuko zaindariak bertan egotea, mangerei topeak ipintzea, isurketen laginak hartzea…

 

Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzak ez digu erantzun ere egin; Itsas Komandantziak, bai. Honen erantzunean aipatzen zigun legeak asko zorroztu direla isurketei dagokienez, bete beharreko arauak gero eta zehatzagoak direla, eta abar. Baina, arauak arau, komandatziak lege horiek bete arazteko bitartekorik ez zuela aitortu zigun. Legeak bai onak, baina bete eragiteko inor ez!

Ikusirik erakundeek ez dutela arazoari irtenbidea bilatzeko bitarteko ekonomikorik ipini nahi, herritarron txanda heldu da. Geuk salatu behar ditugu geure uraren kontra egiten diren gehiegikeriak. Geuk jakin behar dugu zeinek botatzen dituen zikinak uretara.

Beraz, herritarrei esan nahi diegu, portuan enpresaren edo pertsonaren bat uretara zikinak edo isurketak botatzen ikusiz gero salatzeko, ateratzeko argazki bat edo apuntatzeko izenak. Deitzeko udaltzainei atestatuak jaso ditzaten. Eta bidal dezatela euren salaketa edota argazkia Eguzkiren helbide hauetara: eguzkileartibai@gmail.com edo Kamiñalde 35, Ondarroa.

Portuan edo Artabiden bizi direnei, portuan lan egiten dutenei edota bertatik paseoan ibiltzen direnei adi egoteko eskatzen diegu, portuan gertatzen dena zorrotz zaintzeko.

Denok batera lortuko dugu portua garbiago mantentzea eta ingurumena errespeta araztea. Portu bizi eta garbi bat edukitzea posible da!

Anuncios

Portua garbitzeko proposamen zehatzak

EGUZKI TALDE EKOLOGISTAK ONDARROAKO PORTUKO ISURKETEKIN AMAITZEKO NEURRI ZEHATZAK ESKATU DIZKIE PORTU ZUZENDARITZARI ETA SUSTAPEN MINISTERIOARI

Urte asko daramatzagu Ondarroako portuko uretan egoten den zikina salatzen. Duela urte batzuk, ehundaka sinadura batu genituen herrian, portua garbi mantentzeko eskatzen zutenak.

Ahalegin horiek guztiak eginda ere, gaur da eguna Ondarroako portuan ura zikinduta agertzen dena, eguna joan eta eguna etorri.

Behin baino gehiagotan egon gara itsas komandantziako ordezkariarekin, eta portua garbi mantentzeko eman diren pausuak azaldu izan dizkigu. Aurrerapausoak eman dira bai legalki eta baita jardueren aldetik ere, eta komandantziako ordezkariaren borondatea ere ona da.

Baina, hala ere, portuko urek zikinduta jarraitzen dute. Gure ustez hau bi arrazoirengatik gertatzen da: bata, ez delako bitarteko ekonomiko eta pertsonal nahikorik ipintzen isurketak zaintzeko. Bestetik, legeetan aurreikusten diren neurriak ez direlako nahikoak.

Horregatik, erakunde horiei neurri konkretu hauek ezartzeko eskatzen diogu:

– Itsasontzi batek gasoila hartu behar duenean, portuan lanean dauden zaindariak bertan egotea, zaintzen.
– Itsasontziek gasoila hartzeko erabiltzen dituzten mangerek topeak edukitzea, itsasontziko gasoil tankea betetzean denean gasoilak gainez egin ez dezan eta uretara eror ez dadin.
– Portuan kokatuta dagoen desguazeari tanke itxi bat egitea, gaur egun han sortzen diren zikinak zuzenean uretara joaten dira eta.
– Portuan agertzen diren isurietan laginak hartu eta aztertzea, isuritakoa zer den eta nondik etor daitekeen jakiteko.

Neurri hauen baliogarritasuna neurtu ahala, beste neurri batzuk hartzen joan beharko gara, historikoa bihurtu den arazo hau konpontzeko. Hori lortuz gero, herritarren osasunak eskertuko luke, eta portuaren irudia ere hobetuko litzateke.

Neurriok hartzeko bitarteko ekonomiko eta pertsonal guztiak ipiniko dituztela espero dugu. Guk horretarako lanean jarraituko dugu

Ondarroako Eguzki talde ekologista
2011ko abenduan

Portua zikintzea geure burua zikintzea da!

Mutrikuko itsas energia instalazioak: sentipen kontrajarriak

Eguzkik Mutrikuko itsas energia instalazioen gaurko inaugurazioari buruzko iritzia eman nahi du, gertakari honek sentsazio kontrajarriak sortzen baitizkigu.

– Hasteko, positiboa iruditzen zaigu olatuen indarra energia berriztagarri lez erabiltzea. Pauso txiki bat da -instalazioak 660.000 kWh sortzen baititu urtean, denbora horretan 600 pertsonak kontsumitzen dutena, hain zuzen ere – baina bide zuzena iruditzen zaigu.

 – Halako instalazioak dikeak eginda dauden lekuetan ipini beharko lirateke (Santurtzin, Bermeon, Orion, Hondarribian…), baldintza teknikoek ahalbidetzen duten heinean, beti ere. Izan ere, ez dugu uste instalazio mota hauek asko heda daitezkeenik euskal kostaldeko 200 kilometro eskasetan, nahiz eta proiektu honen bultzatzaileek bestelakorik esan.

– Hori bai, ezin ditugu halako instalazioak erabili ingurumenarentzako kaltegarriak diren obrak justifikatzeko. Hainbeste eztabaida sortu duen Mutrikuko dikea justifikatzeko, adibidez. Energi azpiegitura honek ez du justifikatzen Mutrikun egin den obra guztia.

– BIMEP proiektua dela eta, berriro ere moratoria bat eskatu nahi dugu, oraindik ez baita aztertu halako azpiegiturek itsas ingurumenean duten eragina. Baliteke eraikuntzan erabiltzen den produkturen bat kaltegarria izatea, adibidez. Gainera, uste dugu azpiegitura hauen erabilera ez datorrela bat itsasoan 12 miliak babestearen aldeko proposamenarekin. BIMEPen kasuan, bere kokapena guztiz gaitzesten dugu.

– Agian, egunen baten, gure instituzioek gure energia produkzio moduei buruzko eztabaida hasi eta bultzatzeko duintasun nahikoa edukiko dute, eta gutxieneko akordioetara heltzen ahaleginduko dira, inposaketak albo batera lagata. Momentuz inposaketak besterik ez ditugu ikusten: Boroako zentral termikoa, Muskizeko Coke instalazioa, mendiak errotaz betetzen…

Behar-beharrezkoak dira eztabaidak eta erabaki onak, geure lurrak eskatzen digu.

Portuk kakaztute jarraitzen dau

Urteak daramatzagu salatzen, eta hala ere Ondarroako portuak zikinduta jarraitzen du. Bitartekoak egon badaude, baina ez dira erabiltzen. Non daude portuko zaindariak uretara isurketak egiten direnean?

Portuen kutsadura

PORTU GARBIAK EUSKAL KOSTA BIZIAN (azterketa txostena)

Gure kostako portu garrantsitzuenak egoera tamalgarrian daude. Era guztietako zikinkeria ur azalean ikus daiteke, arrantzale eta langile batzuk, zein min handia egiten duten ohartu barik, botatako plastikozko zabor eta kaxak, adibidez.

Beste aldetik, itsasontziaren depositoa betetzean isurketak sarriegi gertatzen dira. Honekin batera txalupa hauek jaurtitzen duten motorreko olioaren isurketa ere badugu.

Txosten guztia irakurri hemen

Crea un blog o un sitio web gratuitos con WordPress.com.

Subir ↑