Buscar

Lea Artibaiko Eguzki

Categoría

ura

Ondarroako Udalak isurketen inguruko gure mozioa onartu du

Ondarroako udalak isurketen inguruan sartu dugun mozioa onartu du plenoan. Mozio horretan uda honetan gertatu diren isurketen inguruan informazioa eskatzen dugu, besteak beste. Bilduko 9 zinegotziek bozkatu dute alde; PNVko 2ak, abstenitu egin dira.

Hauxe da mozioaren testua:

MOZIOA: EGUZKI TALDE EKOLOGISTAK ONDARROAKO IBAIAN EGOTEN DIREN ISURKETEI AURRE EGITEKO ESKATZEN DIO ONDARROAKO UDALARI

Ondarroako ibaiaren kalitatea asko hobetu da azkenengo urteetan, batez ere etxeetako ur zikina ur araztegira bideratu direlako. Hala ere, urtea joan eta urtea etorri, errekara egindako isurketak behin eta berriro errepikatzen dira. Horren erakusle da datu hau: 2012ko udan Arrigorri hondartzan bainua debekatu behar izan da behin baino gehiagotan, portutik eta ibaitik kutsadura ailegatu delako bertara.

Uste dugu arazo honek gure ingurumena eta herritarren osasuna kaltetzen dituela, eta konpondu beharreko gaia dela. Horregatik, Ondarroako udalari pauso hauek emateko eskatzen diogu.

Portuan egoten diren isurketen kasuan eskari hauek egiteko Portu Agintaritzari:

–        Informazioa eskatzea udan txalupa bati isurketa bat egiteagatik ipinitako isunaren inguruan. Ea tramitazio hori nola dagoen.

–        Txalupek gasoila hartzen dutenean portuko zaindari bat bertan presente egoteko eskatzea

–        Txalopen desguazearen egoera legalaz galdetzea: zelako baimenak dituen enpresak; desguazeko arlanpak legea batetzen al duen; zergatik egiten diren desguaze batzuk uraren gainean eta tingloi ondoko erregai biltegien aurrean.

Saturrarango errekatik ateratzen den ur zikinaren inguruan, galdera hauek egiteko Mutrikuko Udalari:

–        Ea zein egoeratan dagoen Mijoako araztegia.

–        Ea informaziorik edo tramitaziorik baduten udan egondako isurketen inguruan, eta ea isurketa horiek egin dituztenen berri baduten.

Astilleruko kirol portuko arlanpan egiten diren isurketen inguruan, eskari hauek egiteko Antiguako Ama Itsas Elkarteari:

–        Arlanpan pinturarik ez botatzeko uretara, eta txalopen pinturarik ez kentzeko presiozko ur txorrotadekin

–        Bestelako gai toxiko eta kutsatzailerik ere ez botatzeko ibaira

Berriatuko udalari ere informazio hau eskatzea nahi dugu:

–        Zein egoeratan dagoen Berriatuko ur zikinen sarea, eta bereziki ea nora isurtzen dituzten ur zikinak Gardotza poligonoan.

Udalari eskatzen diogu beste arazo hau ikertzeko eta konpontzeko bitartekoak ipintzeko:

–        zenbait etxeetan ur zikinen irteera teilatuko euri uren hodietara konektatuta daukate.

Era berean, udalari eskatzen diogu ur zikinean sarera konektatu gabe dauden lekuak ahalik eta arinen konektatzeko.

Jasotako informazio guztia Eguzki talde ekologistari bidaltzea eskertuko genuke

Anuncios

Ondarroako portuan beste isurketa bat

Astelehenean beste isurketa bat egon zen Ondarroako portuan. Uretara botatako gasoila hondartzara heldu zen, eta bandera gorria ipini behar izan zuten, jendeak bainurik ez hartzeko. Ondarrutarren osasunaren kontrako beste eraso gogor bat izan da hau, baita geure ibaiaren kontrakoa. Oraingoan ere inork ez du ordainduko?

Gainera, ez da aurtengo udan egon den lehen isurketa. Duela pare bat aste ere bandera horia ipini zuten hondartzan, beste isurketa bat ailegatu zelako hondarrera. Aurreko astean arrainak hilda agertu ziren ibaian. Eta herritar batek argazki bat bidali zigun, barku bat uretara bits zuria botatzen erakusten zuena…

Portuko egoera benetan larria da. Txalupek lasai-lasai produktu toxikoak botatzen dituzte uretara, eta ez dute sekula isunik ordaintzen. Portuko agintariek beste aldera begiratzen dute beti. Eta argi dago ez dutela ikusten, ez dutelako ikusi nahi, eta ez ezin dutelako ikusi.

Duela hiru-lau urte, kartel batzuk ipini genituen portuan, isurketen kontra. Hurrengo egunean, portuko zuzendariak salatu egin gintuen, kamarekin grabatu gintuelako kartelak ipini bitartean. Portuko kamerek kartelak ipintzen ari diren herritar batzuk grabatzeko ahalmena badute, zergatik ez dituzte sekula grabatzen isurketak egiten dituzten txalupak? Ala portuko zuzendaritzak grabatutakoa ezabatu egiten du? Egoera benetan da larria: portua zaindu behar duten arduradun politikoek isurketak gertatzeko aukera eskaintzen dute.

Duela aste batzuk herritarrei eskatu genien portuko isurketei argazkiak atera eta guri bidaltzeko. Jada jaso dugu argazki bat, eta salaketa ere sartu dugu. Bide horretartik jarraitu behar dugu ondarrutarrok: argazkiak atera eta salaketak sartu, isurketak egiten dituztenak identifikatu arte. Eta portuko arduradunen lotsagabekeria eta ardura falta salatzen ere jarraitu behar dugu. Ez dagoelako eskubiderik portuan gertatzen direnak gertatzeko.

Isurketaren bat ikusten baduzue, atera argazkia eta bidali hona: eguzkileartibai@gmail.com

Ondarroako araztegiak itsasora ur zikina botatzen jarraitzen du

Duela urte eta erdi Ondarroako araztegi berriak akatsak zituela eta itsasora ur zikina botatzen zuela salatu genuen. Egoera hori ez da aldatu, eta aurtengo udan kostaldeko haitzetara hurbildu direnek nabaritu dute ur zikina eta usain txarra.

Ur Partzuergoarekin kontaktuan jarri gara, eta araztegiarekin arazoak dituztela onartu digute berriro ere (ikusi atxikitako dokumentua).

Gertatzen dena hauxe da: araztegiak etxe eta enpresetako ur zikinak jaso eta bi tratamendutatik pasatzen ditu. Lehenengo tratamenduan ur horretan dauden objetuak kentzen dituzte mekanikoki. Bigarren tratamenduan uretako zikin organikoak garbitzen dituzte, biologikoki, bakterioen bidez. Behin ura garbituta, itsasora botatzen dute.

Baina ura jasotzeko herri barruko hodi asko zulatuta daude, eta filtrazioak dituzte. Horregatik, marea biziak daudenean, errekako ur gazia sartzen da bertatik. Araztegira ur gazia heltzen bada, honi tratamendu mekanikoa egiten diote, baina tratamendu biologikorik ezin izaten diote egin, ura garbitzen duten bakterioak hil egiten baitira ur gaziarekin.

Orduan, ur gazi zikin hori tanke huts batera botatzen dute. Eta tanke hori betetzen denean, ur zikina itsasora botatzen dute. Hori da usain txarren arrazoia ere, tankeetan batutako ur zikina. Urte eta erdian, araztegira heldu den ur zikinen %14 itsasora bota dute zuzenean.

Ur Partzuergoa inposatu egin zitzaigun ondarrutarroi, araztegia kudeatzeko beharrezkoa zela esanda. Aitzakia horrekin, uraren faktura garestitu ziguten. Egoera zein den ikusita, Ur Partzuergoari eskatzen diogu negozio pribatua egin ordez, araztegiaren akats horiek ahalik eta azkarren konpontzeko, horretarako behar diren bitarteko teknologiko eta ekonomiko guztiak ipinita.

Ondarroako araztegi berriak akatsak ditu

Duela egun batzuk idatzi bat bidali genizuen Ondarroako ur araztegiak sortutako kalteen inguruan. Idatzi horretan galdera bat luzatzen genuen: ea zergatik ari zen depuradora itsasora ur zikina isurtzen.

Ur Partzuergoarekin egon ostean, euren erantzuna jaso dugu (hemen irakurri daiteke), eta gure usterik okerrenak bete dira: Depuradora akats batekin eraiki zuten, eta horren ondorioz itsasoko ur geza araztegira sartzen da, eta ur zikina itsasora bota behar izaten da. Akats hori konpontzeko obrak ari dira egiten, estreinatu berria den depuradoran. Ez dakiguna da konponketa hauek zenbat balioko duten.

Hankasartze larri hau kontuan hartuta (eta baita aurreko testuan aipatzen genituenak ere) errudunek ardurak hartzea eta egindako kalteak konpontzea esijitzen dugu.

Ondarroako ur araztegia: desastre baten kronika

Ondarroarrek urteak zeramatzaten euren ibaiko urak garbitzeko ur depuradora bat eskatzen. Zain egondako denbora luzea izan bada ere, azkenean herriak badauka araztegia.

Baina ez dakigu pozik egon behar garen, ala kezkaturik, araztegi hau egiteko prozesua desastre ekologiko hutsa izan baita. Arazoak konpontzeko zen obra batek problema gehiago sortu ditu, eta euretariko batzuk konpontzeko daude edota konponezinak dira.

Obra honen lehenengo desastrea bere kokapena izan zen. Jada urbanizatua zegoen espazio bat erabili ordez (Ondarroako portua, adibidez) eraikin berria kostako bideko haitzetan eraiki zen, Kosten Legeak eraikin bat egiteko ezartzen dituen itsasoarekiko distantziak errespetatu gabe eta herrian dugun ingurunerik ederrenetariko bat desitsuratuz.

Eraikin zentralaz gain, ur zikinak garraiatzeko eraiki diren ponpatzeko estazio eta hoditegiek ere ondorio latzak laga dituzte. Ponpatzeko estazioak Alleriko paduran eraiki dira, uren igoera maila edota paduraren babesa kontuan hartu gabe. Hoditegiak, ostera, mendi azpiko tuneletatik sartu dira, eta ondorioz akuifero handi bat hustu dute, milaka litro ur galdu eta inguruko baserri asko debaldeko ur hornidura naturalik gabe lagata. Ur hori laster berreskuratuko zela esan zuten obraren arduradunek, baina gaur da eguna oraindik tantarik ere ez dagoena.

Hori dena nahikoa ez balitz, depuradorak hilabeteak daramatza ur zikina itsasora botatzen. Kostaldetik pasiatzen ibili den edonork ikusi ahal izan du itsasoa zikinduta. Zergatik ari da gertatzen hau? Depuradora egiteko egin diren sakrifizio guztien ondoren, zergatik jarraitzen du ur zikina itsasora botatzen?

Ur errekurtso naturalak desagertuta, padura eta kostaldea urbanizatuta, ur zikina itsasora zuzenean botatzen… Udalean, Diputazioan edota Uren Partzuergoan norbaitek honen guzti honen inguruko azalpen bat eman beharko luke, eta egindako kalteak ordaintzen hasi.

Horretaz gain, salatzekoa da depuradora berria aitzakiatzat hartuta udalak uraren kudeaketa Uren Partzuergoari eman izana. Orain, herriko ondasun publikoa dena (ura) kanpoko enpresa batek jestionatuko du, eta prezioak igoko dituzte negozioa egin ahal izateko.

Hitzaldia: uraren kudeaketa

Ingurumen batzordearen eskutik, hitzaldia uraren kudeaketari buruz.

Crea un blog o un sitio web gratuitos con WordPress.com.

Subir ↑