Buscar

Lea Artibaiko Eguzki

Categoría

Urbanismoa

Bidaurreta proiektua stop!

bidaurreta

Testu hau sinatzen dugun erakundeak arduratuta gaude Lea-Artibaiko eskualdean ingurumenari kalte egiten dioten hirigintza-proiektuak  direla eta. Horregatik MArkina-Xemeingo udaletxe honi ondorengo hau adierazi nahi diogu:

Gure ustez, Bidaurretako hirigintza-proiektua, non 48 txalet eraikitzeko asmoa dagoen, garapen eta hiri-antolamenduaren ikuspuntutik onartezina da.

Udaletxeak, proiektu honen urbanizazio-lanak has zitezen, lizentzia eman zuen. Honekin batera lanen egutegia ezarri zuen, lau urteko epean bukatzeko asmoarekin (bat hasteko eta hiru gauzatzeko). Epea 2016. urteko martxoan bukatzen dela gogorarazi nahi dugu.

Agerikoa da sustatzaileak, ezarritakoa betetzeko interesik ez daukala. Hortaz, ondorengo galderak egin behar ditugu: ez betetze honen aurrean zein izango da udaletxearen jarrera? Lurrak birkalifikatzeko neurri legalak hartuko dira? Eraikitzaileak egokia dela uste duen arte luzatuko dira bere espekulazio-eskubideak?

Bidaurretako urbanizazio-proiektua 90. hamarkadan hasi zen, lurren birkalifikazioarekin. 20 urte baino gehiago igaro dira eta egin den lur-mugimendu bakarra, obra minimo bat hasteko eta eskubideak finkatzeko izan da. Etorkizunean, ahal denean, jarraitzeko asmoa omen dago, baina momentu honetan ez dakigu noiz bukatuko diren lanak, bukatzen baldin badira.

Guk, hirigintza-proiektuaren iraunaldia amaigabea ote den eta egoera honek honela jarratitzea onartuko den ala ez jakin nahi dugu. Pantomima honekin jarraitzeak eraikitzailearen interesesei egiten die mesede bakarrik, denen interesak albo batera utziz.

Ez da hirigintzaren ikuspuntutik eta ingurumenaren aldetik eragingo lituzkeen kalteak eztabaidatzeko eta gogorarazteko momentua. Uste dugu azken urte hauetan nahikoa argudiatu eta eztabaidatu dela. Orain, honako hau erabaki behar da: zer egingo da, ekimen pribatuak bere proiektuaren ez betetze edo haustean daukan jarrera honen aurrean?

Uste dugu Lea-Artibaiko udaletxeak egitasmoak legeztatzeko presioak jasaten ari direla. Egitasmo hauek ez diete biztanleriaren benetako beharrizanei erantzuten eta ingurumenarentzako kaltegarriak dira. Lehenago 500 etxebizitza egin ziren Ondarruko paduran, berdina Mendexan landa-lurren okupazioarekin eta orain Markina-Xemeinen 48 txalet-en proiektuarekin.

Udaletxeek beraien lurrak etxebizitza familiabakarren eraikuntzara bideratzeko jasaten duten presioaren jakitun gara. Hala ere, kontuan izan behar da eskakizun guztiak betetzea ez dela derrigorrezkoa, horietako asko hiri-eredu jasanezin batera bideratuta baitaude. Honelako eskaerei erantzuteak ondorio desberdinak dakartza: lurraren zatikatzea, ondare naturala galtzea, ibilgailuen mugimendua areagotzea, zerbitzu, sarbide, argi eta ur-garraioaren gastuak handitzea…

Uste dugu funtzio publikoaren betebeharra dela lurraren erabilpen jasangarria ziurtatzea. Horretarako zentzuzko hazkunde trinkoa da egokiena, ondorengo belaunaldiei ondare natural, osasuntsu eta orekatu bat uzteko.

Guzti honengatik, udaletxe honi zera eskatu nahi diogu: momentua heltzen denean bere entzutea erabil dezala eta beharrezkoak diren neurri legalak har ditzala, lurrak landa-lur bezala birkalifikatzeko eta proiektuaren eraikuntza ekiditeko.

Anuncios

Karraspio ingurua porlanez betetzeko proiektua bertan behera geratu da

Proiektu honen bidez, promotore pribatu batek Karraspio inguruan aparkalekua eta etxebizitzak eraikitzeko asmoa agertu zuen, eta, Mendexako Udalak eta Aldundiak babes osoa eman zioten hasiera-hasieratik.

Promotoreak 24 etxebizitza eraiki nahi ditu Karraspio gainean, eta horren truke 180 autorentzako aparkalekua egiteko lurra eskaini du. Baina, norentzat izango dira etxebizitzak? Noren mesederako? Zein eratako etxebizitzak izango dira? Herritarren poltsikoetarako? Gainera, eta larriena, babestutako gune horretan zeuden zuhaitzak ere moztu egin dira 2003-2013 urteen artean lurra soiltzeko helburu bakarrarekin (delitu ekologikoa).

Bestetik, argi dago 180 aparkaleku egiteak ez dituela aparkatzeko arazoak konpontzen. Lekeitioko irteeran badaude aparkalekuak trafikoaren arazoari irtenbidea emateko, eta orain Karraspio hondartzan beste aparkaleku bat egiteak, inguruneari sekulako kaltea egiteaz gain, trafiko gehiago ekarriko luke hondartzara eta arazoa handiagotu. Horren aurrean guk kalterik txikiena egingo duten alternatibak aztertzea proposatzen dugu: garraio publikoan hobekuntzak egin, autobus lantzaderak jarri…

Proiektu honen guztiaren helburua zein den ikusteko ez da betaurreko berezirik behar: promotore pribatu baten negozioa. Harrigarriena da Udalak eta Diputazioak promotore pribatu horrek aurkeztutako proiektua azken muturreraino defenditu dutela.

Proiektua gelditzeko bide luzea egin dugu 2011tik hona. Batetik, ikusita gure alegazio eta kexak ez zirela kontuan hartzen, epaitegietara jo behar izan dugu eta administrazioaren aurrean kontentziosoa jarri. Bestetik, era askotako ekintzak antolatu ditugu gure aldarrikapena kaleratzeko: hitzaldiak, ibilaldia, antzerkia, barazkien salmenta, panel informatiboak, elkarretaratzeak, auzo-lana, sinadura bilketa…

SOS KARRASPIO izeneko mahaian biltzen izan diren talde eta herritarren lana ezinbestekoa izan da egitasmoa gelditzeko (auzokoak, Gu behintzat oinez herri plataforma, Ekozain talde ekologista, Lekitxo bizirik, Mendexako Bildu, Lekeitioko Bildu, Lekeitioko Aralar…), baita gerora, sinadura emanez edo ekintzetan parte hartuz, atxikimendua adierazi duzuen eskualdeko mendi talde (Lumentza, Aurrera, Artibai), talde ekologista (EGUZKI, Ekologistak martxan), eta makinatxo bat lagunen ekarpena ere.

ZORIONAK DANORI.

Auzi hau irabazi dugu, baina aurrerantzean ere adi jarraitu beharko dugu gure ingurunearen defentsan

Epai honek erakusten digu zaila dirudien arren, herritarrok elkar hartuta, guztion lanarekin, gauza handiak lor ditzakegula

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Zenbat leku okupatzen dute kotxeek Ondarroan?

kotxe 3

Ondarroan 3.248 kotxe daude. Hau da, 3 pertsonako kotxe bat baino gehiago.

Kotxe hauek espazio asko okupatzen dute. Bakoitzak 8 metro kuadro inguru dituela kontuan hartuta, Ondarroako kotxe guztiek 25.984 metro kuadro okupatzen dute, 2,59 hektarea (kotxetik ateratzeko behar den tartea, eta maniobra egiteko behar den espazioa kontatu barik).

Hau da, kotxe guztiak bata bestearen alboan ipinita, Ondarroako Alde Zahar guztia okupatzea lortuko genuke. Herriko kotxe guztiak kenduta, Zaldupe futbol zelaia baino 4 bider eta Itsas Aurre plaza baino 11 bider espazio handiagoa lortuko genuke.

alde zaharra

Horrenbeste kotxe egoteak kalte asko eragiten ditu herrian:

– Espazio publikoaren galera: zenbat kale, zenbat eraikin, zenbat lokal galtzen ditugu kotxeei espazioa lagatzeko! Imajinatzen duzue Anexuko aparkalekuak kendu eta kirol gunea handitzea? Imajinatzen duzue Astilleruko aparkalekuetan kultur etxe bat, jatetxeak eta parke bat? Imajinatzen duzue Itsas Aurreko aparkalekuak kendu eta plaza handitzea?

– Kutsadura: Zarata eta aire kutsatua daukagu hainbeste kotxeren ondorioz

 

kotxe 1

 

Irtenbideak badaude, herrian kotxe gutxiago egoteko:

– Peatonalizazioekin jarraitu behar da. Kotxeei mugak ipini behar zaizkie herri barruan.

– Bizikletentzako bideak gehitu behar dira, herri barruan eta herritik herrira.

– Garraio publikoa hobetu

– Kotxea konpartitzen dutenei sariak emon enpresetan

kotxe 2

Kotxeak gutxitzeko neurriak hartzen baditugu, denok irabaziko dugu. Espazio publikoa irabaziko dugu, kutsadura gutxituko da, eta osasuna hobetuko zaigu!

Zenbat lur behar ditugu Ondarroan gure jatekoa lortzeko?

Ondarroako Udala herriko plan orokorra barritzen hasi da. Hori dela eta, Eguzki talde ekologistak proposamen batzuk egin nahi ditu. Hauxe da lehenenego proposamena.

Ondarroan jaten dugun jatekoa produzitzeko zenbat lur behar ditugun kalkulatu, eta herrian lur kopuru hori babestu (eta plan orokorrean zehaztu).

Elikadura burujabetza lortzea pauso garrantzitsua da herri batentzat, nekazaritzan lanpostuak sortu eta jatekoa garraiatzen energia gutxiago gastatzeko. Baina Euskal Herrian gero eta lur gutxiago daukagu landatzeko. Azken 30 urteetan zementoz urbanizatutako lurrak hirukoiztu egin dira. Eta urbanizatutako lur horiek geneuzkan lurrik aberatsenak eta onenak ziren: lautadak, ibaien alboak…

Geratzen zaizkigun lur aberatsak babestu egin behar ditugu, eta babes hori herrietako arauetan eta planetan agertu behar da. Argi dago Ondarroan jaten dugun guztia Ondarroan lortzea ezinezkoa dela, baina bide horretan pausoak ematen jarraitu behar dugu, ahal denik eta gehien berton produzitzeko. Horretarako oso leku aproposak ditugu, Allerin, Gorozikan…

Beraz, udalari eskatzen diogu geure jatekoa produzitzeko behar dugun lur kopurua neurtzeko, eta plan orokorrean ipintzeko. Adibide lez, Usurbilen egindako lan hau daukagu:

https://docs.google.com/viewer?a=v&pid=sites&srcid=ZGVmYXVsdGRvbWFpbnxlbGVkZXJidW18Z3g6NTVkM2NlMDBiZTg3NjBjMA

P1080146

Ondarroan mugikortasun ekologikoa bultzatzeko plana

Ondarroako Eguzkik lau ekintza proposatzen ditu, herrian mugikortasun jasangarria bultzatzeko. 4 ekintzak batera edo banaka egin daitezke.

Ekintza horiekin oinezkoen eskubideak sendotuko dira, eta bizikletan edota beste garraiobide jasangarri batzuekin (patinak, skatea…) ibiltzea lagunduko da.

1 – Artibai erreka alboak libre laga, Institutuan eta Gaztelekuan

bizikleta 1

Erreka alboko bidea itxita dago liburutegi aurretik nagusien egoitzara. Institutuko eta Gaztelekuko hesiek bidea mozten dute. Bide hori libre lagata, erreka albotik oinezkoak eta bizikletak ibiltzeko bidea sortu daiteke. Horrela, Ibaiondotik Alde Zaharrerako “bidegorri” bat lortuko genuke, bi norabidekoa. Gainera, legeak agintzen du erreka alboko pasabideak libre laga behar direla.

2 – Erribera, Nasa eta Kantoipe, oinezkoentzako

bizikleta 2

Kale Handi, Iperkale eta Goiko Kalean egin den bezala, Nasa eta Kantoipe kaleak oinezkoentzako izan behar dira. Igo eta jaisteko piboteak ipini behar dira eremu horretan. Bertako bizilagunek sartu irtenak egiteko txartelak eduki ditzakete, eta goizetan karga eta deskargako ordu batzuk laga daitezke. Osterantzean, oinezko eremua izango da, eta bizikletek alde batera eta bestera pasatzeko eskubidea edukiko dute, beti ere abiadura kontrolatuta.

3 – San Inazio, peatonalizatua

 bizikleta 3

San Inazio kalea, haurtzaindegitik Zubi Barrira, peatonalizatu egin beharko litzateke (gaur egun erribera eta nasa dauden bezala). Kotxeei norabide bakarrean pasatzen laga (gaur egun bezala); eta espaloiak eta errepidea altura berdinean ipini, bizikletak bi norabideetan mugitu ahal izateko.

4 – Bizikleta karrila, Artabiden

 bizikleta 4

Artabideko errepidean bizikletentzako karrila margotu behar da. Eremu hori kotxeek eta bizikletek konpartituko dute, baina kotxeek bizikleten erritmoa errespetatu beharko dute.

Urberuaga-Ondarroa errepidearen inguruan gogoeta batzuk

Prentsaren bidez jakin dugu Bizkaiko Foru Aldundiak ez duela Urberuaga, Ondarroa eta Lekeitio artean errepide berririk egingo, krisi ekonomikoa pasatu arte behintzat.

Batetik, notiziak penatu egin gaitu, hurrengo urteetan ere orain daukagun errepide eskasetik ibili beharko baikara atzera eta aurrera. Baina, bestetik, lasaitu ere egin gaitu, horrek errepide berri horri buruz eztabaidatzeko eta gogoeta egiteko denbora emango digulako.

Gure eskualdeko errepide nagusiak zahartuta daudela eta berritu egin behar direla eskualdeko herritar gehienok onartzen dugun begi-bistako zerbait da. Kontua da, ea zelan berritu behar diren errepide horiek.

Aldundian agintzen dutenek mapa hartu eta lerro bat markatu dute puntu batetik bestera. Puntu horien artean dauden “oztopo” orografiko guztiak tunelen eta zubien bitartez gainditzeko asmoa daukate errepide berria egiteko. Euren proiektuan ez dira kontuan hartu obra horrek sortzen dituen hondakin eta zarata piloa, txikitzen dituen akuiferoak, basoak, nekazal lurrak, errekak… Diputaziokoentzat baliabide naturalak oztopo bat baitira.

Guk ere errepide hori berritzea nahi dugu, baina gaur egungo trazatua erabilita eta konponduta, ahal den neurrian. Horrek obraren inpaktu ekologiko, sozial eta ekonomikoa asko gutxituko luke. Gainera, berritze hori inguruotako herritar eta baserritarren iritzia kontuan hartuta planifikatu beharko litzateke. Eta beti ere eskualdeko ikuspegia galdu barik, egiten ditugun joan-etorri gehienak eskualde barrukoak izaten dira eta.

Guk gure iritzia argi daukagu, eta herritarren artean zabaltzen ahaleginduko gara. Basoak, zelaiak, errekak eta akuiferoak apurtu beharrik ez dago. Gaur egungo errepidea konpondu, zabaldu eta hobetu behar da, errebueltak eta aldapak kenduta, baina bere trazatua ahalik eta gehien aprobetxatuta. Bizikletan ibili ahal izateko lekua ere egin behar da alboetan.

Eztabaida hasteko ordua da. Eztabaida horretan geure eskualdeko antolamendua zelakoa izan behar den erabaki behar dugu. Eta, garrantzitsuena, Diputazioak gure eskualdean hartzen diren erabakiak errespetatu beharko lituzke.

Argi gutxiago hobeto ikusteko

Ondarroako Udal Gestorak herriko argiteria berriztu nahi du argi kontsumoa gutxitzeko. Horretarako, lanpara berriak ipiniko dituzte, argi berdina bota baina gutxiago gastatzen dutenak. Eguzki taldekook uste dugu erabaki ona dela hau, baina oso mugatua ere badela. Herriko energia kontsumoa murrizteko eta ingurumena zaintzeko aldaketa gehiago egin behar dira. Adibidez, herrian dauden farola guztiei goiko aldea estali behar zaie, argia goiko partetik joan ez dadin. Gaur egun hori gertatzen da farola askotan, eta energia xahutzeaz gain kutsadura luminikoa ere sortzen da.

Baina udala kontraesan batean ari da erortzen. Azken lau urteotan izugarri gehitu du herri barruko argiteria, eta orain argiteri horrek gutxiago gastatzea nahi du. Guk uste dugu gutxiago gastatzen duen argiteria ipintzeaz gain, argiteria gutxiago ere ipini behar dela. Herrian soberan daude farola asko, eta beste asko itxura egiteko bakarrik. Adibidez, azken hilabeteotan margotutako horma askori argiak ipini zaizkie, apaintzeko bakarrik. Zubi Zaharreko, Kalatrabako eta Iñaki Deunako argi txikiek ere ez daukate funtzio praktikorik, eta Plaiko Morroan edota herriko pasealekuetan behar baino farola gehiago daude.

Ondarroan azterketa orokor bat egin behar da, kalez kale eta auzoz auzo. Txarto argiztatuta dauden edo arriskutsuak diren lekuak hobeto argiztatu behar dira, baina alperrik dauden farolak kendu egin behar dira. Politoago egiteko dauden argiak asko murriztu behar dira, eta tenporizatzaileak edo interruptoreak ipini behar dira bai apaintzeko diren argi hauetan eta baita gutxi erabiltzen diren guneetan ere, pasealekuetan adibidez.

Ondarroako Argiteriaren Plan hau egiteko, ezinbestekoa da herritarren parte hartzea, leku ilunak eta leku argiztatuegiak identifikatzeko, asko edo gutxi erabiltzen diren kaleak zeintzuk diren jakiteko. Udalak ahalik eta arinen ipini beharko luke halako batzorde bat martxan. Beti ere herriaren energia kontsumoa murriztu, diru publikoa aurreztu eta ingurumena zaintzeko.

Adibide batzuk:

Farolak goiko aldea estali barik:

Pilo bat farola leku bakar baten:

Argiak gau osoan piztuta arrazoi estetikoengatik:

Argi txikian bestela ere ondo ikusten diren lekuetan:

Argi gehiegi dago kaleetan, horren erakusgarri argazki hau. Farola batzuk ez dute funtzionatzen baina hala ere kalea ondo ikusten da.

MENDEXAK ‘BIRIKA BERDEAK’ BEHAR DITU ALA?

Lea Artibaiko Eguzki talde ekologistakooi Mendexako Vista Alegre gunean etxeak egitea zentzugabea iruditzen zaigu, arrazoi askogatik.

Hasteko, 28 etxebizitza eta 125 autorentzako parkinga eginez gero, inguru horrek eragin ekologiko eta paisajistiko kaltegarria jasango du. Eta auto gehiago erakarriko ditu lehendik ere saturatuta dagoen leku batera. Hori udalak aparkalekua egiten badu, ze orain arte argi dagoen bakarra da etxeak egingo direla. Aparkalekua egitea “aukera” bat da bakarrik.

Gainera, Mendexan ez dago etxebizitza gehiagoren beharrik, ezta Lekeition ere, hemen ehunka etxe baitaude hutsik, eta gehiago eraikitzeko proiektuak. Etxe huts horiek ondo kudeatu eta banatu behar dira. Gainera, kokapena ikusita, Vista Alegrekoak etxebizitza elitistak izango dira, bigarren etxe lez ibiliko direnak.

Horretaz gain, obra egin ondoren, etxe hauek Lekeitioko beste errepideekin lotzeko obrak egin beharko lirateke, eta kalte ekologikoa handiagoa litzateke oraindik ere. Eta ezin dugu ahaztu Lea ibaia ere hortxe bertan dagoela, eta Interes Komunitarioko Leku izendatua dagoela.

Obra hau egin nahi dutenek diote eraikinen ondoan parke bat atonduko dutela, eta hau Mendexaren birika berdea izango dela, Mendexak bestela ere baso eta zelairik izango ez balu bezala! Argi dago etxebizitza hauek egitearen atzean dagoen interes bakarra kostaldeko leku pribilejiatu batean espekulatu eta negozioa egitea dela.

Mendexaren etxebizitza politika oso kaltegarria da ingurumenarentzat eta herriaren biziarentzat: txaletak egin dituzte herrigunean eta etxeak egin nahi dituzte kostaldean. Baina bultzatu behar diren hiriak bestelakoak dira: herriguneak ahalik eta gehien aprobetxatu behar dira, dentsitate handiko etxeak eta auzoak eginda, inguru naturalak ahalik eta gutxien urbanizatzeko eta zerbitzuak herritar guztien esku egoteko. Eta kostaldea bakean laga behar da!

Ez da harritzekoa Vista Alegreko jabeek (obraren bultzatzaileek) negozioa egin nahi izatea. Gogorra dena da Mendexako udal gestorako politikariek negozio horretan parte hartzea, horretarako herriko arau subsidiarioak aldatuta.

Zoritxarrez, ez da gure eskualdeko kostaldean egin nahi den lehenengo negozio urbanistikoa! Azken aldian zementoak leku gehiegi hartu du gure haitz eta hondartzetan!

Vista Alegren egin behar dena dagoen gune berdea berreskuratzea da, eta ez gehiago degradatu eraikin berriak eta aparkalekua eraikita.

Eta Mendexako herritarrek zer nahi duten jakiteko, egin dezatela gestorakoek herri kontsulta lotesle bat maiatzeko hauteskundeetan. Orduan jakingo da bene-benetan proiektu hori herritarren intereserako den ala ez!

Lea-Artibaiko Eguzki.

Ondarroan bizikletarekin ezin ibilita!

Ondarroako udal gestorak bizikletaren erabilpena bultzatzeko konpromisoa hartu ei zuen Agenda 21ean, eta egin duen gauza bakarra lurrean bizikletak margotzea izan da.

Baina herri barruan bizikletarekin ibiltzeko dauden arazoak ez dira lurrean bizikletak pintatuta konpontzen. Herri barruan norabide bakarreko errepidea ipini zenetik, Alamedatik Berdura Plazara  errepideko arauak errespetatuz joateko, bizikleta zaleak Kalatrabaren zubira joan behar du, Astilleruko pasealekua zeharkatu behar du, errepidera igo behar da eta handik Zubi Barria zeharkatu behar du Plaza Berdurara heltzeko. Ibilbide honekin bizikletaren erabilpena sustatzen al da? Ez dugu uste.

Argi dago ibilbide hau prestatu dutenek ez dutela bizikleta askorik erabiltzen, eta ez dutela garraiobide hau alternatiba bezala ikusten, baizik eta aisialdirako elementu modura.

Ondarroan bizikletaren erabilpena alternatiba bat izateko Alde Zaharra osorik peatonalizatu behar da, piboteak kendu eta oinezkoei eta bizikletei lehentasuna emanda eta kotxeen sartu irtenak asko mugatuta (bai abiaduran eta baita kopuruan ere). Baina, noski, horretarako udalak azken urteetan Alde Zaharrean landu duen hirigintza eredua zentzugabea izan dela onartu behar du. Behin txarto egindakoa onartuta, bizikletarentzako alternatibak aurkitzea errazagoa izango da!

bizikleta

http://ondarroa.hitza.info/albisteak/3761/Bizikleten_bidea_ez_dela_egoki_ipini_esan_du_Eguzkik.htm

Crea un blog o un sitio web gratuitos con WordPress.com.

Subir ↑