Buscar

Lea Artibaiko Eguzki

Categoría

Energia

Fernando Salegi (Eguzki): “Garoña urruti dagoela dirudi, baina arriskua erreala da”

http://lea-artibaietamutriku.hitza.eus/2017/03/02/fernando-salegi-eguzki-garona-urruti-dagoela-dirudi-baina-arriskua-erreala-da/

https://i0.wp.com/lea-artibaietamutriku.hitza.eus/files/2017/03/Fernando-Salegi.jpg

Garoña berriro zabaltzen baldin bada, bere ustiapena nabarmen luzatu daitekeela dio Fernando Salegi Martinez (Elgoibar, 1963) Eguzki talde ekologista eta antinuklearreko kideak. Erabaki horrek arrisku larrian jarriko luke Lea-Artibai eta Mutriku, besteak beste.

Segurtasun Nuklearraren Kontseiluak Garoña zabaltzeko oniritzia eman du.
Hori, tamalez, horrela da. Erabaki hori hartzeko orduan baldintzatuta ere egon direla jakin dugu. Teknikoak, hain zuzen ere, baietza emateko sekulako presioa ari dira jasotzen. Garoña berriz zabaltzeko gai ez direla izango pentsatu nahi dugu, baina ikusten denaren arabera, horren atzetik hainbat interes daude.

Zer interes?
Oro har, bi interes nagusi daude. Alde batetik, interes ekonomikoa egongo litzateke. Garoña 40 urte baino gehiago egon da martxan, eta ondo amortizatuta dago jada.

Eta bestetik?
Beste interesako bat, eta energia oso merke lortzeko asmoagaz, zentral nuklear horren ustiapena nabarmen luzatzea da.

Zenbateraino?
Hasiera batean 60 urte arte zabalik eduki nahi dute Garoña, baina baimen hori oso erraz lortu dutenez, litekeena da 80 urtera arte ere luzatzea zentral horren ustiapena.

Zer eragin edukiko luke ustiapen urteak luzatzeak?
Erabaki horregaz, hain zuzen ere, gure osasunagaz eta ziurtasunagaz ari dira jokatzen. Garoña martxan jarri eta ustiapen baimena luzatzen baldin bada, gainera, Espainiako beste zentral nuklearretan ere gauza bera egin nahi dutela uste dugu. Espainian ia 40 urte beteko duten beste bost zentral nuklear daude, eta pentsa horrek guztiak hainbeste urtez zabalik egoteak zer arrisku eragingo lukeen.

Espainiako Gobernua, bestalde, Garoña zabaltzea aztertzen ari da. Horren beharrik ba al dago?
Ez dago energia nuklearraren beharrik. Espainia mailan, berez, beste era bateko energia soberan dago. Garoña lau urte baino gehiago egon da geldituta, eta frogatu ahal izan denez, energia hornidura berdin-berdin egon da. Hainbat erakundek, berriz, energia nuklearra merkeago dela sinetsarazi nahi digute, baina hori gezurra da.

Zergatik?
Zentral nuklearren enpresa arduradunek hainbat laguntza jasotzen dituzte Espainiako Gobernuaren aldetik, eta horrek merketzen du energiaren kostua. Hortaz, baliabide horren zati handi bat denon artean ordaintzen dugu. Energia nuklearrak, gainera, beste hainbat gastu ere baditu.

Zeintzuk, esaterako?
Hondakin nuklearrak ez dira inoiz desagertzen, eta horiek ondo gordeta egon behar dira. Eta horren inguruko kostua ere oso handia da.

Datuen arabera, ez dago Garoña zabaltzeko benetako beharrik. Euskal Herrian, esaterako, nahikoa energia sortzen da.
Bai, hori da. Hemen energia kanpotik ekarritako gasagaz sortzen dugu. Askotan bertan daukagun energia ez da behar bezala erabiltzen. Castejonen (Nafarroa), esaterako, bi zentral termiko daude. Horietako bat martxan baldin badago ere, bestea noizean behin pizten dute.

Garoña zabaldu, eta istripu bat gertatuko balitz, zer eragin izango luke hemen?
Garoña urruti dagoela dirudien arren, ez dago hain urruti ere. Arabako mugatik, esate baterako, oso hurre dago. Lea-Artibaitik, bestalde, 90 kilometro baino gutxiagora dago. Egia esan, horren inguruko kontzientzia gutxi dago gure jendartean. Arriskua erreala da. Txernobylen eta Fukushimaren moduko hondamendi bat egongo balitz hemen ere arriskuan egongon ginateke.

Ze neurritan?
Adituek diotenaren arabera, 150 kilometroko eremu batean kalteak nabarmenak izango lirateke. Baina kalteak eremu horretatik haratago ere zabaldu daitezkeela uste da. 1986an Txernobylgo hondamendi nuklearra gertatu zenean, esaterako, euskal herriraino ailegatu ziren erradioaktibitatez betetako laino toxikoak. Garoñak, gainera, oso teknologia zaharra dauka. 1970an inauguratu zuten, eta horrek ere istripu larri bat izateko aukerak biderkatzen ditu. Garoña, hain zuzen ere, lehen belaunaldiko zentraletako bat da; besteak beste, Txernobylgo zentral nuklearraren teknologia oso berdintsua dauka. Eta zentral horretan hainbat azpiegitura berritu ahal badira ere, erreaktore nuklearra ezin da inoiz aldatu.

Zergatik?
Hori betirako da. Dakigunaren arabera, gainera, hainbat arrakala dauzka. Arriskua, beraz, hor dago. Aurretik ere hainbat istripu txiki egon dira, eta hurrengoa auskalo noiz izan daitekeen.

Jendartean kontzientzia handirik ez baldin badago ere, gero eta jende gehiago dago gaiagaz kezkatuta, ezta?
Aurreko astean, esate baterako, jende gutxi agertuko zelakoan, sekulako jendetza batu zen Gasteizko giza katean. Ikusten denez, jendea nahikoa beldurtuta dago.

Berton ere hasi da mugimendua martxan.
Lea-Artibai eta Mutrikun ere bagabiltza zerbaitetan. Jendartea gaiak duen garrantziaz jabetu dadin, esate baterako, hainbat kartel jartzen ari gara herriz herri. Beste alde batetik, energia nuklearra erabiltzen duten Iberdrola edo Endesa moduko enpresen aurkako boikota ere bultzatzen dugu.

Zelan egin daiteke boikot hori?
Beste eredu energetiko batzuk posible direla uste dugu. Gaur egun, energia berdea eskaintzen duten alternatibak baditugu; Goiener kooperatiba, esaterako. Diru aldetik beste konpainien beste edo zer edo zer merkeago kostatzen da, gainera. Lortutako mozkinak ze proiektu alternatibotan inbertitu erabakitzeko aukera ematen diete bazkideei.

 

goiener apirila 2016-1

Lea Artibaiko udalei eskatzen diegu energia berriztagarrien kontsumo kooperatibekin hitzarmenak sinatzeko

Otsailaren 24an hitzaldi bat antolatu genuen Ondarroan. Bertan, Goiener kooperatiba ezagutu genuen. Kooperatba horietako kideek energia berriztagarrietatik lortutako energia kontsumitzen dute (jatorria zertifikatuta daukana), eta irabaziak energia berriztagarrietan inbertitzen dituzte. Euskal Herriko erakunde publiko gero eta gehiago dira halako kooperatibetako bazkide.

Lea Artibai eskualdeko udal guztiei eskatzen diegu halako kooperatiba baten bazkide egiteko, kontsumitzen duten energia guztia berriztagarria izateko eta arlo horretan inbertitzeko. Hori eskatzeko gutunak bidaliko ditugu udaletxeetara hurrengo asteetan.

wpid-img-20150224-wa0009

 

 

image

Fracking gabeko herriak eskualdean: Amoroto, Markina-Xemein, Ondarroa eta Lekeitio

frackIng-ez-torre1Duela urte bat mozioak sartu genituen Lea Artibai eskualdeko udaletxe guztietan, euren herriak Fracking bako herriak izendatzeko eskatzeko. Udal hauek onartu dute mozioa 2014an: Amoroto, Markina-Xemein, Ondarroa eta Lekeitiok.

Eskualdeko beste herriei ere eskatzen diegu bat egiteko, eta euren herriak fracking gabeko herri izendatzeko.

 

Lekeitio eta Ondarroa, fracking gabeko herriak

Hasi dira eskualdeko udalak guk aurkeztutako mozioak onartzen. Lekeitioko eta Ondarroako udalek fracking gabeko herri izendatu dituzte euren herriak, BILDUren aldeko botoekin, eta EAJren kontrako botoekin.

Aurkeztu genuen mozioa hemen irakur dezakezue:

https://eguzkiondarru.wordpress.com/2013/12/19/frackingaren-kontrako-mozioak-sartu-ditugu-eskualdeko-udaletan/

frackIng-ez-torre1

Frackingaren kontrako mozioak sartu ditugu eskualdeko udaletan

Lea Artibai eskualdeko Eguzki talde ekologistak ……………………. Udaleko Osoko Bilkurari aurkezten dion mozioa apurketa hidraulikoa (fracking) ikertzeko abian dauden baimenen eteteari buruz

Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan eta inguruko beste lurralde batzuetan ere Fracking bidez atera nahi dute gasa. Sistema honetan zulo horizontal bat egiten da, bertan ura eta gai kimikoak presioan sartzen dira, presioak harriak apurtzen ditu eta harri arteko gas partikulak ateratzen dira.

Orain arte teknika hauek erabili diren zonaldeetan hainbat arazo sortu dira, esate baterako, edateko uraren kutsadura, mugimendu sismikoen agerpena, inguruaren okupazio altua eta honen hondatzea, edota putzuen inguruan bizi diren biztanleengan osasun arazoak.

Hainbat dokumentuk eta ikerketak arazo hauek baieztatu dituzte. Horrexegatik debekatu du Frantziak frackinga bere lurraldean.

Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua sistema hau ikertzeko baimenak ematen ari dira, bai lehorrean eta baita itsasoan ere, gure kostaldetik kilometro gutxira. Eusko Jaurlaritza SHESA bere enpresa publikoaren bidez ari da kudeatzen baimen horietako batzuk.

Arrazoi hauengatik, Udalbatza honetara aurkezten dugu akordio proposamen hau eztabaidatu eta onartzeko:

1.- …………………… Udalbatzak Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatzen die Fracking sistema ikertzeko zundaketa baimen guztiak bertan behera lagatzeko. Gutun bidez jakinaraziko die erabaki hori.

2.- …………………… Udalbatzak Udal Gobernuari eskatzen dio ………………. Fracking gabeko herri izendatzeko.

3.- Udal gobernuak bere eskura dauden baliabideak erabiliko ditu erabaki honen berri emateko. Eta Eguzki talde ekologistari ere jakinaraziko dio.

…………………..n, …………………….ren ……an

Eguzki talde ekologista

frackIng-ez-torre1

frackIng-ez-torre1

Mutrikuko itsas energia instalazioak: sentipen kontrajarriak

Eguzkik Mutrikuko itsas energia instalazioen gaurko inaugurazioari buruzko iritzia eman nahi du, gertakari honek sentsazio kontrajarriak sortzen baitizkigu.

– Hasteko, positiboa iruditzen zaigu olatuen indarra energia berriztagarri lez erabiltzea. Pauso txiki bat da -instalazioak 660.000 kWh sortzen baititu urtean, denbora horretan 600 pertsonak kontsumitzen dutena, hain zuzen ere – baina bide zuzena iruditzen zaigu.

 – Halako instalazioak dikeak eginda dauden lekuetan ipini beharko lirateke (Santurtzin, Bermeon, Orion, Hondarribian…), baldintza teknikoek ahalbidetzen duten heinean, beti ere. Izan ere, ez dugu uste instalazio mota hauek asko heda daitezkeenik euskal kostaldeko 200 kilometro eskasetan, nahiz eta proiektu honen bultzatzaileek bestelakorik esan.

– Hori bai, ezin ditugu halako instalazioak erabili ingurumenarentzako kaltegarriak diren obrak justifikatzeko. Hainbeste eztabaida sortu duen Mutrikuko dikea justifikatzeko, adibidez. Energi azpiegitura honek ez du justifikatzen Mutrikun egin den obra guztia.

– BIMEP proiektua dela eta, berriro ere moratoria bat eskatu nahi dugu, oraindik ez baita aztertu halako azpiegiturek itsas ingurumenean duten eragina. Baliteke eraikuntzan erabiltzen den produkturen bat kaltegarria izatea, adibidez. Gainera, uste dugu azpiegitura hauen erabilera ez datorrela bat itsasoan 12 miliak babestearen aldeko proposamenarekin. BIMEPen kasuan, bere kokapena guztiz gaitzesten dugu.

– Agian, egunen baten, gure instituzioek gure energia produkzio moduei buruzko eztabaida hasi eta bultzatzeko duintasun nahikoa edukiko dute, eta gutxieneko akordioetara heltzen ahaleginduko dira, inposaketak albo batera lagata. Momentuz inposaketak besterik ez ditugu ikusten: Boroako zentral termikoa, Muskizeko Coke instalazioa, mendiak errotaz betetzen…

Behar-beharrezkoak dira eztabaidak eta erabaki onak, geure lurrak eskatzen digu.

Blog de WordPress.com.

Subir ↑