Buscar

Lea Artibaiko Eguzki

Categoría

Alleri

Hezeguneen munduko eguna eta Aieriren berreskurapena

Otsailaren 2an, Ramsar hirian (Iran) 1971n hezeguneen nazioarteko eguna sinatu zela gogorarazten digula aprobetxatuz, planetarentzat hain garrantzitsuak diren baina hain degradatuta dauden zonaldeez ohartarazi nahi dugu, eta benetan duten garrantzia eman.
Datu bezala, esan behar da, mende honetan Euskal Herriko duna eta hondartzen % 75 desagertu direla. Gure itsaspadurak politikari desarrollisten, espekulazio basatiaren, kutsadura eta ezjakintasunaren biktima dira.
Urrats bat gehiago eman nahi dugu ekosistema horien balio izugarriaz eta ekosistema horiek berreskuratzeak duen garrantziaz kontzientziatzeko lanean. Zehatzago esanda, gure hezegune hurbilenean, hau da, Aieriko paduretan.
Kostaldeko hezeguneak, ur geza eta gazia nahastean, biodibertsitatearen aberastasunagatik ez ezik, itsas organismo askoren freza, hazkuntza eta elikadurarako lekuak ere badira, eta, aldi berean, elikagaiak eta bestelako materialak ematen dizkiote itsasoari. Hori dela eta, oso garrantzitsua da babesa ematea jasaten dituzten hirigintza-garapenen gehiegikerien aurrean.
Aieriko mareen txandakatzeak, aldian behin, har, molusku eta krustazeo ugariko lohiak uzten ditu agerian. Hegazti limikolak, hala nola Ostrero Euroasiatikoa, Correlimos Komuna eta Zarapito Real, horietaz elikatzeko erabiltzen dituzte beren mokor espezializatuak.

Neurri txikikoak diren arren, Aierin euskal paduretako hainbat landare eta animalia bereizgarri kontserbatzen eta babesten dira. Landareei dagokienez, Aster tripolium, Juncus maritimus edo Elymus pycnanthus aurki daitezke; eta bitxiena Salicornia obscura. Planta hori, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako lurraldeak kontuan hartuta, Txingudiko paduretan baino ez dago.
Hezeguneetako animalia bereizgarri batzuek ere Aieri aukeratu dute bizileku gisa. Aipamen berezia merezi du bisoi europarrak. Mundu mailan desagertu beharreko espeziea izanik, Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Katalogoan katalogatuta dago. Azkonarra, urretxindorra, ubarroi mottoduna, lertxuna eta beste hainbat animalia ere aurki daitezke.
Aieriko hezegunea ez dago Nazioarteko Intereseko Hezeguneen Zerrenda Orokorrean sartuta, baina garrantzitsua da, eta, beraz, haren kontserbazioa. Ildo horretan, Natura 2000 Sare Ekologiko Europarrean sartuta dago. Horren arabera, Zaintza Bereziko Guneen zerrendan eta Babes Bereziko Guneen zerrendan sartuta dago.
Oraindik badago zer eginik jendearengana iristeko. Azpimarratzekoa da, gaur egun kontzientziazio handirik ez badago ere, lehen ez zegoela bat bera ere. Horregatik da garrantzitsua instituzioak inplikatzea orokorrean ezagutzen ez diren balio ekologiko horiek dibulgatzen.

Klima-larrialdiko eta klima-aldaketako egun hauetan, kostaldeko hezeguneek aldaketa horiei aurre egiteko duten balioa nabarmendu nahi dugu.
 
Mende honen amaierarako, gure kostaldeko itsas maila 29 eta 49 zentimetro artean igo daiteke, «metro erdi», kasurik ezkorrenean.
Euskal kostaldearen zatirik handiena itsaslabarra da eta, beraz, itsas mailaren igoerari aurre egiteko defentsa lerro bihurtzen du. Baina kostaldeko biztanle gehienak estuarioetan daude, Ondarroan bezala, topografikoki baxuenak diren eremuetan, hau da, uholde arrisku handieneko eremuetan. Beste horrenbeste gertatuko litzateke Arrigorriko hondartzarekin, egungo zabaleraren % 40raino gal bailiteke.
Estuario horietan itsas mailaren igoera hori geldiaraziko lukeen birsorkuntza natural bat aplika liteke, padurak eta dunak aprobetxatuz, eustorma gisa jardutera iritsiz. Era berean, arrisku horren aurrean modu naturalean egokitzeko neurri gisa, eta gainera, erantzun azkar batekin.                   Hezeguneak ere karbono-biltegi (hustutegi) garrantzitsuak dira. Munduko lurreko karbonoaren % 40 ere izan daiteke.

Horregatik guztiagatik, Aieriko hezegunea da gure aliaturik onena, eta etorkizunean «hondamendi naturalak» saihesteko aukera ematen du. Izan ere, prezipitazio handiak mantentzen ditu, ibaian behera uholdeak saihesten ditu, ura lurrean biltegiratzen du edo gainazalean atxikitzen du, eta landarediak ur goraldietako uren zirkulazio abiadura murrizteko funtzioa ere bete dezake.                                                                        
Gainera, marismak basoetako bizitzaren erreserban parte hartzen dute eta hango biodibertsitatearekin lotura zuzena dute. Honek zentzudun aisialdi eta turismo baten aukera eskaintzen digu. Eta, horrela, kultura, ohitura eta paisaia ikuspuntutik ere balio handia duen altxor bat zaintzen dugu.
Itsaspadura hauek ez ditugu ikusi behar lokatz eta belar zahar multzo baten moduan. Eta etekin hauetaz baliatzeko degradatutako itsaspaduretako ekosistema birsortu eta berrindartzen ahalegindu beharko ginateke.
 
Ingurugiroaren babesa ez da planteamentu erromantikoetan eta aditu eta espezialisten galdekizunetan oinarritu behar bakarrik. Ingurugiroa ongi gestionatuz herritarren ongizatea lor genezake eta, sentimentu hau, denok dakigun bezala, ez da eurotan zenbatzen.                                         
Beraz, Eusko Jaurlaritzaren Hezegune Katalogoan sailkatuta dagoen Ondarroako Aieri padura berreskuratzeko esfortzua egitea oso garrantzitsua da. Hezeguneak kinka larri honetatik ateratzeko, behar-beharrezkoa da babesteko eta berreskurapen lanak martxan jartzea.
Berreskurapena ekosistema degradatu bat, perturbazio aurreko baldintzetara ahalik eta hobekien bueltatzea da. Berreskurapenaz batera normalean sorrera eta goreste lanak ere ematen dira. Sorrera, hezegune ez den gune bat hezegune bilakatzea da, eta gorestea berez hezegunearenak diren funtzioak eta murriztu edo  galdu direnak, berriro ere martxan jartzen laguntzea.
Padura berreskuratuz gero, haur eta gazteen hezkuntzarako ekintzak gara daitezke, bai zuhaitzen landaketan hasiera bat emanez (adb.: Zuhaitzaren eguna bezalako ekintzak), espezieen identifikazioan oinarri xamur bat emanez edo, eta garrantzitsuena dena, hezegune eta gure kasuan padurek duten garrantzia ekosistemen zikloan ulertzen laguntzea.
2012an, borroka luze baten ondoren, zonaldean 480 etxebizitza eraikitzeko proiektua geldiaraztea lortu zen, eta bere garaian ospatu genuen. Urte batzuk pasatu ondoren ordua iritsi da berreskuratzeko.
Egun Aieri padurak duen hedadura hain da txikia, benetan ekosistema osasuntsu bat mantentzeko ez dela nahikoa. Beraz, lehendabiziko lana lur eremu handiago bat lortzea da berreskurapen plana martxan jartzeko.  
 Orain munduan garatu diren berreskurapen planen esperientzia ezagutuz, argi eta garbi   esan dezakeguna zera da: bi urtetan ez dugula padura berreskuratzea lortuko, bai ordea berreskurapen prozesua martxan jartzea eta gauzak horrela urtez urte padura egonkor eta hobeagoa bat lortzea.

Ondarroako HAPOren aurrerakinari dozena bat ekarpen inguru egin dizkio Eguzkik

Ingurumen ikuspegia kontutan edukita, HAPOn txertatzeko hainbat proposamen egin ditugu. Besteak beste, Aieri padura ingurua «behingoz» berreskuratzea eta hondakin uren sarera konektatzea falta diren tarteak lehentasunezko gai modura hartzea eskatzen dugu.

Udalerriko lurzoruaren erabilera arautzen duen Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) definitzen jarraitzen dute Ondarroan. Duela gutxi amaitu da HAPOren aurrerakinari ekarpenak egiteko epea, eta herritarren eskura egon den dokumentua irakurri ostean gure ustez garrantzitsuak diren gai batzuk aintzat hartzeko eskatzen diogu. Aurrera begira zelako Ondarroa nahi dugunari buruzko ekarpen batzuk aurkeztu ditugu.

Kontua gogo handiagaz hartu dugu, eta ingurumen ikuspegia kontutan edukita, HAPOn txertatzeko hainbat proposamen egin ditugu. Dozena bat ekarpen inguru egin dizkiogu dokumentuari, eta non hobetu daitekeen ere jakitera eman dugu. Aurkeztu dugun ekarpen multzoa HAPOren hurrengo faserako lagungarria izatea espero dugu. Prozesuak aurrera egin ahala, gainera, gure ekarpenak aintzakotzat hartzea gustatuko litzaiguke.

Aieri ingurua “behingoz” berreskuratzeko eta ingurua ez moldatzeko eskatu dugu. Gure ustez, berreskuratu beharko litzatekeen interes ekologiko handiko naturgune bat da Aieri. Besteren artean, kanpin bat egiteko proposamena, kirol ekipamenduak ipintzeko edo intentsitateko baxuko etxebizitzak eraikitzeko eskariak ikusi ditugu, baina eremu hori, berez, gune babestu bat da eta legalki ezingo litzateke ezer egin.

Hondakin uren sarera konektatzea falta diren tartean ere HAPOren baitan sartzea eskatu dugu. Lehentasunezko esku hartzea dela deritzogu. Ur zikinen hodi biltzaile batzuk sare nagusira konektatu barik daude oraindik, eta gaia salatzen urteak badaramatzagu ere, gune batzuetako ur zikinak zuzenean Artibai ibaira isurtzen jarraitzen dute. Osasun zentroaren atzean, Zaldupe eta kiroldegi inguruan eta Artibai egoitza aurrean, esaterako, ur zikinak era etengabean isurtzen dira ibaira. Aspalditik egin beharreko kontua da, baina oraindik ere errekak kutsatzen jarraitzen dute.

Ildo horretatik, udalerriko ur baliabideak babesteko programa bat abiarazteko ere eskatu dugu. Gure akuiferoen egoera aztertu edo beste baliabide batzuk bilatzea interesgarria iruditzen zaigu.

Ezabatu beharko liratekeen landaretza inbaditzaileak dituzten eremuei buruzko iritzia ere eman dugu. Gero eta landare inbaditzaile gehiago dago gure inguruetan. Landare inbaditzaileak kalte handiak eragiten ari dira bertoko ekosisteman, eta lehenago edo beranduago legez derrigor egin beharreko kontua bihurtuko da. Neurriak lehenbailehen hartzen ez badira, gero zailagoa izango da horri guztiari aurre egitea.

Udalerrian merkataritza sektorea indarberritzeko jarduerak sustatzea eta areagotzea ere proposatu dugu. Berdura Plaza eta merkataritza zuzena bultzatzea ezinbestekoa dela diogu. Udaletxea Zeledonio Arriola eraikinera lekuz aldatzen badute, Berdura Plaza Musika Plaza azpian kokatu daiteke. Gaur egun Berdura Plazako gainea bota eta eremua aire zabalean lagatzea proposatu dugu. Gaur egun espazio hori zulo bat da. Modu horretara plaza argitsu bat bihurtuko litzateke.

Bestelako kontu batzuk ere aintzakotzat hartzea eskatu dugu. Kontu batzuek, gure ustez, presa handiagoa dute, baina beste kontu batzuk gutxinaka egiten joan daitezkeela iruditzen zaigu. Besteak beste, honako proposamenak egin ditugu: udalerrian turismo jasangarria sustatu eta garatzeko plan bat egitea, energia berriztagarriak erabili eta sustatzeko programa abiarazi eta tokiko erakunde bat sortzea, herri barrurako bidegorri bat eraikitzea, urteroko aurrekontutik bertoko basoak landatzeko lurrak erosteko diru sail bat gordetzea, Atxazpiko gunea berreskuratu atseden gune bat egiteko, portua berpizteko programa bat, garbigune bat eraikitzea,…  

Entrada destacada

Zergatik ez zuen EAJ-PNVk Ondarroako plan orokorra berritu?

Ondarroako EAJ-PNVk herriko plan orokorra zahartuta dagoela idatzi zuen prentsan, eta guk erantzun egin genion, esanez ea zergatik ez zuen berak berritu agintzen egon zenean, ordurako nahiko zaharra zelako plana. EAJ-PNVk bueltan idatzi egin digu, baina ez du erantzun guk egindako galdera: zergatik ez zuen Ondarroako Udaleko plan generala barritu bera agintzen zegoenean? Zergatik ez zuen onartu Alleri babestutako gune bat zela? Horrek paduran etxeak egitea oztopatuko ziolako?

Bere idatzian PNVk ez dio erantzuten gure galderari, eta eraso pertsonalen bidez dena nahasten ahalegintzen da. Zergatik jarri da hain urduri? Izkutatzeko zerbait dauka?

Gogoratu dezagun, motz-motzean, Allerin zer pasatu den:

1990. hamarkadan Ondarroako Udalak Alleriko lur guztiak hiri-lur izendatu zituen, plan orokor berri bat eginda. Hau da, bertan etxeak egiteko aukera zabaldu zuen. Udalean HB zegoen agintzen, eta EAJ-PNVk gidatzen zuen Diputazioak onartu egin zion aldaketa hori.

Handik urte batzuetara EAJ-PNVk hartu zuen Ondarroako Udaleko agintea, eta Allerin 500 etxe egingo zituela esan zuen. Horretarako, 90. hamarkadako Ondarroako Plan Orokor zaharrean oinarritzen ziren, Alleri babesten ez zuen planean.

Ondarroako Eguzki Talde Ekologistak sortu zenetik eskatu du Alleriko padurak babesteko. Ia 30 urte daramatzagu paduren alde lan egiten, eremu horrek daukan garrantzia azpimarratzen hitzaldien, eskuorrien, komikien… bidez. Bitartean, Ingurumen Sailak edota Europar Batasunak ere Alleri babestutako gune izendatu dute. Baina aldaketa horiek ez dira agertzen herriko plan orokorrean.

Paduran 500 etxe egin behar zituztela jakin genuenean, mobilizatzea pentsatu genuen. Ezin genuen onartu paduraren kontrako halako erasorik. Alleri babesteko plataforma bat sortu genuen, eta bertan batu ginen eskualdeko talde ekologistak eta herriko gazte asanbladakoak. Kanpaina oso handiak egin genituen padurak zeuzkan balioak azpimarratzeko: uxolen kontra laguntzen zigula, nekazaritzarako oso lur abertsak zirela, biodibertsitatea handia zegoela bertan… Argi azaldu genuen 500 etxek padura kaltetu egingo zutela, eta herrian hutsik zeuden etxeak bete behar zirela aldarrikatu genuen.

Handik denbora batera, Ondarroako Ezker Abertzaleak idatzi bat atera zuen. Onartzen zuen 90. hamarkadan eurek izendatu zutela Alleri hiri-lur, orduan etxebizitza eskari asko zegoelako eta gazteak herritik joaten ari zirelako. Baina onartu zuen garaiak aldatu zirela, eta denborarekin Allerik zelako balioa daukan konturatzen joan direla herritarrak. Horregatik, bertan etxerik ez egitearen alde azaldu zen. Ez zen izan proiektuaren kontra jarri zen alderdi bakarra. Aralarrek ere salaketa sartu zuen 500 etxebizitzen kontra.

Eguzkik eta plataformak bere mobilizazioekin jarraitu zuen. Udalean alegazioak sartu genituen. Argi azaltzen genuen babestutako eremu bat ezin zela etxeak egiteko erabili, eta herriko plan orokorra aldatu behar zela, padurari babes hori emateko. EAJ-PNVren udalak ez zigun kasurik egin, eta aurrera jarraitu zuen etxeen proiektuarekin. Eta horregatik pauso bat gehiago eman genuen: Alleriko etxeen proiektua epaitegietara eraman genuen. Eta irabazi egin genuen. EAJ-PNVk ez zigun kasurik egin, baina epaileek arrazoia eman ziguten.

Bitartean diru asko galdu da. Guk ekologistok milaka euro gastatu ditugu abokatuak eta kontzientziazio kanpainak egiteko. Denbora eta esfortzu asko egin behar izan dugu diru hori lortzeko: txosnak ipini, kamisetak saldu… Udalak diru publiko asko ere galdu du, ilegala zen proiektu hori idazten, propaganda egiten… EAJ-PNVk gure alegazioei hasieratik kasu egin izan balie, ez zen alperriko gasturik egongo.

Alleri zaindu egin behar dela uste dugu Eguzki talde ekologistako kideok. Bertan dauden nekazaritzarako lurrak babestu egin behar dira, bertako ekosistemak hobetu… PNV edo beste edozein alderdi politiko bide hori egin eta padura zaintzeko prest badago, guk lagunduko diogu. Baina PNVk edo beste edozein alderdik padura zementoz bete eta etxeak egiteko asmoa badauka, guk aurre egingo diogu.

Eta berriro diogu, Ondarroako Udalak herriko plan orokorra berritu behar du, Alleri babestutako gunea dela izendatzeko.

Geure espazio naturalen alde, Alleri zaindu!

P1020907

P1050067

EAJ-PNV, etxebizitzak eta prebarikazioa?

Ondarroako EAJk ohar bat zabaldu du (Udalbarriak, 2013ko uztaila) esaten Ondarroako Udalak herriko plan orokorra berritu behar duela, 20 urte dituelako eta zahartuta dagoelako. Plan horrek ez ei ditu herriaren gaur egungo beharrak jasotzen, eta gainera azken urteetan onartutako legediak ere ez ei ditu kontuan hartzen.

Gure galdera da: Zergatik ez zuen EAJk plan orokor hori berritu bera agintzen egon zen urteetan?

Erantzuna argia da: 20 urte dituen plan orokorrean Alleri lur urbano lez agertzen da. Hau da, planak bertan etxeak egiten lagatzen du.

Baina azken urteetan Alleriko padurak babes asko jaso ditu: kostako babes eremuan sartu da, Jaurlaritzaren hezeguneen katalogoan sartu da, Europak interes bereziko gune izendatu du…

EAJ-PNVk plan hori berritu izan balu, Alleri babesteko lege hauek ere kontuan hartu beharko zituen, eta horrela 500 etxerik ezin egin.

Zer egin zuen EAJ-PNV? Ba plan orokorra berritu ez, beste aldera begiratu eta etxeak egiteko asmoarekin aurrera jarraitu.

Herriko taldeak izan ginen egoera hori salatu genuenok. Alleri babesteko lege berriak kontuan hartu behar zirela esan genuen, eta epaileek arrazoia eman ziguten.

EAJ-PNVren jarreraren ondorioz, Ondarroako Udalak (eta Ondarroako herritar guztiok) milaka eta milaka euro galdu dituzte.

EAJ-PNVk egin zuena prebarikazioa izan zen?

PD: Eta bai, geu ere Ondarroako plan orokorra ahal denik eta arinen aldatzearen alde gaude!

Ondarroako Eguzki talde ekologista

P1030805

P1030610

Padurak berreskuratzea, uxolei aurre egiteko bide on bat

Heldu da negua, eta berarekin batera euria eta uxolak. Urteroko kontua da, nahiz eta aurten egoerak itxura txarragoa hartu duen. Argazkietan ikusi besterik ez dago zelako momentu eskasak pasatu dituzten Errenteria auzokoek. Urak gainez egin du auzo horretan eta baita inguruko lurretan eta Alleriko paduran ere.

Imajinatzen duzue eremu horretan 500 etxe eraiki izan balira, gaur egun zelako arazoak edukiko genituzkeen?

Honen aurrean, Ondarroako Eguzkik hauxe eskatzen du:

Padura berreskuratzea kontu estrategiko bat izan behar da Ondarroarentzat. Hau da, padurari urteetan zehar kendu zaizkion lurrak padurari bueltatu behar zaizkio. Horretarako, lur asko kendu eta ur filtrazioak egin behar dira. Errekari behar duen espazioa eman behar zaio, gainez egin dezan.

– Uxolen arazoa ez da egun batetik desagertuko eta, agian, handitzen ere joan ahal da, arrazoi desberdinengatik: azken urteetan Ondarroan egin diren obrek erreka estutu egin dute (Nasa Kalea, Kafe Atzea…). Eta aditu askok diotenez, itsasoaren mailak gora egingo du hurrengo urteetan. Horren aurrean, padura berreskuratzea da egin dezakegun onena.

– Zorionez Alleriko 500 etxeak gelditu egin genituen. Herritarron salaketari esker, epaileek etxe horiek ilegalak zirela esan zuten. Imajinatzen dituzue 500 etxe urak gainez egiten duen eremu horretan?

– Epaileak etxeak ilegalak zirela esan zuen, eta Ondarroako Udalak bertan behera laga du proiektua abenduan. Eremu hori ezin zela hiri lur izan ere esan zuen epaileak, baina Bizkaiko Foru Aldundiak oraindik ez du leku horren izendapena aldatu. Argi ikusten dugu Alleriko eremua landa eremu lez gorde behar dela, eta padura berreskuratu behar dela. Etorkizunean eremu horretan etxeak egin nahi izatea zorakeria bat dela iruditzen zaigu. Beraz, Foru aldundiari eskatzen diogu alda dezala ahalik eta arinen eremu horren izendapena, eta landa eremu bihur dezala.

Padura berreskuratu eta zaintzea etorkizuneko inbertsio bat da, estrategikoa Ondarroarentzat!

P1050153

P1050158

P1050165

ZORIONAK ONDARRU! ALLERIKO ETXEEN PROIEKTUA BERTAN BEHERA LAGA DU AUZITEGI GORENAK!

EAJ-PNVk aurrera eroan nahi zuen proiektua ilegala dela erabaki dute epaileek

Alleri ezin dela lur urbanoa izan, eta beraz eremu horien sailkapena aldatu behar dela esan du auzitegiak

Euskal Autonomi Elkarteko Auzitegi Gorenak Alleriko 500 etxeen proiektua legez kanpokoa dela erabaki du. Horretarako, ontzat hartu ditu Alleri Zaindu plataformak aurkeztu zituen arrazoiak. Hau da, babestutako padura bat ezin dela lur urbanoa izan, eta bertan etxeak egitea legez kanpokoa dela, ingurumenarentzako kalte bat izateaz gain.
Proiektu hau kaleratu zen lehenengo momentutik esan genuen legez kanpokoa zela paduran etxeak egitea. Azken urteetan ingurumena eta padurak babesteko atera diren legeak ez zituela kontuan hartzen. EAJ-PNVk ez zigun kasurik egin, eta aurrera jarraitu zuen. Eurek jakingo dute zeintzuk eta zenbat interes zituzten eraikuntza proiektu horretan. Krisira ekarri gaituen ladriloaren eredu ekonomikoarekin jarraitu nahi zuten? Herritarrok izan ginen geure denbora eta geure dirua ipini behar izan genituenak, paduraren kontrako eraso hau gelditzeko. Kalera atera ginen, jendearen etxeetara informazioa bidali genuen, salaketak sartu genituen… denbora asko eta milaka euro gastatu ditugu bidean. Merezi izan du, padura babestea lortu dugulako, baina gastuak hortxe ditugu oraindik.
Lege betearazleak direla dioten alderdi politiko hauek legeak hausten dituzte tartean interes ekonomikoak daudenean. Zergatik ez dute ordaintzen herritarrei entzun barik legez kanpo egin nahi zutena? Zergatik ordaindu behar dugu herritarrok legea bete dadin?
EAJ-PNVri gastatu ditugun milaka euro ordaintzeko eskatuko diogu hurrengo egunetan. Horretarako gutun bat bidaliko diegu fakturekin.
Bestetik, udalari eskatzen diogu Alleriko lurrak zaintzeko. Padura berreskuratzeko. Alleri etorkizunerako altxor bat delako: uxoletatik eta mareetatik babesteko, biodibertsitatea handitzeko, nekazaritza ekologikoa bultzatzeko, aisialdirako…
Ondarrutarron eta mugimendu ekologistaren garaipen handi bat izan da hau. Bide berdinetik jarraitzeko deia egin nahi diegu herritarrei, ingurumenaren eta geure osasunaren alde lan egiten jarraitzeko. Gogor lan eginda, geure bazterrak zaintzea lortuko dugulako! Eskerrik asko, bihotz-bihotzez!

Alleri Zainddu plataforma
Ondarroan, 2012ko uztailaren 20an

 

San Juan suak bai, baina horrela ez!

San juan suak urtero berritzen ditugun ohitura dira, jende askok oso gustuko dituenak. Baina gure ohiturek geure eguneroko bizimodua zelakoa den erakusten digute askotan. Sasoi baten, egurrak, sasiak… erretzen ziren egun horretan. Gaur egun, jendeak plastikoak eta bestelako gai kutsagarriak erretzen ditu. Horrek, lurra kaltetzen eta kutsatzen du.

Begira nola geratu den Errenteria auzoko erreka alboa, San juan sua egin eta gero. Hor erretako plastikoen errauts toxikoak lurrera eta errekara doaz! Non eta babestutako LIC eremu batean! San juan suak bai, baina horrela ez!

Hondakinak, erre aurretik:

 

Artibai erreka alboetako zabor pilaketak salatu ditugu URA agentzian

Artibai errekaren alboetan zaborrak pilatzen ditu jendeak, gero su emateko. Gainera, erretzen diren gai asko berziklagarriak dira. Gero, erretako plastikoek eta gai kutsakorrek errekan amaitzen dute.

Hondakinak dagozkien lekura eroan behar dira, berziklatu eta berrerabiltzeko, eta ez erreka alboetan erre!

URA agentzia

K/ Ibañez de Bilbao 28-8.a

48009 Bilbo

Gutun honen bidez jakinarazten dizuegu, Ondarroan zuen babesekoa den eremuan zaborrak agertu direla pilatuta. Ez da leku horretan zaborrak agertzen diren lehen aldia. Aurrekoetan ere agertu izan dira, eta erreta amaitu izan dute. Argi dago baten batek pilatu egiten dituela gero su emateko. Zabor horien tartean, plastikoak, etxeko zabor boltsak, koltxoiak… daude (argazkietan ikus daitezke).

Lur horietako bat herriko anbulatorio parean kokatzen da, ur ertzean, eta jabe pribatua dauka.

Beste lurra Errenteria auzoko zubiaren ondoan kokatzen da eta, txarto ez bagabiltza, Bizkaiko Foru Aldundiarena da jabetzaz.

Bi lurrak Interes Komunitarioko Gunean (LIC) kokatzen dira, ibaitik oso hurbil.

Zabor horiek erretzeak lurrean eta ibaian izan ditzakeen kalteen jakitun, urtero errepikatzen den arazo honi irtenbidea topatzeko erregutzen dizuegu.

Aurretiaz zuen arreta eskertuz, agurtzen gara.

Eguzkik alegazioak aurkeztu dizkio eskualdeko LZP-PTPari

Bizkaiko Foru Aldundiak Lea Artibai eta Busturialdea eskualdeetarako plana aurkeztu du (LZP-PTP). Plan horren bidez gure herriak nola antolatu eta garatu behar diren agindu nahi du.

Eguzki talde ekologistak, ostera, alegazioa aurkeztu dio plan horri, legearekin bat egiten ez duten arauak kontuan hartzen dituelako.

Hobeto azaltzeko, Ondarroako arau subsidiarioak zaharrak dira, eta ez dituzte kontuan hartzen azken urteetan atera diren goragoko legeak (Etxebizitzen legea, Hezeguneen Plan Sektoriala…). LZP-PTPak egoera hori salatu ordez, ontzat eman ditu Ondarroako arau subsidiarioak, eta horien arabera egiten ditu bere plangintzak. Nahiz eta hauek iraungita egon.

 

Baina, esan dugu bezala, Ondarroako arau subsidiarioek ez dituzte legeak betetzen, eta zaharkituak daude. Allerin, adibidez, eremu guztia hiri-lur izendatzen dute, espazio hori Hezeguneen Plan Sektorialean sartuta dagoela kontuan hartu barik. Esan beharra dago, Alleriko etxeak garatzeko plana geldituta dagoela epaitegietan arrazoi berdinagatik.

ZLP-PTPak, beraz, zahartuta dauden arau subsidiarioaren gainean eraiki du bere plana, azken urteetan geure kostaldea eta hezeguneak babesteko atera diren legeak kontuan hartu barik. Horregatik, Eguzkik alegazioak aurkeztu dizkio planari, Aldundiak kontuan hartuko dituelakoan.

Gure eskualdearen etorkizuna geure ibai, hezegune eta kostaldeak zainduta bermatuko dugu!

Blog de WordPress.com.

Subir ↑