Buscar

Lea Artibaiko Eguzki

Ondarroako HAPOren aurrerakinari dozena bat ekarpen inguru egin dizkio Eguzkik

Ingurumen ikuspegia kontutan edukita, HAPOn txertatzeko hainbat proposamen egin ditugu. Besteak beste, Aieri padura ingurua «behingoz» berreskuratzea eta hondakin uren sarera konektatzea falta diren tarteak lehentasunezko gai modura hartzea eskatzen dugu.

Udalerriko lurzoruaren erabilera arautzen duen Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) definitzen jarraitzen dute Ondarroan. Duela gutxi amaitu da HAPOren aurrerakinari ekarpenak egiteko epea, eta herritarren eskura egon den dokumentua irakurri ostean gure ustez garrantzitsuak diren gai batzuk aintzat hartzeko eskatzen diogu. Aurrera begira zelako Ondarroa nahi dugunari buruzko ekarpen batzuk aurkeztu ditugu.

Kontua gogo handiagaz hartu dugu, eta ingurumen ikuspegia kontutan edukita, HAPOn txertatzeko hainbat proposamen egin ditugu. Dozena bat ekarpen inguru egin dizkiogu dokumentuari, eta non hobetu daitekeen ere jakitera eman dugu. Aurkeztu dugun ekarpen multzoa HAPOren hurrengo faserako lagungarria izatea espero dugu. Prozesuak aurrera egin ahala, gainera, gure ekarpenak aintzakotzat hartzea gustatuko litzaiguke.

Aieri ingurua “behingoz” berreskuratzeko eta ingurua ez moldatzeko eskatu dugu. Gure ustez, berreskuratu beharko litzatekeen interes ekologiko handiko naturgune bat da Aieri. Besteren artean, kanpin bat egiteko proposamena, kirol ekipamenduak ipintzeko edo intentsitateko baxuko etxebizitzak eraikitzeko eskariak ikusi ditugu, baina eremu hori, berez, gune babestu bat da eta legalki ezingo litzateke ezer egin.

Hondakin uren sarera konektatzea falta diren tartean ere HAPOren baitan sartzea eskatu dugu. Lehentasunezko esku hartzea dela deritzogu. Ur zikinen hodi biltzaile batzuk sare nagusira konektatu barik daude oraindik, eta gaia salatzen urteak badaramatzagu ere, gune batzuetako ur zikinak zuzenean Artibai ibaira isurtzen jarraitzen dute. Osasun zentroaren atzean, Zaldupe eta kiroldegi inguruan eta Artibai egoitza aurrean, esaterako, ur zikinak era etengabean isurtzen dira ibaira. Aspalditik egin beharreko kontua da, baina oraindik ere errekak kutsatzen jarraitzen dute.

Ildo horretatik, udalerriko ur baliabideak babesteko programa bat abiarazteko ere eskatu dugu. Gure akuiferoen egoera aztertu edo beste baliabide batzuk bilatzea interesgarria iruditzen zaigu.

Ezabatu beharko liratekeen landaretza inbaditzaileak dituzten eremuei buruzko iritzia ere eman dugu. Gero eta landare inbaditzaile gehiago dago gure inguruetan. Landare inbaditzaileak kalte handiak eragiten ari dira bertoko ekosisteman, eta lehenago edo beranduago legez derrigor egin beharreko kontua bihurtuko da. Neurriak lehenbailehen hartzen ez badira, gero zailagoa izango da horri guztiari aurre egitea.

Udalerrian merkataritza sektorea indarberritzeko jarduerak sustatzea eta areagotzea ere proposatu dugu. Berdura Plaza eta merkataritza zuzena bultzatzea ezinbestekoa dela diogu. Udaletxea Zeledonio Arriola eraikinera lekuz aldatzen badute, Berdura Plaza Musika Plaza azpian kokatu daiteke. Gaur egun Berdura Plazako gainea bota eta eremua aire zabalean lagatzea proposatu dugu. Gaur egun espazio hori zulo bat da. Modu horretara plaza argitsu bat bihurtuko litzateke.

Bestelako kontu batzuk ere aintzakotzat hartzea eskatu dugu. Kontu batzuek, gure ustez, presa handiagoa dute, baina beste kontu batzuk gutxinaka egiten joan daitezkeela iruditzen zaigu. Besteak beste, honako proposamenak egin ditugu: udalerrian turismo jasangarria sustatu eta garatzeko plan bat egitea, energia berriztagarriak erabili eta sustatzeko programa abiarazi eta tokiko erakunde bat sortzea, herri barrurako bidegorri bat eraikitzea, urteroko aurrekontutik bertoko basoak landatzeko lurrak erosteko diru sail bat gordetzea, Atxazpiko gunea berreskuratu atseden gune bat egiteko, portua berpizteko programa bat, garbigune bat eraikitzea,…  

Entrada destacada

Animaliak babesteko Galbaixon arretaz gidatzeko eskatzen dugu

Mutriku eta Deba lotzen dituen GI-638 errepidea itxita dagoen bitartean, zirkulazioa Galbaixotik ari dira desbideratzen, eta bertatik igaroko den ibilgailuen joan-etorria nabarmen igoko dela jakitun, inguruetan bizi diren zenbait ugaztun eta anfibio espezieren bizitza arriskuan.

Zirkulazioaren gehiegizko igoera mehatxua da azerientzat, katajinetentzat, azkonarrentzat… baita Euskal Herriko espezie mehatxatuen katalagoan dauden beste animalia askorentzako ere; apo lasterkaria, muxar grisa edo bisoi europarrentzako, esate baterako.

Astigarribiako ibarreko gunea animalien “korridore naturala” da. Arno eta Izarraitz artean dauden animalia populazioaren arteko lotura da. Errepide hori Astigarribiako ingurune naturaletik igarotzen dela nabarmentzekoa da; Arnoko komunitate intereseko lekutik, hain zuzen.

Galbaixotik igarotzen diren gidariei arreta edukitzeko eskatu nahi diegu, batez ere, gauean. Bide honetatik igarotzen diren gidari eta bidaiariei kontu handia edukitzeko eskatu nahi diegu, arreta gehituz eta abiadura motelduz. Batez ere, gaueko ordutegian: hegaztiak eta anfibioak ez beldurtzeko, eta ez harrapatzeko.

Animaliaren bat zaurituta edo hilik aurkituz gero, berriz, Larrialdi zerbitzura (112) deitzeko gomendatzen dugu. Heurek jakingo dute zer protokolo ipini abian.Kalbarixoa_azeria

 

 

 

 

Entrada destacada

Gure baso autoktonoa bultzatzen duten ekimen guztiak txalotzen ditugu.

Gero eta gehiago dira arrazoi bategatik edo besteagatik beren lurrak kudeatu nahi ez dituzten jabeak, baina ingurumenarekiko sentikorrak dira, eta kudeaketa hori hemengo basoak sortzearen aldeko talde bati lagatzea erabakitzen dute.

Horregatik, ekologista garen aldetik, keinu horiek oso garrantzitsutzat jotzen ditugu gure lurraren orainaldirako eta etorkizunerako, eta jendaurrean eskertu nahi dugu. Baita hemengo basoak berreskuratzearen aldeko gero eta talde gehiago ere. Berriatuako Hostozabal Elkartea modukoak.

Baso sail (plantación forestal) batek eta baso batek ez dute zerikusirik. Hori bai, zuhaitzak dira. Baina, adibidez, pinu edo eukalipto piloa ez da basoa, landaketa baizik. Nahiz eta espezie autoktonoak izan.

Bestalde, basoak oso gutxitan sortzen dira espezie bakar batez. Zuhaixkak daude, espezie igokariak daude, animalia gehiago bizi dira bertan, mikroorganismo gehiago, eta segida-prozesu bat dute, garaiera aldatzen dute, zuhaitzen zabalera, beste ezaugarri batzuen artean, bakar egiten dituztenak.

Kasu honetan, Berriatuko Asterrika auzoan dagoen Koosti izeneko lursailaren jabe den familia jartzen dugu adibidetzat, lan horretan sartu delako.

Lur horiek zortzi hektareako azalera dute, eta pinuak eta eukaliptoak moztu ondoren, zuhaitz autoktonoen kimuak moztu gabe utzi dituzte. Aldi berean, beste ehunka zuhaitz landatu dituzte, hala nola sagarminak, lizarrak, urkiak, artak, gaztaiondoak, keizak, gorostiak, haritzak, eta abar.

Aurten sei hektarea landatu dira eta datorren urtean beste bi landatuko dira.

Inguru horretan arteak erraz ugaltzen direnez, gure iritziz, datorren urtean espezie horrekin gehiago berritzea gomendatzen dugu, etorkizunean bizirauteko bermeak handiagoak izango baitira.

Eskerrik asko ingurumenarekiko eskuzabaltasunagatik eta gure lurraren defentsan egindako ekarpenagatik.

 Bertoko basoak sortzeagatik, txalo!

Eguzkik: “EAJk Mijoako saneamendua 2011tik, behintzat, atzeratu egin du; orain, berriz, amu gisa erabiltzen du hauteskundeetan”

Arantxa Tapia Ekonomia Garapeneko sailburua eta Antonio Aiz Ura agentziako zuzendaria Mutrikun egon dira asteburuan Ion Gambra EAJko alkategaia babesten. Ekitaldian zera esan dute, Mijoako saneamendu-proiektua eta horrekin lotuta dagoen bidegorria “lehenbailehen” gauzatu egin behar direla eta legeladi berrian Mutrikuko alderdi jeltzalearen lehentasuna izango direla. Seguru sinetsiko diguzuela esaten badizuegu gure harridura-gaitasuna dagoeneko nahiko mugatuta dagoela. Hala ere, aitortuko dugu oraingoan ere lortu dutela gure harridura-gaitasunaren muga pixka bat harago eramatea. Izan ere, orain lehentasuntzat jotzen dituzten bi proiektu horiek dira urte hauetan guztietan, 2011tik, behintzat, atzeratzen eta atzeratzen joan diren berberak. Horra hauteskunde-kanpainaren magia.

Bai, 2007an, herri-erakundeek Gipuzkoan 2011 bitartean hainbat lan hidrauliko egiteko akordio bat sinatu zuten. Horietako bat Mijoako saneamendua izan zen. Baina Eusko Jaurlaritzak ez zuen bete proiektuaren % 75 finantzatzeko konpromisoa. Beraz, 2011a iritsi zen eta lan hori egin gabe geratu zen.

Plan Hidrologikoak (2016) Mijoako saneamendua berriro programatu zuen, oraingoan 2016-2021 aldirako. Urteak aurrera joan ziren eta proiektuak egin gabe jarraitu zuen.

2021eko otsailean, berriz, Urak proiektua idazteko lizitazioa iragarri zuen. Prentsan honelako titularak irakurri ahal izan genituen: “El presente año será para configurar los proyectos y 2022 para actuar sobre ellos en Mijoa” (2021ean proiektuak idatzi eta 2022an gauzatuko ditugu Mijoan). Baina 2022a ere pasa zen, eta Mijoan saneamendu-arrastorik ez. Eta hara non orain esaten diguten datorren legealdian baietz. Jakina, izatekotan, datorren legeladian izango da, oraingo hau dagoeneko bukatu baita, lanak lizitatu gabe bukatu ere.

EAJ da, ezbairik gabe, proiektu hauek metatu duten atzerapen “historikoaren” arduradun nagusia. Orain, berriz, inolako autokritika-zantzurik agertu gabe, amu gisa erabiltzen ditu hausteskunde-kanpainan. Hori iruditzen zaigu harrigarriena, lotsa minimorik ere ez izatea. “Mijoako erreka bere onera itzultzeko pausuak eman behar ditugu, horrekin batera etorriko delako Saturrarango hondartzako uraren kalitatea hobetzea ere”, esan du alkategai jeltzaleak, urteak pasatu izan ez balira bezala eta proiektuaren garrantziaren jabe bat-batean egin izan balitz bezala.

Baina non egon dira jeltzale guzti hauek orain arte? 2011 ezkeroztik, hamarnaka isurketa izan dira Mijoan. Adibide gisa  2020. urtea hartzen badugu, urte hartan –Aran Tapiak nahiz Antonio Aizek egungo arduren kargu hartu zuten eta Ion Gambra honezkero Mutrikuko zinegotzia zen– 7 isurketa gertatu ziren gutxienez bizizlagunek, Mutriku Natur Taldeak edota Eguzkik salatuak. 7 isurketen ostean ez zuten hitzik esan, eta larriagoa dena, inongo neurririk ere etzuten hartu. Orain, pertsona berak datoz “Mijoa salbatzera”, zeinen garrantzitsua den adieraziz baina inongo konpromiso errealik gabe: data zehatzak, aurrekontuak, inbertituko den diru kopurua…

Beti esan dugu inoiz ez zaigula axola izan politikari batzuek pentsatzea gainerako guztiok baino azkarragoak direla. Onartu behar ez genukeena zera da, gainerako guztiok zeharo ergelak bagina bezala tratatzea.

Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearra, 2023ko maiatza

EGUZKIk salatu du Mutrikuko Udalak mendian egur-ustiapen industriala sustatzen eta diruz laguntzen diruz laguntzen duela.

Duela gutxi, alarma piztu da Mutrikuko Udalak, EHBildu eta EAJren aldeko botoekin, herriko aisialdiko eta profesionalen egur-ustiategien jarduerak eta gastuak finantzatzeko hartutako erabaki harrigarriaren ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak jabe pribatuei urtero ematen dizkien milioi euroak %100eraino osatuz.

Ingurumen-mehatxu berri hau bat dator egurgintza intentsiboaren lobby-aren tesiekin.

Jakina da EAEko baso naturalen %75a desagertu egin dela. Eta krisi ekologiko eta klimatiko honetan, gogoratu behar da egurraren ekoizpen-eredu intentsiboaren erantzukizuna bioaniztasunaren galeran, baso eta mendietan, lurzoruetan, eremu babestuetan, flora eta faunako espezieetan, ibaietan, uraren kalitatean eta abarretan. Eta Mutrikun guzti hauek diru publikoarekin finantzatuko dituzte, ingurumenaren aurkako dirulaguntzak baitira.

Kontuan izanik Mutrikuko udalerriak dituen 2.763 hektareatan ez dagoela mendi publikorik, eta 1.178 ha jada egur-ustiategi intentsiboak direla, bereziki larria eta zalantzazkoa da Udalak guztion milaka euro esku partikularrei oparitzea, gure mendien ingurumen-degradazioaren bidez etekin ekonomiko pribatuak lortzen jarrai dezaten. Inbertsio publikoak, onura pribatuak, biodibertsitatearen galera. Eta mendietako edozein parke eolikok baino askoz ere ingurumen-inpaktu handiagoa du jarduera honek.

Udalak baso naturalen benetako babesean inbertitzeko alternatibak baditu: ekosistemak lehengoratzeko proiektuak, lurrak erostea, pistei, matarrasei eta egur-ustiategiei mugak jartzea urak hartzeko eremuetan, paisaia-intereseko eremuetan, malda handietan,…

Beste alde batetik, Udal honen greenwhasing eta estraktibismo masiborako tokiko dirulaguntzen politika berri hau EHBilduk 2011an Gipuzkoako ingurumen-politikak zuzentzen hasi zenean hartutako erabakien eta konpromisoen aurkakoa da. Mutrikuko udal-akordioarekin ekologismoari aurre egin nahi diote bioaniztasuna babesteko oinarrizko gai batean.

Azkenik, Eguzki erakunde ekologista eta antinuklearrak akats estrategiko hori zuzentzeko eta indargabetzeko eskatzen dio Mutrikuko Udalari, eta EHBilduri Euskal Herriko baso eta mendien babesarekin bat egiteko. Mutrikuko EHBildu ereduen premian bada, ez du oso urrutira joan beharrik: hor dauka Berriatuko Udala zeinak bere epe luzera plangintza, parte hartze, lur erosketa eta landaketekin, natur ingurunearen kudeaketa ausarta eta eraginkorra egiten ari den.

Hondakinak botatzeari buruzko gogoeta bultzatu nahi du Eguzkik

Uda amaitu berritan, natura gunetan ematen diten hondakin bilketei buruzko salaketa egin dugu. Hain zuzen ere, Ondarroa eta Lekeitio arteko kostaldean biltzen diren hondakin abiapuntu izanik, kartelak ipini ditugu.

Denok mugitzen gara udan, eta zaborrik gabeko gune garbi bat aurkitzea gustatzen zaigu, baina paisaia horiek gure hondakinen presentziak lausotzen ditu, fauna eta florari kaklte larriak eraginez. Batik bat zigarro puntak nagusitzen dira, hain zuzen ere, elikagai ontzien, botilen eta plastikozko poltsen aurretik: Hondakinen %30 zigarro puntak dira, eta zortzi urte baino gehiago behar dituzte deskonposatzeko.

Itsasoa erdigunean. Lurreko ingurune naturalera zaborra botatzeak, gainera, zuzeneko eragina du itsas ekosisteman. Izan ere, itsasoko zaborraren %80 lurrean utzitako hondakinak dira. Itsas kutsaduraren datuak nabarmenak dira: 4,5 bilioi zigarro puntak kutsatzen dute gure planeta, eta 51 bilioi mikroplastikok milaka itsas espezierekin bizi dira mundu osoko uretan, larriki kutsatuz.

Aipatutako datuak oinarri hartuta, ingurune naturalean gertatzen ari denari buruzko gogoeta bultzatu nahi dugu. Hondakinak gordetzea eta geroago edukiontzi egokian botatzea bezalako keinu txiki batek onura handiak izan ditzake ingurumenerako eta guztion bizi kalitaterako.  Hondakinen kopurua, tipologia eta jatorriari buruzko ezagutza garrantzitsua da, eta, horretarako, prebentzio, sentsibilizazio eta hezkuntza kanpainak bultzatu behar dira. Herritarren mobilizaziorik gabe ez da egoera aldatuko.

Markinan Artibai ibaiko olio isurketa salatu du Eguzkik

Atzo [uztailak 20] arratsaldean Artibai ibaian (Markina Xemeinen) olio isurketa bat eman zela salatu du Eguzkik. Herritar batek olio isurketa ikusi, eta jakinarazi egin zuen. Eguzkik informazio hori izanik, salaketa bat jarri du uraren agentzian. Elkartetik jakinarazi dutenez, ez da lehen aldia inguru horretan isurketak egiten direla, hortaz, jarraipen bat egingo diote gertatutakoari.

Bestalde Eguzki taldetik mezu bat zabaldu nahi izan dugu: Herritarrek isurketak eman direla ikusten badute, 112ra deitzea da egokiena. Hain zuzen ere, modu horretan protokolo bat martxan jartzen da, eta errazagoa izaten da isurketaren leku konkretua zehaztea, erantzuna ere arinago izateko asmoz.

Ondarroan garbigune bat ezartzeko eskaera egin du Eguzkik

Eguzki Talde Ekologistak Ondarroan garbigune bat eraikitzeko eskaera egin dio Foru Aldundiko Jasangarritasun eta Natura Ingurune Sailari, hain zuzen ere Josu Bilbaori bidalitako gutun baten bidez. 

Urteak daramatzen dugu eskaeragaz, eta garbigune bat eraiki ezean, gutxienez, txabola finko bat ezartzea beharrezkoa ikusten dugu.

Ondarroako Udalak urteak igaro ditu Bizkaiko Foru Aldundiari garbigune bat eraikitzeko eskaera luzatzen, eta erantzuna beti izan da baikorra, hain zuzen ere,  Ondarroako saihesbidearen obra lanak abian zirela garbigunea ezartzeko proiektua posibleetaz ere hitz egin zen, 2000 urtea baino lehen. Instalatzeko lekua errenteria-auzoa izango litzateke.

 Baina urteak igaro dira, eta oraindik ez da ezer mugitu. Hogei urte baino gehiago itxaroten eman ondoren, uste dugu badela garaia aldarrikapena kontuan hartzeko.

Gaur egun gailu elektriko txikiak (kableak, diskoak, margoak,  lanparak…)  biltzeko zerbitzua eskaintzen du Mankomunitateak hilean behin Lea Artibaiko herri desberdinetatik pasatzen den kamioi edo txabolatxo baten bidez. Baina biltzen den material kopurua oso txikia da.

Hainbat arrazoi egon litezke horren atzean, sistema hauekin herritarrok sarritan ez gara gogoratzen noiz pasatzen den gure herritik bilketa egiten duen kamioia edo txabola. Hortaz, arrazoietariko bat izan daiteke tresna eta  hondakin hauek botatzeko leku finko bat ez izatea. 

Argi daukagu garbigune finko bat ezartzeak, naiz eta txabola txiki bat izan, bildutako material kopurua handiagoa izango litzakeela.  Hain zuzen ere, erreferentzia falta bat dagoelako herrian. Joera nagusia Mutrikuko garbigunera joatea izaten da, badakitelako aukera bat dela, eta bertara  joatea da joera. Hortaz, ez da kontzientzia falta, eskuragarritasun falta bat baizik.

Eguzkik Fiskaltzan salatu du Mutrikun zikoina bat hil dela, itxura guztien arabera elektrokutatua

Mutrikun zikoina bat hilik aurkitu dute eta horren berri eman dio Eguzkik Ingurumen Fiskaltzari. Hegaztiaren gorpua poste elektriko baten pean zegoenez, oso litekeena da elektrokutatua hil izana, eta hori faunaren kontrako delitu ekologikoa litzateke. Ikus bideoa:
VID 20220414 WA0002 Zikoina bat hilik Mutrikun – YouTube
Orain dela egun batzuk, berriz, Gipuzkoako Basozainek twitter bidez ezagutarazi zuten putre bat hilik aurkitu zutela antzeko egoera batean:
(2) Gipuzkoa basozainak en Twitter: «Hildako #saiarrea jasoa, lerro elektriko baten azpian. Zantzu guztien arabera elektrokuzio bidez. Halako kasuetan ezarritako #prozedura jarraitu da lerroa zuzendu eta egon daitezkeen ardurak argitzeko. #gypsfulvus #basozainak https://t.co/RUJXSOTG4A» / Twitter

Kasu hauek agerian uzten dute egokitu gabe jarraitzen duten linea elektrikoek ingurumen arazo larria direla, eta arazoari, Eguzkiren iritziz, ez zaiola behar besteko garrantzirik ematen ari. Kontuan izan behar da 2008ko Errege Dekretu batek lineak egokitzeko agindu zuela.
Izan ere, 2020an, hegaztientzat arriskutsuenak izan daitezkeen linea elektrikoen segimendu eta identifikazioan espezializatutako basozain talde bana sortzeko eta baliabidez ondo hornitzeko eskatu zien Eguzkik EAEko diputazioei. Alferrik eskatu ere.
Talde espezializatu hauen sorrera guztiz bat etorriko litzateke Estatuko Fiskaltza Nagusiak 2019ko abuztuan autonomia-erkidegoei igorri zien ofizioarekin. Ofizio hartan, Fiskaltzak gogorazi zien abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuak konpainia elektrikoak lineak egokitzera behartzen dituela, hegaztien elektrokuzio- edo talka-arriskua gutxitzeko. Hala ere, konpainiek Dekretua betetzeari behin eta berriz uko egin diote. Gauzak horrela, Fiskaltza Nagusiak autonomia-erkidegoei zigorrak ezartzeko eskatzen zien, baita elektrokutatutako hegaztien kasu guztiak Fiskaltzari berari pasatzeko ere, ingurumenaren aurkako delituak izan daitezkeelako. Halaber, ofizio hartan, Fiskaltzak basozainen lana bikaintzat jo eta haien baliabideak hobetzea eskatu zuen.
Baina, esan bezala, gure eskaerak ez zuen aldundien partetik oniritzirik izan.
Ingurumen-arazo larri bezain ezezaguna
Hegazti handientzat, batez ere harraparientzat, latza da linea elektrikoen arazoa; pozoien, tiroen edo auto-istripuen baino are latzagoa. Arestian aipatutako 1432/2008 Errege Dekretuak berak hegazti harrapariak kontserbatzeko arazo nagusitzat jotzen du.
Trantsizio Ekologikoko Ministerioaren arabera, babestutako 33.000 harrapari baino gehiago hiltzen dira urtero Estatuan, linea elektrikoetan. Baina Ministerioaren datuak motz geratzen dira beste iturri batzuei erreparatzen badiegu. Esaterako, Fundación de Amigos del Águila Imperialek Fundación Banco Santanderrekin landiketzan orain dela gutxi egin duen ikerketa baten arabera, Espainiako Estatuan urtero 192.000 eta 337.000 hegazti bitartean hiltzen dira linea elektrikoetan.
Eta Euskal Herrian? Ez dago datu zehatzik. Baina estrapolazio sinple batek agerian uzten du ingurumen-arazo handi baten aurrean gaudela, eta ez zaiola erantzun egokirik ematen ari. Ezkutatuta dago, besteak beste, administrazioek ez diotelako behar besteko baliabiderik dedikatzen. Horra arestian aipatutako gure proposamenaren zergatia.
Eusko Jaurlaritzaren eta Iberdrolaren arteko hitzarmena
Arestian esan bezala, 1432/2008 Errege Dekretuak arauak ezarri zituen konpainia elektrikoek lineak egokitzeko. Konpainiek, ordea, Dekretua betetzeari uko egin zioten urtetan, harik eta ingurumenaren aurkako delitua egiteagatik sententzia batzuk iristen hasi ziren arte.
Testuinguru honetan, 2019ko urtarrilean, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak eta Iberdrolak linea elektrikoak egokitzeko hitzarmen bat izenpetu zuten.
Eguzkiren iritziz, hitzarmena oso berandu etorri zen eta eskasegia da. Oso berandu, Dekretua onartu era hamar urte luze pasatu eta gero etorri zelako. Eskasegia, berriz, hitzarmenaren arabera, Iberdrolak goi-tentsiko 750 dorre egokitu behar zituelako hiru urteetan. Alabaina, Ingurumen Sailak egindako inbentarioaren arabera, egokitu beharreko 7.000 dorre daude EAEko inguru ahuletan, alegia, mehatxupean dauden hegaztiak igaro, ugaldu, elikatu eta kontzentratzen diren eremuetan. Beraz, hiruko erregela egin bezain pronto konturatuko gara arazoa ez dela soilik dorreak egokitzen oso berandu hasi zirela, baizik eta erritmoa bizkortu ezean luze itxaron beharko dugula 2008ko Dekretua beteta ikusi arte.
Laster beteko dira hiru urte hitzarnena izenpetu zutela. Iberdrolak zein Eusko Jaurlaritzak “oso balantze positiboa” egingo dute, nola ez, eta seguruena hitzartu baino dorre gehiago egokitu dituztela ere esango digute. Baina Errege Dekretu hura argitaratu zenetik hamalau urte pasatu direla kontuan izanik, espero dezagun hemendik aurrera Gobernuak, hau da, hitzarmen horretan interes publikoa ordezkatzen duen parteak, hemendik aurrera zorrotzago jokatzea.

EGUZKI, 2022ko apirila

Zuhaitzaren egunaren balorazioa Ondarroan

Larunbat honetan, EGUZKI talde ekologistak, Ondarroako TXIRRIMORRASKI aisialdi taldearekin batera, zuhaitz mota ezberdinak landatuz ospatu genuen Zuhaitz Eguna, guztiak bertakoak, Aieriko paduren inguruan, Artibai ibaiaren ondoan.
Alamedatik landaketa-guneraino, haurrek poltsetan bildu zituzten parean topatzen genituen mota guztietako hondakinak, hala nola latak, maskarak, janari poltsak,…
Lotsagarria zen zenbat zabor biltzen genuen. Amaitzean, bildutako gehiena birziklatu genuen.
Irteera horretan, natura errespetatzen eta hain zikinak ez izaten ikasi, lurrera bota eta gero beste pertsona batek jaso  ez dezan edo hondakin horiek itsasadarrera joan ez daitezen. Eta beste alde batetik, zuhaitzak landatzen ikasi zuten.

Ondarroan kalatxoriak tiroz hilda agertu direla salatu dugu 

Ondarroako Eguzkik publikoki salatu nahi du gure herrian kaioak karabinarekin hiltzen duen pertsona bat dagoela.

Hilda aurkitu diren aleak aurkitu direnez, erraz ondoriozta daiteke pertsona hori bizi den eremua. Hori dela eta, Udaltzaingoari jakinarazi diogu.

Ez digu batere graziarik egiten animaliak halako modu krudelean hiltzeak, dibertsio hutsez. Gainera, hildako aleez gain, zaurituen kopurua ere handiagoa izango da.

Gure herrian kaio kopuru handia dagoenez, pertsona batzuek uste dute izurrite bat direla. Baina ez da horrela. Egia esan, kaio espezie ezberdin askoren multzoa da. Eta horiek guztiak gure kostaldeko puntu jakinetan biltzen dira, haien kopurua askoz handiagoa dela ematen baitute.

Ondarroan dagoen kaio kolonia hain da garrantzitsua, ornitologo askoren topagune baita. 2016an ornitologo kaiozaleen topaketa egin zen, Laridays izenekoa. Latitude hauetan oso ale arraroak ikusi ahal izan ziren, hala nola Estatu Batuetatik, Kanadatik edo Ukrainatik etorritako kaio batzuk.

Bestalde, gomendatzen dugu ez ematea jaten, ez eta hiriko faunatzat hartzen den beste edozein animaliari ere, hala nola ahateei eta katuei, kaioek jateko aprobetxa ditzaketenak.

Ikerketaren batek Ondarroan kaio populazioa beste edozein lekutan bezala hartuko balu izurrite gisa, ale kopurua murriztu ahal izango litzateke hainbat metodo erabiliz, gordinak izan gabe.


 

Crea un blog o un sitio web gratuitos con WordPress.com.

Subir ↑