Buscar

Lea Artibaiko Eguzki

Categoría

PTP

Urberuaga-Ondarroa errepidearen inguruan gogoeta batzuk

Prentsaren bidez jakin dugu Bizkaiko Foru Aldundiak ez duela Urberuaga, Ondarroa eta Lekeitio artean errepide berririk egingo, krisi ekonomikoa pasatu arte behintzat.

Batetik, notiziak penatu egin gaitu, hurrengo urteetan ere orain daukagun errepide eskasetik ibili beharko baikara atzera eta aurrera. Baina, bestetik, lasaitu ere egin gaitu, horrek errepide berri horri buruz eztabaidatzeko eta gogoeta egiteko denbora emango digulako.

Gure eskualdeko errepide nagusiak zahartuta daudela eta berritu egin behar direla eskualdeko herritar gehienok onartzen dugun begi-bistako zerbait da. Kontua da, ea zelan berritu behar diren errepide horiek.

Aldundian agintzen dutenek mapa hartu eta lerro bat markatu dute puntu batetik bestera. Puntu horien artean dauden “oztopo” orografiko guztiak tunelen eta zubien bitartez gainditzeko asmoa daukate errepide berria egiteko. Euren proiektuan ez dira kontuan hartu obra horrek sortzen dituen hondakin eta zarata piloa, txikitzen dituen akuiferoak, basoak, nekazal lurrak, errekak… Diputaziokoentzat baliabide naturalak oztopo bat baitira.

Guk ere errepide hori berritzea nahi dugu, baina gaur egungo trazatua erabilita eta konponduta, ahal den neurrian. Horrek obraren inpaktu ekologiko, sozial eta ekonomikoa asko gutxituko luke. Gainera, berritze hori inguruotako herritar eta baserritarren iritzia kontuan hartuta planifikatu beharko litzateke. Eta beti ere eskualdeko ikuspegia galdu barik, egiten ditugun joan-etorri gehienak eskualde barrukoak izaten dira eta.

Guk gure iritzia argi daukagu, eta herritarren artean zabaltzen ahaleginduko gara. Basoak, zelaiak, errekak eta akuiferoak apurtu beharrik ez dago. Gaur egungo errepidea konpondu, zabaldu eta hobetu behar da, errebueltak eta aldapak kenduta, baina bere trazatua ahalik eta gehien aprobetxatuta. Bizikletan ibili ahal izateko lekua ere egin behar da alboetan.

Eztabaida hasteko ordua da. Eztabaida horretan geure eskualdeko antolamendua zelakoa izan behar den erabaki behar dugu. Eta, garrantzitsuena, Diputazioak gure eskualdean hartzen diren erabakiak errespetatu beharko lituzke.

Anuncios

Lekeitioko saihesbidea: errepide bat baino gehiago

Informazio gehiago hemen

Blog de WordPress.com.

Subir ↑