Arantxa Tapia Ekonomia Garapeneko sailburua eta Antonio Aiz Ura agentziako zuzendaria Mutrikun egon dira asteburuan Ion Gambra EAJko alkategaia babesten. Ekitaldian zera esan dute, Mijoako saneamendu-proiektua eta horrekin lotuta dagoen bidegorria “lehenbailehen” gauzatu egin behar direla eta legeladi berrian Mutrikuko alderdi jeltzalearen lehentasuna izango direla. Seguru sinetsiko diguzuela esaten badizuegu gure harridura-gaitasuna dagoeneko nahiko mugatuta dagoela. Hala ere, aitortuko dugu oraingoan ere lortu dutela gure harridura-gaitasunaren muga pixka bat harago eramatea. Izan ere, orain lehentasuntzat jotzen dituzten bi proiektu horiek dira urte hauetan guztietan, 2011tik, behintzat, atzeratzen eta atzeratzen joan diren berberak. Horra hauteskunde-kanpainaren magia.

Bai, 2007an, herri-erakundeek Gipuzkoan 2011 bitartean hainbat lan hidrauliko egiteko akordio bat sinatu zuten. Horietako bat Mijoako saneamendua izan zen. Baina Eusko Jaurlaritzak ez zuen bete proiektuaren % 75 finantzatzeko konpromisoa. Beraz, 2011a iritsi zen eta lan hori egin gabe geratu zen.

Plan Hidrologikoak (2016) Mijoako saneamendua berriro programatu zuen, oraingoan 2016-2021 aldirako. Urteak aurrera joan ziren eta proiektuak egin gabe jarraitu zuen.

2021eko otsailean, berriz, Urak proiektua idazteko lizitazioa iragarri zuen. Prentsan honelako titularak irakurri ahal izan genituen: “El presente año será para configurar los proyectos y 2022 para actuar sobre ellos en Mijoa” (2021ean proiektuak idatzi eta 2022an gauzatuko ditugu Mijoan). Baina 2022a ere pasa zen, eta Mijoan saneamendu-arrastorik ez. Eta hara non orain esaten diguten datorren legealdian baietz. Jakina, izatekotan, datorren legeladian izango da, oraingo hau dagoeneko bukatu baita, lanak lizitatu gabe bukatu ere.

EAJ da, ezbairik gabe, proiektu hauek metatu duten atzerapen “historikoaren” arduradun nagusia. Orain, berriz, inolako autokritika-zantzurik agertu gabe, amu gisa erabiltzen ditu hausteskunde-kanpainan. Hori iruditzen zaigu harrigarriena, lotsa minimorik ere ez izatea. “Mijoako erreka bere onera itzultzeko pausuak eman behar ditugu, horrekin batera etorriko delako Saturrarango hondartzako uraren kalitatea hobetzea ere”, esan du alkategai jeltzaleak, urteak pasatu izan ez balira bezala eta proiektuaren garrantziaren jabe bat-batean egin izan balitz bezala.

Baina non egon dira jeltzale guzti hauek orain arte? 2011 ezkeroztik, hamarnaka isurketa izan dira Mijoan. Adibide gisa  2020. urtea hartzen badugu, urte hartan –Aran Tapiak nahiz Antonio Aizek egungo arduren kargu hartu zuten eta Ion Gambra honezkero Mutrikuko zinegotzia zen– 7 isurketa gertatu ziren gutxienez bizizlagunek, Mutriku Natur Taldeak edota Eguzkik salatuak. 7 isurketen ostean ez zuten hitzik esan, eta larriagoa dena, inongo neurririk ere etzuten hartu. Orain, pertsona berak datoz “Mijoa salbatzera”, zeinen garrantzitsua den adieraziz baina inongo konpromiso errealik gabe: data zehatzak, aurrekontuak, inbertituko den diru kopurua…

Beti esan dugu inoiz ez zaigula axola izan politikari batzuek pentsatzea gainerako guztiok baino azkarragoak direla. Onartu behar ez genukeena zera da, gainerako guztiok zeharo ergelak bagina bezala tratatzea.

Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearra, 2023ko maiatza