Duela gutxi, alarma piztu da Mutrikuko Udalak, EHBildu eta EAJren aldeko botoekin, herriko aisialdiko eta profesionalen egur-ustiategien jarduerak eta gastuak finantzatzeko hartutako erabaki harrigarriaren ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak jabe pribatuei urtero ematen dizkien milioi euroak %100eraino osatuz.

Ingurumen-mehatxu berri hau bat dator egurgintza intentsiboaren lobby-aren tesiekin.

Jakina da EAEko baso naturalen %75a desagertu egin dela. Eta krisi ekologiko eta klimatiko honetan, gogoratu behar da egurraren ekoizpen-eredu intentsiboaren erantzukizuna bioaniztasunaren galeran, baso eta mendietan, lurzoruetan, eremu babestuetan, flora eta faunako espezieetan, ibaietan, uraren kalitatean eta abarretan. Eta Mutrikun guzti hauek diru publikoarekin finantzatuko dituzte, ingurumenaren aurkako dirulaguntzak baitira.

Kontuan izanik Mutrikuko udalerriak dituen 2.763 hektareatan ez dagoela mendi publikorik, eta 1.178 ha jada egur-ustiategi intentsiboak direla, bereziki larria eta zalantzazkoa da Udalak guztion milaka euro esku partikularrei oparitzea, gure mendien ingurumen-degradazioaren bidez etekin ekonomiko pribatuak lortzen jarrai dezaten. Inbertsio publikoak, onura pribatuak, biodibertsitatearen galera. Eta mendietako edozein parke eolikok baino askoz ere ingurumen-inpaktu handiagoa du jarduera honek.

Udalak baso naturalen benetako babesean inbertitzeko alternatibak baditu: ekosistemak lehengoratzeko proiektuak, lurrak erostea, pistei, matarrasei eta egur-ustiategiei mugak jartzea urak hartzeko eremuetan, paisaia-intereseko eremuetan, malda handietan,…

Beste alde batetik, Udal honen greenwhasing eta estraktibismo masiborako tokiko dirulaguntzen politika berri hau EHBilduk 2011an Gipuzkoako ingurumen-politikak zuzentzen hasi zenean hartutako erabakien eta konpromisoen aurkakoa da. Mutrikuko udal-akordioarekin ekologismoari aurre egin nahi diote bioaniztasuna babesteko oinarrizko gai batean.

Azkenik, Eguzki erakunde ekologista eta antinuklearrak akats estrategiko hori zuzentzeko eta indargabetzeko eskatzen dio Mutrikuko Udalari, eta EHBilduri Euskal Herriko baso eta mendien babesarekin bat egiteko. Mutrikuko EHBildu ereduen premian bada, ez du oso urrutira joan beharrik: hor dauka Berriatuko Udala zeinak bere epe luzera plangintza, parte hartze, lur erosketa eta landaketekin, natur ingurunearen kudeaketa ausarta eta eraginkorra egiten ari den.